«Gure hizkuntzak, ibai txikiak/ jarraitu ditzagun zaintzen/ baliabideak jartzen/ kazetaritza zorrozten/ elkartasuna sustatzen», kantatu zuen ostiralean Urtzi Urkizu BERRIAko kazetariak (Lezo, Gipuzkoa, 1975) Midasen urteko batzarrean, Eslovenian. Midas saria jaso du hizkuntza gutxituetan aritzen diren komunikabideen berri emateagatik; pozik itzuli da bidaiatik.
Zer moduz joan da bidaia?
Bidaia bizi-bizia izan da, polita eta aberasgarria; eta sari bat ekarri dut etxera, baina sari handi bat zen hara joatea, Midaseko batzarrera, beste herrialde batzuetako kazetariekin pasatzea egun horiek. Oso pozik itzuli naiz.
Ikasi duzu zerbait eslovenieraz?
Diskurtsoan kortesiazko hitz batzuk egin nituen; handik aurrera, gauza asko ez. Baina behintzat irratietako elkarrizketetarako ikasi dut nola ahoskatzen den saria eman zidaten herria, Vilpoze [ahoskatu egin du].
Hizkuntza gutxituetako komunikabideei buruz idazteagatik saritu zaituzte. Badute nahikoa oihartzun?
Ez dut uste. Hizkuntza hegemonikoetan ari diren hedabide handiek ez diete inolako ikusgaitasunik ematen hizkuntza gutxituetako komunikabideei. Iruditzen zait BERRIAk ahalegina egin izan duela estaturik gabeko herrietan arreta jartzeko, hizkuntza gutxituetan, eta geurearen antzeko egoeretan egon daitezkeen herrietan; nire kasuan, komunikabideetan ere bai.
BERRIA ere haietako bat baita, azken finean. Bertan aritzeak bultzatu zaitu gainerakoekin sentsibilitate hori izatera?
Bai. Uste dut ondo dagoela euskaraz egiten den lan guztiari oihartzuna eta ikusgaitasuna ematea, baina ez gaude bakarrik munduan. Gurea oso herri txikia da, eta gurea bezalako herri txiki asko daude. Haien berri izateak aukera ematen dizu begirada zabalago bat izateko, eta konturatzeko badirela oso baliabide gutxi dituzten komunikabideak, zailtasun handiekin gauzak egiten dituztenak.
«Hizkuntza hegemonikoetan ari diren hedabide handiek ez diete inolako ikusgaitasunik ematen hizkuntza gutxituetako komunikabideei»
URTZI URKIZUBERRIAko kazetaria
Hain justu, bertsoan kantatu zenuen baliabideak behar direla hizkuntza gutxituak zaintzeko.
Bai, finantzaketa egoera zaila ez dute herri txikietako eta hizkuntza gutxituetako komunikabideek bakarrik: mundu osoan, orokorrean hedabide askok dituzte, eta egunkariek bereziki, finantzaketa arazoak. Kazetaritzak gizartean daukan funtzioa oso garrantzitsua izanik, erakunde publikoek jabetu behar dute baliabideak behar direla, eta egunkariek, adibidez, ez dutela paperezko produktu bat bakarrik egiten, digitalizazioan behar direla baliabideak. Horrek dirua eskatzen du, eta baliabide publikoak ere funtsezkoak dira.
Midaseko komunikabide gehienetan badago laguntza publikoa, baina badaude salbuespenak. Adibidez, Galiziako Nos diario; Galiziako Xuntak ez du zentimo bakar bat ere jartzen, publizitate instituzionalean ere ez diete batere laguntzen, eta oso gaizki tratatuak dira. Yuri Carrazoni zuzendariordearekin egon naiz hizketan gaiaz Eslovenian.
Komunitate txikiak saretzea ere aipatu zenuen bertsoan. Zer garrantzi du hizkuntza gutxituen arteko aliantzak josteak?
Hori ere garrantzitsua da. Yuri Carrazoni bera, adibidez, Vilaweb-en egonaldi bat egitera joango da hemendik gutxira, Midasi esker, katalanezko hedabide digital horretan nola lan egiten duten ikustera. Gero, saretzea gerta daiteke edukien bidez ere. Egunkari honetan [eskuan hartu du Esloveniatik ekarritako egunkari bat], Primorski dnevnik-en, Italiako iparraldean eta Esloveniako herri batzuetan eslovenieraz argitaratzen den egunkarian, duela hilabete batzuk argitaratu zuten nik Iñaki Uriari BERRIAn egin nion elkarrizketa.
Era berean, besteen errealitatea ezagutzeak tresnak emango ditu etxean aurrera nola egin asmatzeko, ezta?
Bai, hori ere bai. Eta segur aski, Bruselara edo Europara joateko orduan ere saretuta baldin badaude hedabide horiek, indarra egiteko garrantzitsua izan daiteke. Hor, adibidez, Martxelo Otamendik aipatu zidan nola Bruselak behin bakarrik jarri duen publizitate instituzionala Midaseko hedabideetan, eta ziur aski presioa egin beharko litzatekeela hori bestela izan dadin. Azken finean, hizkuntza gutxituetan bizi garenok ere bagara Europako Batasuneko herritarrak, eta Bruselak dirua jartzen baldin badu hainbat arlotan eta hainbat eremutan, hizkuntza gutxituetako komunikabideok ere badaukagu eskubidea hori jasotzeko.

Martxelo Otamendiren eskutik jaso zenuen saria, hain justu, Midaseko lehendakari izendatu berritan. Berezia izango zen.
Bai, oso berezia izan zen, eta gustura egon nintzen. Edita Slezakova izan da hamabi urtez Midaseko presidentea, eta berak eman zidan saria, nahiz eta Martxelok egin zuen nire laudatio-a. Afari hartan, nire sariaz gain, Milan Rakovaci ere saria eman zioten, eta gero omenaldia egin zioten Editari, hamabi urte hauetan egin duen lanagatik. Bojan Brezigar ere omendu zuten; Midasensortzaileetako eta sustatzaileetako bat izan zen, urte luzez aritua bertan.
Zuekin batera, beste euskaldunik ere izan zen han: Maluta Filmsekoak.
Chester Yang Sierra Leonako zinemagilea dokumental bat egiten ari da Euskaldunon Egunkaria-ren itxieraz, Martxelo Otamendiren inguruan, eta gaur egun kazetaritzak gizartean daukan garrantziaz. Orduan, dokumental horren koprodukzioan sartu da Maluta Films, eta bertako Amaia Txokarro eta Dani Sagastume han izan ziren irudiak hartzen eta elkarrizketak egiten.
Urak bere bidea egingo duela kantatu zenuen. Hemendik aurrera, ildo beretik jarraitzea da asmoa?
Bai, nire eguneroko lana apenas aldatuko den. Oso pozik nago BERRIAn, Bizigiro sailean, eta komunikabideei eta ikus-entzunezkoei buruzko informazioa lantzen. Esloveniako bidaia hau pizgarri bat da lanean jarraitzeko.