'Cristobal Balenciaga' telesaila Primeran plataforman ikus daiteke gaurtik aurrera

Orain arte soilik Disney Plus ordainpeko plataforman ikus zitekeen. ETB2 kateak ere emango du telesaila, hilaren 27tik aurrera.

'Cristobal Balenciaga' telesaila. DAVID HERRANZ
'Cristobal Balenciaga' telesaila. DAVID HERRANZ
urtzi urkizu
2025eko azaroaren 13a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Cristobal Balentziaga diseinatzaileak (Getaria, Gipuzkoa, 1895-Javea, Herrialde Katalanak, 1972) Parisen egin zituen 30 urteetan oinarrituta, fikziozko telesail bat egin zuten Disney Plus plataformarentzat Moriarti Produkzioak eta Irusoin ekoiztetxeek. Jon Garañok, Aitor Arregik eta Jose Mari Goenagak zuzendu duten telesail bakarra da Cristobal Balenciaga. Iazko urtarrilaren 19an estreinatu zuten AEBetako ordainpeko plataforman, eta orain arte soilik bertan ikusi ahal izan da. Baina EITBk emisio eskubideak erosi ditu, eta gaurtik aurrera Primeran doako plataforman ere ikus daiteke. Sei atalak jarri dituzte, jatorrizko bertsioan —gehienbat gaztelaniaz da, baina baditu frantsesezko eta euskarazko elkarrizketa batzuk ere—, eta euskarazko azpidatziak gehitu dizkiote.

Telebista konbentzionalean ere emango du EITBk Moriarti ekoiztetxeko sortzaileen telesaila. ETB2 kateak hilaren 27tik aurrera emango du, atalez atal. Ez dute euskarara bikoizteko asmorik.

Lourdes Iglesiasen ideia bati jarraituz ondu zuten Balentziagaren inguruko telesaila Garañok, Arregik eta Goenagak. Nicolas Bizkarrondo enpresari errepublikanoaren eta haren emazte Virgilia Mendizabalen laguntza izan zuen Getariako diseinatzaileak Frantziako hiriburuan, Balenciaga etxea jartzeko. Alboan izan zuen, era berean, Wladzio D'Attainville bazkide eta maitalea. Pertsonaia horien bueltan garatzen dira telesailaren lehen atalak. Baina badira kontu gehiago ere; kasurako, Fabiola de Mora y Aragon Belgikako erregearekin ezkontzekotan da, eta Balentziagari eskatzen dio soinekoa egiteko. Soineko horren ingurukoa da atal oso bat.

Alberto San Juan aktoreak egiten du Cristobal Balentziagarena. DAVID HERRANZ
Alberto San Juan aktoreak egiten du Cristobal Balentziagarena. DAVID HERRANZ

Alberto San Juan aktoreak betetzen du Balentziagaren rola. Josean Bengoetxeak egiten du Bizkarrondo enpresariarena, eta Cecila Solagurenek haren emazte Virgilia Mendizabalena. Thomas Coumansek Wladzio D'Attainvilleren rola jokatzen du. Coco Chanel ere ageri da pertsonaien artean: Anouk Grinberg aktoreak antzezten du. Adam Quinterok, berriz, Ramon Esparza e Iturralde Balentziagaren bikotekidearena egiten du. Belen Cuestak jokatzen du Fabiola de Mora y Aragon aristokrataren rola.

Arlo teknikoa, oso zainduta

Soinekoek berebiziko garrantzia dute telesailean, ezin bestela izan. Bina Daigeler eta Pepo Ruiz Dorado arduratu ziren jantziteriaz. Javier Agirre argazki zuzendariaren lana ere nabarmentzekoa da. Musika, berriz, Alberto Iglesiasena da —Interneteko plataformetan entzun daiteke—.

Jose Mari Goenagak BERRIAri azaldu zion jantziteria birsortzeko lana zailtasun handikoa izan zela. «Bina Daigelerrek esaten zuen telesaila figurazio aldetik konplexua zela, atal bakoitza ia hamarkada desberdin batean girotua dagoelako. Gainera, telesailean ia denak aberatsak dira». 1930etik 1970era bitarteko hamarkadetan daude girotuak atalak. «Beste kontu bat: Balentziagak berak ezin du neurrira egina ez dagoen traje bat eraman», aipatu zuen Goenagak.

'Cristobal Balenciaga' telesaila.
Josean Bengoetxea eta Cecila Solaguren aktoreak, 'Cristobal Balenciaga' telesailean. DAVID HERRANZ

Euskarazko elkarrizketa gutxi batzuk entzuten dira telesailean; kasurako, Getariako diseinatzaileak bere amarekin —Itziar Aizpuruk egiten du amarena— edo anaiarekin —Iñaki Beraetxe— hitz egiten duenean. Bizkarrondok eta Mendizabalek ere euskaraz egiten dute haien artean.

Alberto San Juan aktoreak Ondas sari bat jaso zuen, Balentziagaren pertsonaia jokatzen egindako lanagatik.

Moriarti ekoiztetxearen azkeneko lana Maspalomas euskarazko filma da —Hego Euskal Herriko zinema areto batzuetan ikus daiteke oraindik, nahiz eta irailaren 26an estreinatu zuten—. Cristobal Balenciaga da, oraingoz, haien telesail bakarra, eta denen eskura dago jada.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.