Bertan behera gelditu da EITB Maratoiaren osteguneko grabaketa. Eusko Legebiltzarrean grabatu behar zuten, baina legebiltzarreko prentsa zerbitzuak taldeei jakinarazi die ez dela grabatuko. Eta ez dute argitu zergatik.
EH Bilduk horren guztiaren berri jakin aurretik esan du ez duela parte hartuko: «Ez da koherentea pentsiodunen bizi baldintza duinak bermatzea oinarri zeukan herri ekinaldi legegilea eztabaidatu gabe atzera botatzea eta jarraian zahartze aktibo eta osasungarria aldarrikatzeko dantza egitea». Ohar bat argitaratu dute goizean, eta egoera «ulergaitza» dela salatu du koalizio subiranistak. «Indar politikoon ardura da politika publikoak egitea, eta, kasu honetan, zahartze aktiboa sustatzeko bizi baldintza duinak bermatzea».
EH Bilduren hitzetan, «urteak» daramatzate helduenek beren pentsioak hobetzeko borrokan. «Eta guk kalean partekatu eta instituzio guztietan erreklamatu dugu aldarri hori». Koalizioak jakinarazi du «ordezkari politikoek herritarrei eta politikagintzari zor dioten errespetuagatik» erabaki duela EITB Maratoian ez parte hartzea.