'Piztiak' fabula, 2026rako

Amancay Gaztañagak eta Xanti Rodriguezek 'Piztiak' euskarazko telesaila grabatu dute. Xehetasun batzuk eman dituzte gaur Seriesland jaialdian. Primeran plataformak datorren urtean estreinatuko du.

'Piztiak' telesailaz aritu dira Amancay Gaztanaga eta Xanti Rodriguez, gaur, Bilbon. MARISOL RAMIREZ / FOKU
'Piztiak' telesailaz aritu dira Amancay Gaztanaga eta Xanti Rodriguez, gaur, Bilbon. MARISOL RAMIREZ / FOKU
urtzi urkizu
Bilbo
2025eko azaroaren 7a
18:40
Entzun 00:00:00 00:00:00

EITB taldeak Formatu txikiak, talentu berriak izenburuko deialdia egin zuen duela hilabete batzuk, eta, horri esker, zazpi fikzio grabatuko dituzte Primeran plataformarako. Horietako bat izango da Piztiak telesaila. Amancay Gaztañaga eta Xanti Rodriguez dira lan horren sortzaile eta zuzendariak, eta joan den astean amaitu zituzten grabaketak. Bilboko Seriesland jaialdiaren jardunaldi profesionalean eman dituzte telesailaren inguruko xehetasun batzuk. Gaztañagak iragarri duenez, 20-25 minutuko sei atal izango ditu.

Piztiak telesailaren istorioa ez da nolanahikoa, Gaztañagak kontatu duen moduan. «Baserri batean gertatutako zerbait kontatuko dugu. Benetako gertaera batzuk daude oinarrian: baserri baten obra batzuetan, hezur batzuk aurkitu zituzten. Fetoen hezurrak ere baziren. Garai batean, legez kanpoko abortuak egiten zituzten baserrietan, eta hor tartean, emakumeen inguruko istorio isilaraziak izan dira». Fikzioa eta garai bateko istorioak uztartuko dituzte bertan. Gainera, pertsonaietako batek Airbnb plataformaren bidez alokatuko du baserria, eta egoera horrek ere izango du zeresana telesailean.

Iraia Elias da fikzioko aktore protagonista. Gaztañagak nabarmendu duenez, 35 aktore inguruk parte hartu dute. Ataletako batean, Yune Nogueirasek —Gaua filmeko protagonista da— jokatzen du rol nagusia.

Xanti Rodriguez efektu berezietan aditua da, eta beste film labur batzuetan lan egin izan du Gaztañagarekin. «Efektu berezien arloa kontrolatua daukat. Baina diruarena ez genuen kontrolatua, eta horrek kezkatu gaitu gehien». Gaztañagak ere «diruaren munstroa» izan du hizpide. Izan ere, EITBren deialdiak telesailaren aurrekontuaren parte bat bete du. Baina halako bi kostatuko zaie telesaila aurrera eramatea, eta beste finantzaketa modu batzuk bilatu behar izan dituzte. Rodriguezek esan du EITBren deialdi hori egin izan ez balitz ezin izango zutela telesaila egin. Hobari fiskaletan aditua den profesional baten laguntza izan dute, bestalde.

Euskara hutsean egin dute telesaila. Lantalde osoa euskalduna izan dela azaldu du Gaztañagak, eta euskaraz egin dutela lan. «Baina tokikoa unibertsala da». 

Era berean, Maria Basagoiti EITBko dokumental eta fikzio koprodukzioen zuzendariak nabarmendu du euskarazko telesailak «nazioartekotu» egin daitezkeela. «Piztiak edozein tokitan ikus dezakete. Euskaraz izateak ez du esan nahi bidaiatu ezin dezakeenik». Basagoitik iragarri du datorren urtean berriro egingo dutela Formatu txikia, talentu berria deialdia, eta saiatuko direla fikzioentzat diru gehiago ematen.

Rodriguezen arabera, zientzia fikzioa duen fabula bat da Piztiak. «Atal batzuk film laburren modukoak dira, hasi eta buka. Eta atal batzuk plano-sekuentzia moduan filmatu ditugu. Argazkia egitea oso dibertigarria izan da». Gaztañagak zera iragarri du: «Atmosfera bat dago telesailean, non dena pasatu daitekeen. Eta ikusleek beldurra ere pasatuko dute».

Hobari fiskalak

Seriesland jaialdiko jardunaldi berean, finantzaketa publikoaz eta zerga pizgarriez mintzatu dira. Agustin Atxa Bilbo Bizkaia Film Commissioneko zuzendariak azaldu du iaz Bizkaian 28 film eta 11 telesail grabatu zirela. Hobari fiskalei esker gertatu da hori. «Ikus-entzunezkoetan lanean ari direnen kopurua %50 ugaritu da». Ainhoa Gonzalez Europa Creativa Desk Media Euskadiko arduradunak euskal proiektuak «nazioartekotzearen» alde egin du. Eta BDCCko Sandra Barriok sortzaileei proposatu die laguntzak eskatzeko erakundeei. «Sektorea garai gozoan da», adierazi du Barriok.

Bilboko Seriesland jaialdia
Rose of Dolls, Agustin Atxa, Ainhoa Gonzalez eta Sandra Barrio, gaur, Bilboko Seriesland jaialdian. MARISOL RAMIREZ / FOKU

Hobari fiskalen inguruan mintzatu dira, halaber, Ritxi Lizartza ekoizlea eta LKS aholkularitza enpresako Irene Gonzalez.

Nazioarteko proiektuen sortzaileekin ere egin dute solasaldi bat. Young Man Kang, Csongor Dobrotka eta Sened Dhab mintzatu dira horretan.

11. Seriesland jaialdia sariak banatzeko ekitaldiarekin amaituko da bihar, larunbata, Guggenheim museoan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.