2001eko irailaren 11. Irakurle askok ederki asko gogoratuko dute egun hura, non zeuden une hartan eta zertan ari ziren. Beste batzuk, berriz, oraindik jaio gabe egongo ziren, baina entzuna izango dute egun hartan gertatutakoa. 25 urte igaro dira New Yorkeko (AEB) Dorre Bikien aurkako atentatua egin zutenetik, eta, urte batzuk igaro diren arren, erasoak herritar askoren oroimenean dirau.
Urteurrenaren harira, zenbait hedabidek egokitu egin dituzte ohiko albistegiak zein egitarauak. Euskal Herrian, esaterako, Euskal Telebistak emanaldi berezia egingo du. Eguerdiko eta gaueko ohiko albistegietan, bi erreportaje emango dituzte bihar, Yerai Diaz Ikaran EITBren New Yorkeko berriemailearen eskutik. Gertatutakoaren nondik norakoak xehetasunez kontatuko ditu kazetariak, bai eta atentatuak ondoren ekarritako guztia begirada politikotik aztertuko ere.
Telesailak plataformetan
Beste zenbait telebista kate eta online plataformak ere gogora ekarriko dute atentatuaren 25. urteurrena. Filminek La superviviente estreinatuko du, bi ataleko telesail labur bat. Kike Maillok eta Markos Goikoleak zuzendu eta idatzi dute, hurrenez hurren.
Tania Head izeneko emakume baten istorioa kontatu dute bertan: urteetan esan zuen atentatutik bizirik irten zela, eta ziurtatu zuen bere senarra bertan hil zela. World Trade Centerretik bizirik irten ziren biktimen elkarteko lehendakaria izatera ere heldu zen, baina, 2007an, The New York Times egunkariak ezagutarazi zuen Tania Head ez zela existitzen, eta ez zela inoiz existitu. Kazetariek ikertu zuten Alicia Esteve Head dela haren benetako izena, eta Bartzelonakoa dela. Are, hedabideak jakinarazi zuen emakume hura ez zela inoiz Dorre Bikietan egon.
Istorio hori pantailara eraman nahi izan dute Maillok eta Goikoleak, eta bihartik aurrera ikusgai egongo da Filmin plataforman.
Atentatua dokumentatuz
Canal Historia telebista kateak atentatuen inguruko saio berezi bat emango du bihar, 22:00etatik aurrera. Bi dokumental proiektatuko dituzte: 102 minutos dentro de las Torres Gemelas (102 minutu Dorre Bikien barruan) izenpean, Dorre Bikien barruan bizi izan zutena berregin dute, hegazkinek dorreak jo ostean bertan zeuden zenbait lekukotzaren bitartez; horren ostean, berriz, 11-S, recuperando la zona cero (Irailak 11, zero gunea berreskuratzen) emango dute. Atentatuak gaur egungo gizartean zer-nolako eragina izan duen islatuko dute bertan, bai eta horren ostean hiria berriz nola eraiki zuten ere. Eta dorreak berriz eraikitzeari eta gunea zegoen bezala uzteari buruzko eztabaida ere jorratu dute dokumental horretan.
Kateak ohar bidez azaldu duenez, Ameriketako Estatu Batuetan izandako ezbeharraren inguruko «beste begirada bat» emango dute. Honela definitu dituzte dokumentalak: «Memoria kolektiboko ariketa bat da, zeinak une hura bizi izan zutenen ahotsak biltzen dituen, kontatu ezin izan zuten biktima horiek omentzeko».
RTVEren emanaldi berezia
Euskal Herritik kanpoko hedabideek ere egingo dituzte saio bereziak. RTVEn luze eta zabal arituko dira urteurrenaren inguruan, eta egitarau berezia prestatu dute gaurko eta biharko. Besteak beste, New Yorketik zuzenean arituko diren berriemaileak, atentatutik bizirik atera zirenekin ondutako erreportajeak, lekukoen testigantzak eta zenbait gonbidatu berezi izango dituzte albistegietan.
Hedabidearen RTVE Play plataforman ere eskaintza zabala egongo da. Zenbait dokumental eta erreportaje ikusgai jarriko dituzte, gertatutakoa gogorarazteko, eta horrek guztiak ondoren ekarri zuena ezagutarazteko. Gainera, 2001eko egun hura zazpi orduz jarraian telebistan ematen aritu zen Ana Blanco RTVEko kazetaria, eta albistegi berezi hori ere ikusgai jarriko du RTVEk bere plataforman.