Euskal Wikilarien Kultur Elkarteak Euskal Herriko historia 100 objektutan podcasta sortu du, izen bereko egitasmoaren barnean. Hamar euskal idazleren laguntzarekin egiten ari dira, BERRIArekin elkarlanean, eta gaurtik aurrera lehen atala entzuteko moduan dago egunkariaren webgunean.
Euskal Herriko historia 100 objektutan egitasmoan bildutako objektuen istorioak kontatuko dituzte podcast horretan. «Letra larriz idazten den historiatik pixka bat aldendu eta hurbilagokoak egiten zaizkigun kontakizunak sortu nahian ariko gara», iragarri dute wikilariek.
Entzun berria
Podcastaren gidoiak hamar idazle hauek sortu dituzte: Harkaitz Cano, Aintzane Usandizaga, Iñigo Aranbarri, Garbiñe Ubeda, Joseba Sarrionandia, Danele Sarriugarte, Eneko Bidegain, Cira Crespo, Eneko Barberena eta Amets Arangurenek. Objektu bakoitzaren ibilbidea eta esanahia kontatuko dituzte, historian izan duten erabilerari eta balioari «hurbilagoko ukitu bat» gehituz.
Intza Alkain aktoreak jarri dio ahotsa atal bakoitzari. Ekoizpena, berriz, BERRIArekin elkarlanean eraman dute aurrera.
Aranbaltzeko lurra zulatzeko makila
Gaur, aurreneko atalean, Bizkaiko kostaldera joango dira, Barrikara, Cira Crespo historialari eta BERRIAko kolaboratzailearen gidoiaren eskutik. Han, Aranbaltzeko lurra zulatzeko makila ezagutuko dute. «Paleolitoko egurrezko makila batek zer kontatu ahal digu gure historiari buruz? Nola iritsi ote da gaur eguneraino?», galderak egingo ditu Alkain aurkezleak. Istorioa osorik entzun nahi duenak BERRIAren webgunera jo beharko du. Podcastaren atalak ehunobjektu.eus webgunean ere sareratuko dituzte.
Gainera, webgune horretan bertan topatu ahalko dute herritarrek Euskal Herriko historia 100 objektutan proiektuari buruzko informazio guztia. Besteak beste, proiektuaren edukiak hainbat euskarritan izango dira eskuragarri: idazleek sortutako literatur testuak, Wikipediako artikuluak, Txikipediako bertsio egokituak eta Wikimedia Commonsen objektu bakoitzaren irudi galeria bat.
Gaztetxoentzako komiki bat
Euskal Wikilarien Kultur Elkarteak 2024-2027 egitasmoan jarri zuen martxan objektuen gaineko proiektua, «euskarazko ezagutza librea zabaltzen jarraitzeko asmoz eta Euskal Herriko ondare historikoa ikusgarri egiteko helburuarekin». Objektuen zerrenda osatzeko, museoak, galeriak, liburutegiak, artxiboak eta beste erakunde batzuk izan dituzte bidelagun. «Egitasmoa munduko beste herrialde batzuetan garatutako zenbait proiektu arrakastatsutan oinarritzen da».
Ikusi gehiago
Podcasta ez da berritasun bakarra izango. Euskal Herriaren historia neska-mutikoengana gerturatzeko asmoz, objektu bakoitzarekin landutako komiki bat ere argitaratuko dute. Bihar hasita, asteazkenero, podcastean aipatutako objektua ekarriko dute komikiek, marrazkiz eta kolorez jantzita. Eñaut Aiartzaguenarekin elkarlanean egingo dituzte komikiak, Ikasi Otsorekin izenburupean. Txikipediaren erabiltzaileentzat lehendik ere ezaguna da Otso pertsonaia, eta hori izango da komikien protagonista. Pertsonaia horrek ehun objektuak modu grafiko, erakargarri eta ulergarrian azalduko dizkie haurrei eta gazteei. «Komikia gure ondarera eta historiara gerturatzeko leiho bat izatea da asmoa», azaldu dute Euskal Wikilarien Kultur Elkarteko ordezkariek.
Komikiak ehunobjektu.eus webgunean izango dira eskuragarri, baita Txikipedian eta Euskarazko Wikipediaren sare sozialetan ere. Mastodonen @euwikipedia eta @Txikipedia dira jarraitu beharreko kontuak. Euskarazko Wikipediaren Telegrameko kanalean ere eskura izango dira komiki guztiak.