Euskal Herriko zenbait pertsona ezagunen bizitzei gainbegiratua egingo dien saioa prestatzen ari da Euskal Telebista. Sei Argazkitan izena izango du saioak, protagonisten bizitzari buruz hitz egiteko haien argazki esanguratsuenak erabiliko baitituzte.
Pedro Mari Goikoetxea (Lezama, Bizkaia, 1959) kazetaria izango da saioaren gidaria. Probarako lau bat atal grabatu dituzte, baina oraindik ez dakite noiz estreinatuko duten. «Pertsona ezagunak edo ibilbide bat egina dutenak izango dira saioaren protagonistak», azaldu du Goikoetxeak. Saio honen helburua da pertsona ospetsu horien ezagutzen ez diren aldeak ezagutaraztea da.
Sei argazkiak protagonisten bizipenen bildumatik hartutako erretratuak izango dira, pertsonaiarentzat esanguratsuenak diren argazkiak, betiere: senitartekoekin ateratako argazkiak, gertaera bereziak, euren lorpenak... «Azken batean, pertsona horien bizitza kontatuko dugu: euren alde ezkutuak, beren zaletasunak eta euren gorabeherak».
Pertsona ezagun horietako bakoitzak argazki bakoitzaren historia azalduko digu, eta, ahal den neurrian, argazkiaren testuingurura bertaratuko dira aurkezlea eta protagonista. «Herri bateko argazkia bada, herri horretara joango gara; edo parlamentuko argazkiren bat bada, parlamentura joko dugu», azaldu du saioaren aurkezleak. Erretretatuaren tokira joango dira protagonistek momentu hartako oroitzapenak konta ditzaten eta une hura berriro bildu eta gogora dezaten.
Horrez gain, ahal den heinean, protagonistarekin batera argazki horietan agertzen diren lagunekin, familiakoekin edo beste pertsonekin ere bilduko dira. Horiek ere beren iritziak emango dituzte saioan. «Aukeratutako pertsonarekin harreman estua izan duten pertsonen iritzia ere jasoko dugu», esan du Goikoetxeak.
Pertsona bakoitzaren nondik norakoak azalduko dituzte, erretratuen eta erretratu bakoitzak kontatzen duenaren bidez. Saioaren gidariak adierazi duenez, Sei argazkitan saioko lehen lau protagonistak honako hauek izango dira ordena honetan: Juan Mari Atutxa politikaria, Anjel Mari Peñagarikano bertsolaria, Julian Retegi pilotaria eta Jone Goirizelaia abokatua.
Goikoetxeak adierazi du protagonista bakoitzarekin pare bat egun grabatzen pasatu dutela. Hori dela eta, nabarmendu du esfortzu berezia egin behar izan dutela bai protagonistak eta bai horien ingurukoek. «Orain arte gurekin saioak grabatu dituztenen jarrera oso ona izan da; beti egon dira laguntzeko prest», esan du.
Kiroletan trebatua
Dagoeneko 30 urte daramatza Goikoetxeak ETBn. Kiroletan trebatutako kazetaria da, eta Euskal Telebista sortu zenetik han ari da lanean. 1991. urtetik, Boxeo Izarrak saioa zuzentzen du, eta bestelako kirol jardueren berriemaile lanak ere egin izan ditu urte hauetan guztietan. «Saioaren aurkezle izateko eskatzea sorpresa handia izan zen niretzat, eta buelta asko eman ondoren, onartu egin nuen».
Beraz, oraingoan, bere arloarekin zer ikusirik ez duen saio bat aurkeztuko du. Dena dela, Goikoetxeak azaldu duenez, Sei argazkitan saioa aurkezten hasiko bada ere, bere ohiko lanari eutsiko dio, eta ez du kirola alde batera utziko. Egun, txirrindularitza emanaldien arduraduna ere bada. Edonola ere, Goikoetxeak gaineratu du ETB1eko Sei argazkitan saioko hainbat protagonista ere kirolariak direla. Kazetariak egin izan ditu lan biografikoak: iaz, Iribar, irudia eta eredua liburua argitaratu zuen, Jose Angel Iribarren ibilbidea biltzen duena.
Komunikazioa
Bizitza kontatu, argazkiekin
'Sei argazkitan' saioa prestatzen ari da ETB1. Pedro Mari Goikoetxea kazetariak gidatuta, Euskal Herriko zenbait pertsona ezagunen biografiei gainbegiratu bat egingo diete haien erretratuak erabilita.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu