BERRIAk Bertsolaritza: denboraren joanean irautea dokumentala estreinatu zuen irailaren 16an. Bost atalez osatutako dokumentala da, eta gai hauek landu dituzte: bertsogintzaren kontzeptualizazioa, genero disidentzia, bertsotarako gaiak eta gai jartzaileak, plazak, eta bertsolaritzaren etorkizuna. Eta astez aste joan ziren atalak zabalduz BERRIAren Youtubeko kanalean. Asteazkenetik aurrera, berriz, dokumentalaren atal guztiak podcast formatuan entzuteko modua izango da —bakoitzak ordu erdi inguru irauten du—. Euskarazko egunkariaren webgunean eta ohiko audio plataformetan jarriko dute dokumentalaren audioa. Egun berean sareratuko dituzte bost atalak.

Iratxe Muxika Karrion eta Miren Mujika Telleria kazetariak ari dira Euskal Herriko Bertsolari Txapelketaren berri ematen BERRIA egunkarian. Haiek aritu ziren dokumentalaren gidoia lantzen ere; ikus-entzunezko lantaldea arduratu zen edizioaz eta gainerako lanez. «Bertsolaritzak adar ugari ditu, eta horietako batzuk ditu hizpide dokumentalak», azaldu zuten egunkariko bi kazetariek, dokumentala estreinatu bezperan. «Txapelketa da adar horietako bat, eta horren gaineko hainbat gai jorratuko ditugu dokumentalean».
Finalerdiak, zuzenean BERRIAn
Euskal Herriko Bertsolari Txapelketari bertatik bertara erreparatzen ari zaizkio BERRIAko kazetariak. Ez hori bakarrik; joan den larunbatean, finalaurrekoak zuzenean ematen hasi ziren webgunean.
Hori gutxi balitz bezala, txapelketaren berri ematen ari diren kazetariek zuzeneko kontakizuna egiten dute, idatziz, egunkariko webgunean bertan. Saioa egiten den tokitik bertatik, gainera, asteburu guztietan. Era berean, saio bakoitzaren kronika osatua webean zein paperezko edizioan irakurri ahal da asteburuero. Gorka Azkarateren analisiak ere ez dira falta izaten.
Gaur jokatuko dute finalaurrekoetako bigarren saioa, Eibarko Ipurua kiroldegian (Gipuzkoa). ETBren seinalea erabiliz, BERRIAk zuzenean emango du saioa, 17:00etan hasita. Kantuan, bertsolari hauek ariko dira: Alaia Martin, Asier Azpiroz, Nerea Ibarzabal, Miren Artetxe eta Oihana Iguaran. Gai emaile, berriz, Egoitz Alkortak jardungo du.
Sarrera guztiak amaitu dira. Baina gaur Eibarren izaterik ez duen bertsozaleak, dena den, saioa ikusi ahalko du bai BERRIAren webgunean eta bai ETB2 On telebista katean —martxoaren 18aren aurretik ETB4 katea zena— eta ETB On plataforma digitalean. ETB1eko Hitzetik hortzera saioan txapelketaz ariko dira bihar, 15:00etan. Eta Bertsoa.eus webgunean gaurko saioko bertsoaldi onenak entzuteko modua ere izango da datorren astelehenetik aurrera.