EGM Estudio General de Mediosen azken neurketaren arabera, Euskadi Irratiak gorantz egin du nabarmen. Hego Euskal Herrian, iaz 95.000 entzule zituen euskarazko kate publikoak. Baina urtebete geroago, 47.000 entzule gehiago eman dizkiote neurketan: hortaz, astelehenetik ostiralera, Euskadi Irratiak 142.000 entzule ditu.
Antzeko datua eman zuen CIESek abenduaren 19an: 150.000 entzule. Neurketa horren arabera, Gipuzkoan entzuten diren irrati guztien artean liderra da Euskadi Irratia. Sektoreko iturrien arabera, fidagarriagoak izaten dira CIESen datuak EGMrenak baino.
EITB taldeko beste irratien datuak ere eman ditu gaur EGMk: Gazteak 90.000 entzule ditu, iaz baino 32.000 gehiago —CIESen arabera, Gazteak 119.000 entzule ditu astelehenetik ostiralera—.
Radio Euskadiri dagokionez, 134.000 entzule ditu, EGMren azken neurketaren arabera. Hau da, Euskadi Irratiak baino gutxiago. EITBk, berriz, nabarmendu du gaztelaniazko kate publikoak %8ko hazkundea izan duela prime time ordutegian. CIESen arabera, Radio Euskadik 172.000 entzule ditu.
EGMren arabera, Radio Vitoriak 17.000 entzule ditu astegunetan, eta 25.000ra iristen da asteburuetan.
EITB Musika irratiak, bestalde, 11.000 entzule ditu.
EGMren datuen arabera, EITB taldeko irrati guztiak batuta, 394.000 entzule dituzte —%13ko hazkundea—.
Hego Euskal Herrian SER da entzule gehien dituen irratia.