EITBren Makusi plataformak maiatzaren 16an estreinatu zuen Mari sorgin ehiztari telesaila. Euskal mitologia, folklorea, beldurrezko generoa eta institutu bateko gazteak sartu zituzten fikzioaren eltzean, beste ezusteko batzuekin batera. Lehen denboraldiak zortzi atal izan zituen, eta Gau Beltzeko atal berezi bat estreinatu zuten azaroaren 1ean. Baina ez dute beste atalik grabatuko. A Film To Kill For ekoiztetxeko iturriek azaldu dutenez, EITBk erabaki du telesailarekin ez jarraitzea.
Rose of Dolls eta Oliver Mend dira telesailaren sortzaile eta zuzendariak. Julen Telleria izan zen gidoi arloko laguntzailea, eta elkarrizketen idazketan ere parte hartu zuen, Irene Gomezekin batera. Igor Ramos Peula ere aritu zen gidoiak sortzen.
Fikziozko lan hori 10 eta 15 urte arteko neska-mutikoentzat egina dago, eta bederatzi atalak Makusin daude ikusgai.
Nerea Sanz Olabarrieta aktoreak jokatu zuen protagonistaren rola. Harekin batera, aktore taldean zeuden hauek ere, besteak beste: Mikele Arizkorreta, Maria Cruickshanck, Nagore Iturregi, Iker Barandiaran, Ylenia Baglietto, Egoitz Lasa, Sua Enparantza, Ander Murillo, Andoni Agirregomezkorta, Aritz Mendilla, Asier Valdestilla eta Eneritz Garcia.
Sortzaileen asmoa zen denboraldi gehiago egitea, baina ez da horretarako modurik izango.