Egun gutxi barru beteko dira 50 urte Gasteizko Zaramaga auzoan Espainiako poliziek bost langile hil eta 150 herritar baino gehiago zauritu zituztenetik. Efemeride hori aintzat hartuta, Radio Vitoria Vitoria, 3 de marzo. Memoria contra el olvido (Gasteiz, martxoak 3. Memoriaren indarra) entzunezko dokumental saila ematen hasi da aste honetan. Goizean ematen ditu atalak EITBko irrati horrek, eta atal bakoitza Guau doako plataforman ere jartzen dute entzungai gero. Hamar atal dira orotara.
Lekukotzaz osatutako kontakizunak entzun daitezke dokumentalean. Atal bakoitza 20 minutu ingurukoa da. Aurrenekoan, adibidez, Lluis Llach musikari katalana elkarrizketatu dute. Jabi H. Pizarrosok sortu du sailaren gidoia. Zuzendaria, berriz, David Saenz kazetaria da. «Duela urtebete hasi ginen pentsatzen 50. urteurrenean zerbait berezia egin genezakeela», azaldu du Saenzek. «Dokumental sail hau tresna bat izan daiteke jende gaztea harrapatzeko. Memoria lan bat egin nahi izan dugu».
Raquel Navarrok jartzen dio ahotsa dokumental sailari. Maialen Etxabe eta Jon Mikel Areaga ari dira teknikari lanetan; Olaia Sanchez arduratzen da soinuaz, eta Itziar Aranguren produkzioaz.
Saenzek azaldu duenez, memoria berreskuratzen saiatu dira, «lekukotza berriak» bilduta. Lanaren zuzendariak «puzzle handi baten» gisan definitu du dokumentala. «Mila ahots tarte baino gehiago dauzkagu. Elkarrizketatu batzuk Martxoaren 3aren inguruan hitz egin gabeak ziren oraindik, eta gogorra egin zaie. Elkarrizketa intimoak izan dira. Zauri batzuk ez dira itxi oraindik, eta gogorra eta hunkigarria izan da».
Saila aurrera eraman ahal izateko, Martxoak 3 elkartearen, Gogora institutuaren, EITBren eta RTVEren artxiboak erabili dituzte.
Martxoaren 3an bertan emango dute azkeneko atala Radio Vitorian —Rodolfo Martin Villa ministro ohiarekin egin duten elkarrizketa ere entzun ahalko da bertan—. Egun horretan, irratiak programazio berezia osatuko du. EITBko gainerako hedabideek ere tarte berezia eskainiko diote urteurrenari.