Aste honetan sareratu dute Olatukoop elkartekoek ekoitzitako lehen podcastaren aurreneko atala. Pikutara Darwin! du izena podcastak, eta ohartarazi dute ez dutela sortu Darwinen teoriari kritika bat egiteko. «Darwinismo sozialaren ikuspuntutik abiatzen gara izenburu hori hartzeko», azaldu dute Olatukoop-eko ordezkariek. «Alegia, ez zientziari uko eginez, baizik eta zientziaren oinarri hori gizartearen egitura eta abarren lehiakortasuna argudiatzeko erabiltzen den korronteari. Normalean, Darwin aipatzen denean, parean jarri ohi da Kropotkin, zeinak antzeko lanketa bat egin zuen, baina izakiaren eboluzioa elkarrekin kooperazioaren ondorio dela demostratuz». Zer kritikatu nahi du, bada, Olatukoopek? «Lehiakortasunaren kontra badela alternatiba. Gure kasuan, kooperatibismoarena».
Olatukoop Euskal Herriko ekonomia sozial eraldatzailea sustatzeko sarea da, eta enpresa komunitario eta kooperatiboen interkooperazio elkartea. Iragarri dutenez, podcastaren asmoa izango da Olatukoop sarearen barnean dauden proiektuak ezagutaraztea. «Horretarako atal bakoitzean gai bat planteatuz». Hala, Euskal Herriko hainbat kooperatiba eta proiektu aurkeztuko dituzte podcastean, hilean behin. «Ekonomia sozial eraldatzailea ardatz, elkarlanean aritu, sarea sortu eta bizitza erdigunean jarriko dutenak».
Maite Bidarte kazetariak aurkeztuko du Pikutara Darwin!. Haren ahotsean, hitz hauek entzuten dira atalaren hasieran: «Behin gizon batek esan zuen indartsuenak soilik lortzen duela bizirautea, elkarrekin lehiatuz, eta, liburuetan idatzi zutenez, sinetsi egin genuen. Eta jakina, horrela gaude gaur egun. Baina bada alternatibarik. Euskal Herriko hainbat kooperatiba ezagutuko ditugu podcast honetako bidaian zehar. Ekonomia sozial eraldatzailea ardatz, elkarlanean aritu, sarea sortu eta bizitza erdigunean jartzen dutenak. Badakizue zer? Pikutara Darwin».
Lehen atala, Lapurdin
Bidarterekin batera, lantaldean dira Mattin Solis koordinazioan eta Beñat Iturrioz grabazioan eta edizioan. TEKS elkarteak, Bira produkzioak ekoiztetxeak eta Tapuntu kooperatibak parte hartzen dute egitasmoan.

Saioaren lizentzia mota CC-BY-SA 4.0 da. Atalak Olatukoop elkartearen webgunean entzun ahalko dira. Peertube eta Baleafunk guneetan ere jarriko dituzte.
Aurreneko atalean, Lapurdin ibili dira batera eta bestera. Hemen elkarteko lagunekin elkartu dira. Horrekin batera, Etxalde kooperatibaren lana ezagutzeko aukera izan dute —Ipar Euskal Herrian etxebizitzen arazoari aurre egiteko asmoz sortutako ekinaldia—. Eskutik kooperatibako langileekin, berriz, xisterak eta pilotak egiteko lana nolakoa den deskubritu dute.