Euskal zinemaz mintzo da Kanalduderen Zine(tik) saio berria. «Ipar Euskal Herriko zine geletatik abiatuz, euskal zinemaren unibertsoan murgilduko gara», azaldu du Bidarrain (Nafarroa Beherea) egoitza duen telebistak. Aktualitateari lotutako kronikak, hautatutako filmen aurkezpenak eta kritikak —fikziozko lanak eta dokumentalak— eta bestelakoak izanen dira. Hilean behin, gaualdi berezi batean, Euskal Herrian ekoitzitako filmak eta dokumentalak emango dituzte. Pelikulen inguruko informazio «zabal, sakon eta osagarriak» ere emango dituzte. Eta elkarrizketak egingo dituzte zinemagileekin.
Lehen gaualdia abenduaren 4an egin zuten. Hartan, Lucia Ezker zinemagilearen Uxina film laburra eta Angela Duverger-Bobinek zuzenduriko Tenebroso dokumentala eman zituzten. Biak ikusgai daude noiznahi Kanalduderen webgunean. Era berean, ikusgai daude Maylis Calvet eta Luzio Lizarralde Zine(tik) saioaren aurkezleek egindako aurkezpenak. Baita kritikak ere: kameraren aurrean kritikak eginen dituzte hilero Calvetek eta Lizarraldek.
Kanaldudek nabarmendu du «euskal zinemari dedikatutako erreferentziazko saio bat» izatea dutela helburu. «Filmen hedapenei ikusgarritasuna ematea eta bultzatzea ere badugu xede. Zenbait lanen inguruko edukiak proposatuz, belaunaldi desberdinetako ikus-entzuleak gerturatuz eta euskal zinemaren unibertso osatu bat proposatzea du helburu». Hain zuzen ere, filmak ez ezik, informazioak, gogoetak eta askotariko ikuspuntuak ere bilduko dituzte saioan, Calveten eta Lizarralderen bidez. «Publikoari esperientzia ahalik eta osatuena eskaintzeko helburuarekin».
Aurkezleak, bi zinemazale gazte
Kanaldudek deialdi bat egin zuen zinema saioaren aurkezleak aukeratzeko. Maylis Calvetek (Hazparne, Lapurdi, 1996) Euskal Ikasketak egin zituen Baionan; gero Parisen aritu zen ikasten, eta Lyonen (Frantzia) ere bai, antzerki arloan. Luzio Lizarralde (Tolosa, Frantzia, 2003) Baionan hazia da, artearen historia ikasi zuen Parisen, eta nabarmendu du zinema «txikitatik» maite duela: «Nahiko nuke honetan lan egin; idealki, zinemagile gisa. Beti maite izan dut filmak ikustea eta kritikatzea».
Aurkezle bakoitzak formakuntza desberdina izaki, bakoitzak kontu jakin batzuei begiratuko die kritiketan, Calvetek iragarri duenez. «Lizarraldek asko begiratuko dio filmatzeko teknikari, planoak zein diren eta. Ni sentsibleagoa izango naiz aktore lanarekin». Calvetek dio biek aztertuko dutela soinuaren alorra, hau da, «soinu guztia filmean nola landua den». Eztabaidak sortu nahiko lituzkete. «Iparraldean ez da horrelako kritika anitz ikusten», dio Calvetek. Hego Euskal Herrian ere ez.
Lizarraldek adierazi du «biziki ongi» ari direla lantaldean. Eta Calvet asko ari zaiola laguntzen: «Maylisek badaki antzerkian aritzen eta kameraren aitzinean jartzen. Aholku biziki onak ematen dizkit, eta, alde horretatik, badut zer ikasi».
Lizarraldek nabarmendu du euskal zinemari begiratzea izango dela Zine(tik) saioaren ideia printzipala. «Baina, gaualdietan, Euskal Herrian ekoitzitako filmak emango ditugu, eta denak ez dira euskarazkoak izango. Irekiak izango gara horretan». Tenebroso dokumentala da adibide bat. Baina Euskal Herriarekin lotura izango dute horietako gehienek. «Aktualitatearen berri emateko orduan, bestalde, bakarrik euskarazko filmak aztertuko ditugu. Eta soilik euskaraz dakiten zinemagileak elkarrizketatuko ditugu». Kasurako, Asier Altuna zinemagilea elkarrizketatu dute Karmele filmaren inguruan.
Calvetek argi du emankizun berriaren bitartez euskal zinema bultzatu nahi dutela. «Kritikak egin nahi ditugu, ez bortxaz negatiboak. Baina pentsatu nahi dugu nola analizatzen den euskal zinema. Galdetu nahi dugu ea zein den euskal zinemaren identitatea. Eta funtsean, gogoa eman nahi diogu jendeari euskal zinemara gerturatzeko».
Nahiz eta oro har Zine(tik) hilean behin izango den, eguberrietan bi emankizun berezi egingo ditu Kanaldudek: abenduaren 25ean eta urtarrilaren 1ean. Datozen egunetan jakinaraziko dute zein diren bi atal horietako edukiak.
Era berean, egunotan ere euskal zinemaren aktualitatearen berri zabalduko dute Facebook, Instagram eta Mastodon sare sozialetan.