'Natura bizia' dokumentalaren eta saioaren zuzendaria

Lexeia Larrañaga: «Beti eduki behar dugu presente klima larrialdia hor dagoela»

Ingurumen Komunikazioaren Saria emango dio Kazetarien Euskal Elkargoak 'Natura bizia' dokumentalari gaur, Bilbon. BBK aretoan egingo dute sariak banatzeko ekitaldia, 19:00etan.

Lexeia Larrañaga 'Natura bizia' dokumentalaren zuzendaria. ARITZ LOIOLA / FOKU
Lexeia Larrañaga 'Natura bizia' dokumentalaren zuzendaria. ARITZ LOIOLA / FOKU
urtzi urkizu
2025eko azaroaren 5a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

2012an Avis Producciones ekoiztetxea sortu zuen Lexeia Larrañagak (Bergara, Gipuzkoa, 1985), Alex Gutierrezekin batera. Gutierrez da Natura bizia-ko argazki zuzendaria.

Dokumentala duela lau urtekoa izaki, ezusteko handia hartu al duzue saria emango dizuetela jakindakoan?

Bai, ezustean hartu dugu. Baina inoiz ez da berandu horrelako sari bat jasotzeko. Egindako lanari balioa ematen zaio, eta jende gehiagori erakusteko modu bat da.

Natura bizia-ren mezua bizirik dagoen seinale, ezta?

Hori da. Herriz herri proiekzioak egiten ari gara oraindik. Eta ETBn ere urtero ari dira Natura bizia dokumental saioa ematen. Lan hori gustuko duen jendea bada hor atzean.

Lantalde sendoa osatu zenuten saioa egiteko.

Baina ez da erraza naturan lan egitea. Asko gustatu behar zaizu, eta animaliak ez dira aktoreak. Kamerari on bat aurkitzea ez da erraza. Zenbaitetan ordu asko pasatu behar dira animalia bat noiz agertuko zain.

Dokumental saioa egin ahal izateko urte asko behar izan zenituzten?

Hiru urte. Filmak 81 minutuko iraupena du. Eta dokumental saioak zortzi atal ditu. Bederatzi ordu inguru dira orotara. Ez gaude Afrikan; hemen natura oso ederra da, baina animaliak ez dira hain erraz ikusten, ezkutuan ibiltzen dira.

Alberto Iñurrategi aurkezle izateak ikusle askoren arreta erakarri zuen?

Uste dut baietz. Iñurrategi mendiarekin lotuta ibili izan da beti, eta profil polita zuen. Hari ere gustatu zitzaion naturara gerturatzea. Ondo pasatu zuen, eta gauza asko ikasi zituen. Ikerlari eta zientzialari asko elkarrizketatu zituen, gainera. Euskal Herriko ekosistema desberdinetan ibili zen.

«National Geographic-ek 'Natura bizia' filmaren eskubideak erosi zituen, eta munduko hainbat herrialdetan ari dira ematen gaur egun»

Klima larrialdiaren gaiari tentuz heldu zenioten. Ezin da hori albo batera utzi.

Ez, errealitatea baita; hor dago. Beti eduki behar dugu presente klima larrialdia hor dagoela. Orain udazkenean gaude, eta euri oso gutxi egin du. Udan beroaldi gero eta handiagoak ditugu. Horrek guztiak eragina du ekosistemetan, eta guk natura behar dugu. Kontziente izan behar gara klima aldatzen ari dela, eta gu garela horren eragile nagusia.

Lexeia Larranaga Natura Bizia dokumentalaren zuzendaria
Lexeia Larranaga 'Natura bizia' dokumentalaren zuzendaria, urriaren 30ean, Durangon. ARITZ LOIOLA / FOKU
Euskarazko bertsioa eta gaztelaniazkoa dituzte filmak zein saioak. Zein ahots erabili zenituzten?

Filmean, euskarazko ahotsa Kiko Alvarezek jarri zuen; eta gaztelaniazkoa, Jose Maria del Riok. Dokumental saioan, Ana Bego Egileorrek jarri zuen euskarazko ahotsa; eta gaztelaniazkoa, Elena Zudairek. Kostatu egin zitzaigun euskaraz egiten zuten zientzialariak aurkitzea, eta emakumeak are gutxiago ziren. Horregatik, argi genuen dokumental saioaren narratzaileak emakumea izan behar zuela.

Gaur Bilbon jasoko duzuen sariak gertura dezake Euskal Herriko ikusle berriren bat saiora?

Ondo etorriko zaigu. Naturaren balioa nabarmentzeko ere ona da saria. Garrantzitsua da inguruan daukaguna ezagutzea. Kostaldetik Pirinioetara dauden ekosistema guztietan milaka animalia daude, eta ikusleak harrituta gelditzen dira gure lana ikusten dutenean. Kontraste handiak daude. Galzorian dauden animaliak ere badaude; saioan, kasurako, aukera izan genuen bisoi europarra filmatzeko.

Euskal Herritik kanpo ere ari da jendea dokumentala ikusten?

Bai, kontuan izan National Geographic-ek filmaren eskubideak erosi zituela. Munduko herrialde askotan ari dira ematen, bi ataletan, Natural treasures izenburupean. Hainbat hizkuntzatara itzuli dute, gainera.

Avis Producciones ekoiztetxean zer beste lanetan ari zarete orain?

Gasteizko, Bilboko eta Donostiako natura erakutsiko duen lan batean ari gara. Hiri horietan bizitzera egokitu diren landare eta animaliak erakutsiko ditugu.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.