'Desagertuta' telesailaren euskarazko bertsioa Netflixen, bihartik

Gaztelaniazko bertsioa bederatzi aste egon zen Espainiako Netflixeko lehenbiziko hamarretan. Primeran plataforman gehien ikusi den telesaila izan da orain arte.

'Desagertuta' telesaila. PAUSOKA
'Desagertuta' telesaila. PAUSOKA
urtzi urkizu
2025eko irailaren 30a
13:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Euskaraz eta gaztelaniaz aldi berean grabatu zuten Desagertuta telesaila. Euskarazko bertsioa EITBren Primeran plataformak estreinatu zuen maiatzaren 19an, eta harrera beroa izan zuen euskal ikus-entzuleen artean. Netflix plataformak, berriz, maiatzaren 21ean estreinatu zuen gaztelaniazko bertsioaren lehen atala. Hain zuzen ere, astez aste sareratu zituzten zortzi atalak. Orain, Netflix plataformak euskarazko bertsioa jarriko du bere katalogoan: bihar estreinatuko dute, eta, modu horretan, aurrerantzean Netflix ordainpeko plataforman euskaraz zein gaztelaniaz ikusi ahalko da.

Desagertuta AIEren, Pausokaren eta Zebra Produccionesen koprodukzio bat da. EITBren eta Netflixen partaidetza du, eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailaren lankidetza. Gipuzkoan filmatu zuten, iazko irailetik eta abendura bitartean. Xabi Zabaleta eta Marta Grau Rafel dira sortzaileak. Zuzendariak, berriz, Estel Diaz eta Jabi Elortegi dira.

Primeran plataforman 350.000 erreprodukzio baino gehiago izan zituen telesailak. Uztailaren hasieran eman zituen datuak EITBk, baina ikusle kopuruak gorantz egingo zuen orduz geroztik.

Telebista konbentzionalean ere emango du ETBk telesaila udazkenean. Zeru ahoak telesailaren emanaldiak amaitzen direnean —lau atal ditu—, ETB1ek Desagertuta emateari ekingo dio.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.