«Zorrotz aztertu behar da noiz den benetan beharrezkoa Gaur egun ETB1eko albistegian adierazpenak gaztelaniaz sartzea». Kezkaz mintzatu da ELA sindikatua ETB1eko euskarazko albistegien inguruan, haietan «gero eta maizago» entzuten baita gaztelaniaz. Kale inkestetan, kasurako, ez dute onargarritzat jotzen euskarazko albistegian gaztelaniaz hainbeste entzutea.
Sindikatu abertzaleak gogor kritikatu eta deitoratu du, bestalde, erakunde publikoek hedabideen bitartez zabaltzen dituzten komunikazioetan euskara «bigarren mailako hizkuntza» izatea. Ez hori bakarrik. «Batzuetan desagerraraztea ere bai».
ELAk adibide gisa jarri du maiatzaren 27an ETBko albistegietan gertatutakoa. «Ezohiko beroaldi betean, albistegietako taldeak Euskalmetera jotzea erabaki zuen. Horrelako beroaldiek osasunean nolako ondorioak dituzten landu zuten beste bideo batean, eta horretarako Osakidetzara jo zuten». Euskalmet eta Osakidetza EAEko erakundeen izenean hitz egin zuten aditu eta arduradunek soilik gaztelaniaz egin zituzten adierazpenak. Eta Gaur egun albistegian eman zituzten bideoetan gaztelaniazko adierazpenak agertu ziren. «Onartezina da erakunde publikoen ordezkariek eta arduradunek euskarazko komunikabide publikoan gaztelaniaz hitz egitea. Euskalmetek eta Osakidetzak lotsatu egin beharko lukete, jokaera horien bidez euskararekiko konpromiso falta erakusten baitute».
Kexa formal bat egiteko eskaera EITBri
ELAren arabera, Osakidetzako, Euskalmeteko eta beste euskal erakunde batzuetako arduradunek askotan izaten dituzte halako jarrerak. «Hori ikusita, Euskal Irrati Telebistako zuzendaritzari eskatzen diogu egin diezaiela kexa formala erakunde horiei, haien gaineko ardura duten sailburuei, eta EITBren gaineko ardura duenari, Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politika eta Kultura sailburuari eta lehendakariari». Hain zuzen ere, EITBk honako konpromiso hau hartzea nahi du ELAk: «Eska diezaiela beti euskal hiztunak jartzeko agerraldi publikoetan, eta, bestetik, agerraldietan eman diezaiotela lehentasuna euskarazko hizketaldiari; edo, gutxienez, gaztelaniaren pareko izan dadila».
Euskal erakundeek informazioak, iragarpenak, analisia, gomendioak edo ohartarazpenak zabaltzen dituztenean, euskaraz ez dakien hizlari bat jartzen dutenean, «hainbat kontu» gertatzen direla salatu du ELAk: «ETB1 kateko eta EITBko irratietako ikus-entzuleak eta gizarte osoa gutxiesten dute, eta errespetu falta larria da. Gainera, euskararen zaurgarritasun egoera areagotu egiten dute».
Azken lelo batekin amaitu du agiria sindikatuak: Eman euskarari bere tokia.