Egonkortu egin da Mihiluze. «Aurkezleak ere egonkortu egin dira; Ilaski Serranok eta Antton Telleriak oso ondo hartu zuten bat hasieratik, eta orain erabatekoa da bat egite hori», esan du Xabier Zapirain Orio Produkzioak ekoiztetxeko arduradunak. Izan ere, lehiaketaren bigarren fasearen laugarren denboraldia bihar hasiko da ETB1en. Ohi bezala, euskarazko kateak astelehenetik ostegunera emango du Mihiluze, 21:30ean.
Zapirainek nabarmendu du iazko denboraldia «oso ona» izan zela. Bigarren faseko onena, ikus-entzule datuei dagokienez. Aurreko denboraldian hemeretzi ataletan aritu ziren bi lehiakide azalduko dira datozen egunetan: Beñat eta Nerea. Dagoeneko 9.500 euro irabazi zituzten aurreko ikasturtean. Eta saiatuko dira zakua eramaten. Ez nolanahiko zakua: 19.250 euro dituen zakuarekin ekingo baitiote denboraldiari.
Lehiaketako jokoetan apenas izango den aldaketarik. Iazko formulari eutsiko diote. Sakelako aplikazioari dagokionez, berriz, izango da berrikuntza handi bat: hilabeteko lehiakiderik onenak landetxe batean bi lagunek asteburuko egonaldia egiteko saria irabaziko du. «Jokalari erregularrak sarituko ditugu. Hileko egun guztietan jokatuta, aukera handia egongo da irabazteko», gaineratu du Zapirainek. Asteko irabazleek saioko kamiseta irabaziko dute aurten ere. «Euskal Herriko kaleak Mihiluze-ren kamisetez betetzea nahiko genuke».
FesTValen saritu dute
Irailaren 6an, Gasteizko FesTVal jaialdian sari bat jaso zuen Mihiluze lehiaketak. Kike Amonarriz saioaren sortzaileak hartu zuen hitza, eta Mihiluze euskararekin jolas egiteko lehiaketa dela azaldu zuen. Palestinako eta Gazako egoerari aipamena ere egin zion. «Saria oso pozik jaso genuen», dio Zapirainek.
Saioko zuzendaria denboraldi honetan Julen Imaz da. Lantaldeak Mihiluze-ren espiritua «oso barneratua» duela nabarmendu du Zapirainek.
Orio Produkzioak ekoiztetxeko arduradunak aipatu du, bestalde, ikasturte hasieran kostatu egiten dela jendeak parte hartzeko izena ematea. «Nagusiki Gipuzkoako eta Bizkaiko lehiakideak etortzen dira. Deia egin nahiko genuke Arabako, Nafarroako eta Iparraldeko lehiakideak etor daitezen. Diru pixka bat irabaziko dute, ondo pasatuko dute, eta esperientzia oso ona biziko dute gurekin».
Interneteko sare sozialetan saioak duen presentzia ere nabarmendu du Zapirainek: «Mihiluze ez da lehiaketa hutsa. Gure komunitatearekin sareetan dugun interakzioa sekulakoa da. Hor ere egiten diogu ekarpen interesgarria euskal komunitateari».
Mihiluze-k luzaroan jarraitzeko zutabe sendoak ditu. «Nork esango zigun bigarren fase honetan dagoeneko laugarren denboraldira iritsiko ginenik. Alde horretatik, oso pozik gaude». Hala daude ETBren ikus-entzuleak ere.