Euskal Herriko Bertsolari Txapelketako finalaurrekoak zuzenean emango ditu BERRIAk

BERRIAren webgunean ikusi ahalko dira finalaurreko saio guztiak, larunbat honetan hasita. Kazetariek zuzeneko kontakizuna ere egingo dute.

Saioa Alkaiza kantuan, urriaren 3an, Donapaleun. BERTSOZALE ELKARTEA
Saioa Alkaiza kantuan, urriaren 3an, Donapaleun. BERTSOZALE ELKARTEA
urtzi urkizu
2026ko urriaren 22a
12:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Beste fase batean sartuko da etzi Euskal Herriko Bertsolari Txapelketa. Joan ziren lehen fasekoak, eta datozen asteetan finalaurrekoetako saioetan ariko dira sailkatutako 24 bertsolariak. Larunbatean jokatuko da lehena, Larraun-Lekunberriko (Nafarroa) Plazaola kirolgunean, 17:00etan. Sarrera guztiak agortu dira. Baina han egon ezin duenak badu beste aukerarik saioa ikusteko: BERRIAk finalaurreko saio guztiak emango ditu bere webgunean, zuzenean. ETBren seinalea erabiliko du horretarako.

Hori gutxi balitz bezala, txapelketaren berri ematen ari diren kazetariek zuzeneko kontakizuna egingo dute, idatziz, egunkariko webgunean bertan. Saioa egiten den tokitik bertatik, gainera, asteburu guztietan. Era berean, saio bakoitzaren kronika osatua webean zein paperezko edizioan irakurri ahalko da. Eta Gorka Azkarateren analisiak ere ez dira faltako.

Lanketa berezia egiten ari da euskarazko egunkaria txapelketan. Gauzak horrela, ostegunetan eta larunbatetan erreportaje bereziak irakurriko ahalko dira webean zein paperean —haietako batzuek bideoak ere izango dituzte—. Eta finalerdietako lehen itzuliko saioen irabazleei elkarrizketak egingo dizkiete; lehen lau saioetakoei, alegia. Bideo analisiak ere egingo ditu Iratxe Muxika Karrion kazetariak. Miren Mujika Telleriarekin batera ariko da finalerdietako saioen kontakizuna eta lanketa egiten.

Larunbatean jokatuko da Euskal Herriko Bertsolari Txapelketako finalaurrekoetako lehen saioa. Kantuan ariko dira Saioa Alkaiza, Amets Arzallus, Xabat Galletebeitia, Beñat Gaztelumendi, Xabat Illarregi eta Gorka Pagonabarraga. Gai jartzaile lanetan, berriz, Aizpea Garmendia ariko da.

Hurrengo finalerdietako saio guztiak ere BERRIAren webgunean ikusi ahalko dira. Eta saio horietan puntu gehien lortzen dituzten zazpi bertsolariek kantatuko dute Maialen Lujanbiorekin batera abenduaren 20ko finalean, Iruñean. Final horretan ere ahalegin berezia egingo du egunkariak.

Txapelketaren berri izateko modu gehiago

Larunbat honetako saioa eta datozen asteetan jokatuko direnak ETB2 On telebista katean —martxoaren 18aren aurretik ETB4 katea zena— zein ETB On Internet bidezko plataforman ikusi ahalko dira zuzenean, baita Bertsoa.eus atari digitalean ere.

ETB1 kateko Hitzetik hortzera bertsolaritza saioan txapelketaren nondik norakoak jorratzen ari dira azkeneko asteetan. Hala egingo dute finalerdien faseak irauten duen bitartean ere. Igandero 15:00etan ematen dute programa hori. Ondotik, ETB On plataforman ere ikus daitezke atalak.

Saio bakoitzeko bertsoaldiak, bestalde, Bertsoa.eus atarian jarriko dituzte ikusgai.

Euskarazko komunikabide gehiagok ere emango dute txapelketaren berri datozen egunetan eta asteetan. Naiz Irratiak zuzenean emango ditu saio guztiak, abenduaren 20an Nafarroa Arenan jokatuko den finala barne.

Argia aldizkariak badu berrikuntza bat: datorren astelehenetik aurrera, BTLN, Betelana bideopodcasta egingo dute. Kamera aurrean Oihana Arana bertsolari eta BERRIAko zutabegilea, Asier Galarza, Danele Sarriugarte eta Lide Arregi jarriko dira, asteburuko bertso saioaz hitz egiteko. Astero astelehen iluntzetan (20:00) sareratuko dute bideopodcasta Argia.eus webgunean. Aurkezle lanak egingo ditu Sarriugartek, eta beste hiru bidaideak —bertsolariak dira hirurak— finalaurrekoak komentatzen ariko dira. Saioaren sintonia Tapia eta Leturiaren Astotxo bat baneuko kantuan oinarrituta dago, eta Malakiasek egin du birnahasketa. Oihana Aranak idatziz ere egingo ditu analisiak Argia-rentzat.

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA