EITBk transformazioa bizkortu nahi du

Edukien estrategia finkatzea, komunitateetan haztea eta proiektuaren legitimitatea eta sakontasuna handitzea jarri ditu helburutzat EITBk 2026rako.

Isabel Octavio, EITB Maratoiaren aurkezpenean, urriaren 2an. MONIKA DEL VALLE / FOKU
Isabel Octavio, EITB Maratoiaren aurkezpenean, urriaren 2an. MONIKA DEL VALLE / FOKU
urtzi urkizu
2026ko otsailaren 19a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Andoni Aldekoa da EITBko zuzendari nagusia eta Isabel Octavio taldeko Estrategia eta Komunikazio zuzendari eta ETBko zuzendaria. Taldeko zuzendaritzak osatu duen txostenaren arabera, EITBk 2025ean zituen helburuak bete ditu. «Proiektu estrategikoak gauzatu ditu, eta hurrengo programa kontraturako oinarri sendoak ezarri ditu». Baina zein dira 2026. urterako taldeak dituen helburu nagusiak? EITBren transformazioa bizkortzea, edukien estrategia finkatzea, komunitateetan haztea eta proiektuaren legitimitatea eta sakontasuna handiagotzea. Hainbat egitasmo jarri nahi dituzte martxan bide horretan.

Barne digitalizazioa landuko du talde publikoak; esku artean dituzte, besteak beste, sistema korporatiboen plana, ekoizpen sistemen eta Media negozioaren digitalizazioa, lan metodoak modernizatzea eta datuen kulturan sakontzea —adimen artifizialaren bidez—.

Giza baliabideen alorrean, egonkortze prozesuak eta lan poltsak amaitu nahi ditu EITBk. Baita langileak etorkizuneko arloetako eta profiletako behar berrietarako transformatzea ere. 

2026-2028 inbertsio planean, proiektuen liburutegia osatzea da xedeetako bat. EITBren Gasteizko egoitza berriaren obrekin jarraituko dute, baita Miramongo egoitzako (Donostia) lanekin ere. Unitate mugikor berri bat ere izango du taldeak.

Edukien estrategia

Talde publikoaren edukien estrategian, berriz, urrats bat egin nahi dute produktu identitatean eta kanaletan. «Edukien maiztasuna eta eraginkortasuna aurreikusteko modukoak izatea» dute ezarria xedeen artean. Baita aktualitatearekin eta euskal agenda sozialarekin malguak izatea ere.

Lehentasunen artean dute lidergoa izatea informazioan eta erreferenteak izatea kiroletan. Informazio eta kirol edukien plataforma sistema digital berria ezarriko dute, adimen artifizialarekin. Erredakzioak berriz diseinatzeko prozesua garatuko dute, transbertsalitatea errazteko. Orain informazio zerbitzuaren estrategia eta baliabideak indartuko dituzte (web-RRSS). Komunitateentzako mailing delakoan —posta elektroniko bidezko mezuak eta buletinak— eta Whatsappean estrategia berria ezarriko dute. Eta kirol eskubideen negoziazioan, beste aukera batzuk aipatzen dituzte: saskibaloia eta AEBetako NFL futbol amerikarreko liga, tartean.

Telebistan eta irratian lehiakorrak izateko asmotan, eremu hauek indartu nahi dituzte: ETB2ko arratsaldeak egonkortzea; ETB1en late-night ordutegia indartzea, eta lehiakorragoa eta jeneralistagoa izatea; irratietan eredua finkatzea; eta Euskadi Musika irratia berriz definitzea. Edukiekin elkarrizketa eta inpaktua sortzea izango da taldearen helburuetako bat. Irratian gertutasuna eta gaurkotasuna landuko dituzte.

Gazteekin produktu digitalen bidez konektatu nahi du EITBk. Horretarako, Eitb.eus webgunea eguneratuko dute; Youtuben eskuzabaltasuna izango dute euskarazko edukiekin; plataforma taldea sortuko dute; eta plataformen garapen teknologikorako plan bat osatuko dute. Gaztea irratiari dagokionez, euskal musikaren HUBa osatu nahi dute, eta ekitaldietan eta produktu digitaletan sakondu.

Urteko une garrantzitsuetan transmedia estrategia landuko dute. Kasurako, abuztuaren 12an izango den eklipsean.

Proiektuaren legitimitateari begira

EITB proiektuaren «barne ahalduntzean» beste dinamika batzuk jarriko ditu martxan talde publikoak. Bestalde, Zerbitzua eta balio publikoa deituriko proiektua garatuko dute. 

Euskal ikus-entzunezkoen industriari laguntzeko bidean, bestalde, ikus-entzunezkoen ekoizpena errentagarri egin nahi dute zinemaren eta fikzio seriatuaren bitartez —telesailak—. Nazioarteko jardunean ere lagunduko diote sektoreari.

EITBren kanpora begirako dimentsioan, halaber, komunikabideen eremuko foroetan parte hartuko dute taldeko ordezkariek. Hainbat sareren kudeaketan ere parte hartuko du EITBk: FORTA, Circom eta TAL sareetan.

Kontratu programa berriari begira, bestalde, egitasmo berriak zehaztuko ditu EITBk.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.