'Emak Bakia' magazina hilaren 30ean hasiko da Kanalduden

Eguberrietan askotariko saioak emango ditu Kanaldudek: telebistak berak bikoiztutako animaziozko lanak, zinema eta musika emanaldi bereziak eta artxiboko irudiak, besteak beste.

Kanalduderen 'Emak Bakia' magazina. KANALDUDE
Kanalduderen 'Emak Bakia' magazina. KANALDUDE
urtzi urkizu
2025eko abenduaren 23a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Askotariko edukiak prestatu ditu ikus-entzuleentzat Kanaldudek Eguberrietarako. Denetarik izango da. Bada non hautatu. Estreinaldi berezi bat ere izango dute Bidarraiko (Nafarroa Beherea) telebistan: hilaren 30ean, 20:00etan, Emak Bakia magazin berriaren lehen atala emango dute. Amaia Kastorenek eta Joana Olasagastik aurkeztuko dute, eta norberaren itxurari, izaerari eta ongizateari begiratzen dien magazin bat izango da. Kanaldudek iragarri duenez, itxura eta norberaren prozesuak landuko ditu, «printzipio horien gibelean galdera eta bizipen ugari aurkitzen direlarik».

Emak Bakia ez dira Bidarrain grabatzen ari, Kanboko (Lapurdi) Orratzetik Hari bigarren eskuko jantzien dendan baizik. «Gorputzetik burura, norberaren bizitzaren gibelean ezkutatzen diren dinamikak jorratuko ditu saio berriak», iragarri du Kanaldudek. Besteak beste, lana, eritasuna, sexualitatea, maitasun harremanak, kirola, familia, hezkuntza, artea eta beste zenbait gai landuko dituzte elkarrizketatuekin.

Saio berrian, kalean herritarrei galderak egingo dizkiete. Erreportaje eta kronikak ere izango dira ikusgai.

Estreinaldi hori iritsi aurretik, beste emankizun esanguratsu batzuk eskainiko ditu Kanaldudek datozen egunetan: hala, etzi, euskarara bikoiztutako bi animazio emango dituzte: Puah marrazki bizidunak eta Ardien doinua animaziozko film laburra. 19:00etan emango dituzte.

Puah marrazki bizidunak
'Puah' marrazki bizidunak euskaraz ikusi ahalko dira. KANALDUDE

Eguberri egunean bertan, 20:00etan, Josu Martinezen Bizkarsoro filmaren emanaldi berezia egingo dute Zine(tik) programan. Film horren aurkezpena eta kritikak ere izango dira, Maylis Calvet eta Luzio Lizarralderen eskutik.

Ostiralean, 20:00etan, Maitasun gela dantza ikusgarria emango du Kanaldudek. Urtarrilaren 2an berriro emango dute, 20:00etan.

Larunbatean, berriz, saskibaloizaleentzako saio berezia egingo dute. Iluntzean, Hazparneko (Lapurdi) Mendealan, Iparraldeko selekzioak eta Easok jokatuko dute, eta Kanaldudek zuzenean emango du lehia.

'Herri bat sutan' dokumentala

Igandean, 18:00etan, Fermin Muguruzak EHZ jaialdian ekainaren 28an emandako kontzertua ikusi ahalko da Kanalduden. Kontzertu bera urtarrilaren 4an ere hedatuko dute, 18:00etan.

Urtarrilaren 1ean, 20:00etan, Zine(tik) saioaren hirugarren atala emango du Bidarraiko euskarazko kateak. Bertan, Mona Convertek zuzendutako Herri bat sutan dokumentala emango dute. Aurkezpen eta kritika tarteen ostean, dokumentala osorik ikusi ahalko da. Film hori apirilean estreinatu zuten zinema gelatan, eta orain aurreneko aldiz emango dute telebistaz. Kanaldudek ekoitzi du, beste batzuekin batera.

Herri bat sutan dokumentala
'Herri bat sutan' dokumentalaren irudi bat. KANALDUDE

Urtarrilaren 3an, gainera, Kanaldudeko artxiboetan arakatutako irudiak berreskuratuko dituzte Herenegun emankizunean. 11:00etan hasiko da, eta 2004an Ortzaizen eta Bidarrain egin zuten Kabalkada Ttipia emango dute. Ikusgarri horretan herritar ugarik parte hartu zuten, haietako asko neska-mutikoak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.