Donostiako Zinemaldian Sail Ofizialean estreinatu duten euskarazko lehen telesaila da Zeru ahoak. Eta pantaila handian lau atalak errenkadan estreinatu bezain laster, ETBk telebistako estreinaldiari ekin dio: atzo gauean eman zuten ETB1en lehen atala, eta Primeran plataforman ere jarri zuten. Lau atalez osatua dago fikzioa. Datozen igandeetan iritsiko dira hurrengo hiru atalak.
Estreinaldi horren inguruan hitz egiteko, Gaizka Izagirre zinema eta telebista kritikariak Klaketa bideopodcastaren atal berezi bat egin du Koldo Almandoz telesailaren zuzendariarekin. 33 minutuko iraupena du elkarrizketak. Guau plataforman ikus daiteke atal hori, baita Izagirrek aurkeztutako Klaketa-ko beste hamabiak ere.
BERRIAren 25. Fotograma saioan ere ikus daiteke Garazi Karrerak Almandozi egindako elkarrizketa.
Igande gaueko ETB1eko estreinaldiak %2,9ko ikusle kuota lortu zuen EAEn. Igandean, egun osoan, ETB1 kateak %1,7ko batez besteko kuota bereganatu zuen. Zeru ahoak telesaila egin duen lantaldeak ondu zuen Hondar ahoak, 2020. urtean. Haren jarraipena da neurri batean oraingoa; aurrekoan bezala, Nagore Aranburu da aktore protagonista. Orduko hartan, Hondar ahoak-ek %2,2ko ikusle kuota izan zuen ETB1en, eta Primeran plataforman ikusgai daude lau atalak.
Zeru ahoak RTVE Play plataformara ere iritsiko da laster, gaztelaniara bikoiztuta.