'Dragoi Bola Super' hilaren 22an iritsiko da Primeran plataformara

Japoniako animea euskarara bikoiztu dute azkeneko hilabeteetan, eta aurrenekoz ikusi ahalko da euskaraz.

'Dragoi Bola Super' marrazki bizidunetako saioa. BERRIA
'Dragoi Bola Super' marrazki bizidunetako saioa. BERRIA
urtzi urkizu
2025eko urriaren 9a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Dragoi Bola-ren zaleek badute zer ikusi, eta hemendik gutxira are gehiago izango dute. Dragoi Bola Super animearen 131 atalak euskaraz ikusi ahalko dira aurrenekoz, eta hilaren 22an hasiko dira jartzen EITBren Primeran doako plataformara —Makusin ere ikusi ahalko dira—. 

Urtarrilean, Son Goku txikia zeneko 1980ko hamarkadako lehen Dragoi Bola hasi ziren sareratzen Makusi eta Primeran plataformetan. Apirilaren 23an, berriz, Primeran-ek Dragoi Bola Z animearen 291 atalak igotzeari ekin zion. Bi saio horiek ETB1ek lehendik emititu zituen, eta, hortaz, euskarara bikoiztuta zeuden. Ez hala Dragoi Bola Super saioa: euskaraz ezin izan da ikusi orain arte, eta euskarara bikoiztu dute azkeneko hilabeteetan.

Bilboko Mixer estudioetan bikoiztu dituzte Dragoi Bola Super animearen atalak euskarara. Gokuren ahotsa Gaizka Soriak jarri du; Beerus pertsonaiari Julen Agirrezabalak eman dio ahotsa; Bulmari, Jaione Intsaustik; Freezer pertsonaiari, Pello Artetxek; eta Vegetari, Josu Mitxelenak. Azken horrek bete ditu bikoizketaren zuzendari lanak.

Animearen istorioari dagokionez, Kid Buuren porrota gertatu eta sei hilabetera kokatzen da. Momentuz, Lurra toki baketsu bihurtu da berriz ere. Dragoi Bola Z-n izandako gertaerek jarraipena izango dute Dragoi Bola Super-en. Son Gokuren abentura berriak iritsiko dira atal horietan.

Toriyamaren irudimena

Akira Toriyamak sortu zuen Dragoi Bola Super-en paperezko bertsioa, manga, eta Japoniako V Jump aldizkarian hasi zen argitaratzen —aldi berean ingelesez argitaratzeari ere ekin zion Viz Mediak—. Animea 2015eko uztailean estreinatu zuen Japoniako Fuji TV kateak. 131 atalen ostean, 2018ko martxoaren 25ean eman zuten azkenekoa. Masatoshi Chiokak zuzendu zuen Dragoi Bola Super saioa hasieran: 51 atalen ardura harena izan zen. Morio Hatano sartu zen ondotik ekoizpenean, eta 47. ataletik 76.era, Kohei Hatanorekin batera gidatu zuen animea. Ekoizleak Naoko Sagawa, Atusushi Kido eta Osamu Nozaki izan ziren.

Saioaren hainbat atal Hego Euskal Herrian ikusi ahal izan ziren 2017an eta 2018an, gaztelaniaz, Boing LTDko katean. Eztabaida piztu zen, ordea, eszena eta elkarrizketa asko zentsuratu egin zituztelako; 64. atala ez emititzea erabaki zuen lehenbizi Boing kateak, baina, kexuen eraginez, azkenean eman egin zuten. Boing kateko mozketa horiek gabe, Orange TV ordainpeko zerbitzuak 2020ko abenduan ekin zion saioa osorik emateari. Lapurdin, Nafarroa Beherean eta Zuberoan frantsesera bikoiztuta ere ikusi ahal izan zen saioa VF katean; ordainpeko plataforma batzuetan ere egun ikus daiteke frantsesez.

AEBetan eta Latinoamerikan zale ugari izan zituen saioak. Azkeneko bi atalak eremu publikoetan proiektatu zituzten Mexikoko eta beste herrialde batzuetako estudioetan, eta milaka ikus-entzule erakarri.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.