Ohikoa ez den arren, Desagertuta telesaila aldi berean euskaraz eta gaztelaniaz grabatu zuten Pausoka eta Zebra Producciones ekoiztetxeek. Noiz estreinatuko duten jakinarazi dute: Primeran plataformak hilaren 19an estreinatuko ditu euskarazko bertsioaren lehen bi atalak —ondoren atal bat sareratuko dute astero—; eta Netflix plataformak handik bi egunera estreinatuko du gaztelaniazko bertsioa. Fikzioa zortzi atalez osatuta dago.
Era berean, Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Crossover jaialdiak estreinaldi berezi bat antolatu dute hilaren 19rako Donostiako Viktoria Eugenia antzokian (19:00). Lehen bi atalak pantaila handian ikusi ahalko dira. Gonbidapenak doakoak dira, eta datorren astelehenetik aurrera eskuratu ahal izango dira, Crossover jaialdiaren webgunean.
Telesailaren sortzaileak Xabi Zabaleta eta Marta Grau Rafel dira. Gidoiak Jesica Aranekin batera garatu dituzte. Zuzendariak Jabi Elortegi eta Estel Diaz izan dira. Ekoizle eragileak, berriz, Zabaleta bera, Juliana Barrera, Itziar Zeberio eta Sara Fernandez-Velasco dira.

Aktoreak hauek dira: Ane Rot, Jon Lukas, Itziar Atienza, Gorka Otxoa, Ainhoa Larrañaga, Asier Rikarte, Ainhoa Azpitarte, Unai Arana, Julen Taboada, Jon Olivares eta Sara Cozar.
Juliana Barrera ekoizle eragileak fikzioak izan dituen zailtasunak azaldu ditu: «Ekoizpena erronka bikoitza izan da zentzu guztietan: bi hizkuntza, bi ekoiztetxe, bi zuzendari, aktore gazteak eta talde oso askotarikoa. Bakoitzak bere ikuspegia ekarri du, tokiko istorio bat erakargarritasun unibertsaleko serie batean bihurtzeko». Zebra ekoiztetxekoek gaineratu dute emaitzarekin «oso harro» daudela: «Ziur gaude telesailak mugak zeharkatuko dituela mundu osoko beste pantaila batzuetara».
