Iñaki Uria: «Hizkuntza ez ezik, nazioa ere finkatzeko garrantzitsua izan zen 'Euskaldunon Egunkaria'»

'Argia'-n eta 'Euskaldunon Egunkaria'-n askotariko lanak egin zituen Iñaki Uriak. Hamaika telebistako zuzendari izan da hemezortzi urtez, eta erreleboa eman dio Ainhoa Jauregiri. Bizitza osoa eskaini die euskarari eta euskarazko hedabideei.

urtzi urkizu
Hernani
2024ko urriaren 20a
05:00
Entzun

Medikuntza ikasketak hasi zituen, baina euskalgintzan aritu da beti Iñaki Uria (Zarautz, Gipuzkoa, 1960). Idazten, kudeaketa lanetan, euskarazko hedabideentzat laguntzak eta sosak lortzen... Komunikabideak sortzen ere bai. Euskaldunon Egunkaria-ren sortzaileetako bat izan zen; zuzendari eta kontseilari ordezkari aritu zen. Hamaika telebistaren sortzailea ere izan zen, eta horretan jardun du azken hemezortzi urteetan. Hernaniko (Gipuzkoa) terraza batean hasi da euskarazko prentsaren ingurukoak kontatzen.

Zein dira haurtzaroaz dituzun oroitzapenik bizienak?

Kalean jolasten ginen; asko ibiltzen ginen pilotalekuetan. Lan mundua ere gertu zegoen; Berdura plazan denda zuen aitak, eta jolasak, ikasketak eta lana batuta zeuden han inguruan. Uste dut txikitatik uztartu izan ditudala lana eta jolasa.

Ikasle ona al zinen?

Bai, txintxoa. Ikasketetan ondo ibiltzen nintzen.

Ikasle ona izan behar Medikuntza ikasketak aukeratu ahal izateko...

Txikitatik nuen bokazioa izan zen hori: medikuntzak asko erakartzen ninduen. Baina COUn [egungo batxilerra] beste asmo eta gogo batzuk ere ireki zitzaizkidan; antropologia, adibidez, baina orduan ez zegoen karrerarik. Kezka horiek areagotuz joan ziren. Iruñean Opus Deiko unibertsitatean Medikuntza egiten nuen garaian, Jose Migel Barandiaranen ikastaro batzuetara joaten nintzen. Talde euskaltzale eta egokia zegoen ikastaro haietan. Frankismoaren amaiera zen, garai konbultsoa. Saltsa handia eta bizia zegoen Iruñean. Medikuntzan, bestalde, bosgarren kurtsoko ikasleak ikusten nituen, eta beldurgarri bilakatzen ziren haietako batzuk. Halako gogoetek eraman ninduten Medikuntza ikasketak uztera.

Eta ondoren?

Euskal Filologiako ikasketak hasi berriak ziren, eta horietara jo nuen.

Iñaki Uria.
Iñaki Uria. JON URBE / FOKU
Argia aldizkarira nola iritsi zinen?

Bateratsu, 1979. urtearen bueltan. Zeruko Argia zen orduan, eta hasieran kolaboratzaile aritu nintzen. Unibertsitatean, bestalde, Josu Landa eta aldizkarian idazten zuten beste batzuk ezagutu nituen. Elixabete Garmendiak eta Pilar Iparragirrek aldizkaria utzi zuten, eta orduan beste talde bat sartu zen. 1980tik aurrera, lantaldean murgildu nintzen.

Susa aldizkaria ere egiten zenuten.

Euskal Filologia ikasten ari ginen batzuk hasi ginen literatur aldizkaria ateratzen. Ikasle garaiko kontu bat zen. Argia-n, bestalde, kultur arloko gaiak lantzen nituen, tartean kontzertuen ingurukoak. Susa aldizkariaren gainean esango nuke belaunaldi bakoitzak bere plataforma sortzen duela; gaur egun ere sortzen dira tankerako talde berriak.

Gorabehera ekonomiko handiak zenituzten Argia-n, ezta?

Trabesia oso luzea izan zen, bai. Zorrak zeuden, horiek kudeatu behar ziren... eta horretan zebiltzan Joxemi Zumalabe eta Joxe Mari Ostolaza. Taldean, berriz, Pello Zubiria, Josu Landa, Jon Barandiaran eta beste batzuk geunden. Kontua da Argia atera behar genuela aurrera, hortik ezin genuela kobratu, eta bizitzeko dirua beste toki batetik atera behar genuela; hortaz, gau eskoletan klaseak ematen genituen, itzulpen lanak egiten genituen, diseinukoak... eta horrelakoak.

«'Argia'-n ari ginela, ezin genuen hortik kobratu. Bizitzeko dirua beste toki batetik atera behar genuen: gau eskoletan klaseak emanez, itzulpen eta diseinu lanak eginez... eta horrelakoetan»

Egin eta Deia egunkariak sortu zituzten, baina haietan euskaraz gutxi argitaratzen zen.

1977. urtean sortu ziren bi egunkari horiek. Euskaraz argitaratzen zituzten artikuluen ehunekoak ez ziren sekula nahikoak. Astekari batzuk ere sortu zituzten garai hartan, eta horiek gehienbat gaztelaniaz ziren. Argi genuen guk euskaraz eta euskaratik egin behar genuela.

Nola piztu zen euskarazko egunkaria sortzeko ametsa Argia-ko taldean?

Nahiko azkar. 1980ko hamarkadaren hasieran ETB sortu zen, 1982aren amaieran. Euskal Herrian Euskaraz-ek ere egin zuen ETBren sorreraren aldeko kanpaina. Mahai inguruetan, Eusko Jaurlaritzak aipatzen zuen entzutekoa bultzatzea lehenbizi, eta ikus-entzunezkoa gero. Guk galdetzen genuen: «Eta idatzizkoa?». Hori bazter uzten zutela ikusten genuen. Aldizkaria bera ez zuten laguntzen. Argia-n, hala ere, arnasa pixka bat hartzen hasi ginenean, ikusi genuen hurrengo pausoa egunkaria zela. Lau astez jarraian lau editorial atera genituen behar zirenak aldarrikatuz: euskal prentsaren lege bat eskatzen genuen, eta tartean euskarazko egunkaria ere bai.

Lehen fase haiek nola garatu ziren?

Beharra nabarmentzen genuen, eta hori artikuluetan agertzen zen. Prozesua oso luzea izan zen. Garai hartan, euskaraz soilik Argia, Anaitasuna eta Karmel aldizkariak zeuden; gero, pixkanaka, hasi ziren Tttipi Ttapakoak, Arrasate Pressekoak... Baina ez zegoen besterik, eta Anaitasuna-k utzi egin zuen 1982an. Bilbo inguruko ikasle eta irakasle talde bat gurekin kolaboratzen hasi zen, era berean. Bidean jendea ezagutuz joan ginen. Hamarkada hartan, Jaurlaritzak esaten zuen ez zegoela kazetaririk eta ez zegoela irakurlerik euskarazko egunkari bat sortzeko. Baina guk ikusten genuen herri bezala beharra zegoela: egunkari bat izan gabe, ez da finkatzen ez hizkuntza eta ez nazioa. Guk bakarrik ezin genuen, ordea.

Erreibindikatzeaz gain, ekin egin zenioten.

Ezagutza pilatuz joan ginen. Eta une batean klik egin genuen. Beste batzuekin elkartu ginen: Egunkaria Sortzen taldea abiatu zen.

Martin Ugalde nola iritsi zen zuengana?

Argia-ren urtekarian konfrontazioko elkarrizketa bat egiten genuen: erakundeetako pertsona bat eta herri mugimenduetako beste bat. Joxemi Zumalabe eta Martin Ugalde jarri genituen elkarrekin. Elkar ezagutzen zuten, eta Ugalde gobernuan zegoenean haren aurka idazten genuen. Gero, Ugaldek onartu zuen egunkariaren egitasmoan gurekin bat egitea. Karlos Santamaria ere sartu zen Egunkaria Sortzen taldean. EAJko beste batzuekin ere saiatu ginen, baina txilibituak funtzionatu zuen... Gu ahalik eta plataformarik zabalena egiten saiatu ginen, Argia-tik bakarrik ezin baikenuen. Elkar argitaletxearen munduarekin bat egin genuen, eta, bestalde, errotatibaren mundua behar zen... Lortu zen jende desberdinak bat egitea egitasmoan.

Baina oztopoak izan ziren, ezta?

EAJk beti mugak jarri zituen. Ikusi zuenean gu aurrera abiatu ginela, beste proiektu bat sortu zuten.

1990eko abenduaren 6a: Euskaldunon Egunkaria-ren lehen zenbakia argitaratu zenuten. Eta Jaurlaritzak zenbaki bakarreko egunkari bat zabaldu zuen Durangoko Azokan.

Egunero izena zuen Jaurlaritzaren egunkari hark. Gu 0 zenbakiak egiten ari ginen egun batzuk lehenago, eta abenduaren 3an Jaurlaritzak prentsaurreko batera deitu zuen. Hara joan nintzen, eta Jaurlaritzak aurkeztu zuen abenduaren 6an atera behar zuen hura. Nik galdetu nien ea bazekiten abenduaren 6an Euskaldunon Egunkaria jaiotzera zihoala. Erantzun zidaten: «Hori zuek esaten duzue». Kontsideratzen zuten propaganda eta agitazio kanpaina batean ari ginela, eta Euskaldunon Egunkaria-k ez zuela bi egun iraungo.

Haienak iraun zuen egun bat.

Bai, koloretan zen, oso polita. Gero esan zuten prototipo bat zela. Horren helburu behinena zen Euskaldunon Egunkaria-ri kaltea egitea, finantzaketa lortzeko bidean aurreko egunetan batzuek erantzuten baitzuten Jaurlaritzak beste egunkari bat egin behar zuela. Kaltea egin zuten horrekin, nahita.

Euskaldunon Egunkaria jaio zen, eta Argia-k jarraitu zuen.

Gure artean banaketa bat egin genuen: batzuk Argia-n gelditu ziren. Dilema bat ere izan zen Argia-rekin zer egin. Eta Euskaldunon Egunkaria-k urtebete irauten bazuen, pentsatzen genuen irits gintezkeela laguntza batzuk lortzera. Lau urte pasatu ziren, ordea, Jaurlaritza Egunkaria laguntzen hasi zen arte. Eta Argia-k ere jarraitu zuen.

«'Euskaldunon Egunkaria'-k urtebete irauten bazuen, pentsatzen genuen irits gintezkeela laguntza batzuk lortzera. Lau urte pasatu ziren, ordea, Jaurlaritzaren laguntza iritsi arte»

Zer garrantzi izan zuen urte haietan Joxemi Zumalabek?

Funtsezkoa izan zen Zumalabe motor bezala. Gure talde txikiaren kohesionatzailea izan zen, eta kanpoan zuen sedukzio ahalmen ikaragarria baliatu zuen. Kontua da 1991ko otsailean lehen ebakuntza egin ziotela, eta haren baja asko sufritu genuen. 1993an hil zen.

Martxelo Otamendik Egunkaria-ko zuzendari kargua hartu zuenean, kontseilari ordezkari bihurtu zinen. Nola eraman zenuen artikuluak idatzi beharrean ardurak bete beharra?

Marroia, edo deitu nahi moduan. Zumalabe hil zenean, zuzendari nintzen 1993an, eta kontseilari ordezkari izateko beste baten bat nahiago nuen, baina hori egokitu zitzaidan. 1994an, Jaurlaritzarekin akordioa egin genuen, asko kostatuta. Joseba Arregi zen sailburu. Asko kosta zitzaigun: gogoan dut Martin Ugalderen artikulu bat, Ez zait mamu bat gehiago kabitzen kolkoan lerroburukoa, Jaurlaritzakoekin izandako bilera batetik altxatu ostean idatzitakoa.

Herritarrek nolako harrera egin zioten Egunkaria-ri?

Beste honetaz ez da asko hitz egiten: Argia-tik bultzatu genuen Euskal Herrian Euskaraz, eta talde horretan parte hartu genuen. Kontzientzia hartua genuen: kalean ez bazen euskaldun alfabetatuen kopurua hazten, alferrik ari ginen. Mugimendua sustatu behar zen. Euskal Kulturaren Batzarra sortzen ere ibili ginen. Ikusten genuen mugimenduak behar zirela, eta herriz herri ibili ginen jendea ezagutzen. Egunkaria Sortzen sortu zenerako, bagenuen herrietako taldeekin harremana, eta hori funtsezkoa izan zen.

Euskaraz irakurtzeko ohitura ez zen handia 1990eko hamarkadan.

Hori zen Egunkaria-n egiten genituen gogoetetako bat. Egunkari nazional batekin bakarrik oso zaila zen irakurzaletasuna lantzea. Horregatik, interesgarria iruditu zitzaigun tokiko egunerokoak sortzea. Produktu arin batzuekin irakurleak irabazteko bidea egon zitekeela ikusten genuen, eta herri aldizkari batzuekin elkarlanean hasi ginen. Gero iritsi ziren Hitza-k.

2003ko otsailean bortxaz itxi zuten arte, zein izan zen Egunkaria-k euskararen normalizazioan egin zuen ekarpena?

Ekarpen nagusietako bat euskara batua eta normalizatua idatzian finkatzea izan zen. Aurrerapen handia egin zuen. Lehen estilo liburua Josu Landak eta Koldo Izagirrek landu zuten, eta oso garrantzitsua izan zen. Hizkuntza ez ezik, nazioa ere finkatzeko garrantzitsua izan zen Egunkaria; sailak antolatzeko modua, mapak, erreferentziak eta abar. Egunkaria-k markatu zuen gure lurraldearen ikuspegi zabal bat.

Iñaki Uria
Iñaki Uria, Zarautzen, urriaren 9an. JON URBE / FOKU
Zer gelditzen zaizu esateko Egunkaria-ren itxieran bizi izan zenuenaz?

Ezer ez. Beste basakeria bat. Herri honetan sufritu ditugun beste basakeria asko bezalakoa. Baina kasu honetan gu harrapatu gintuen. Hizkuntza eta herria aurrera ateratzeko proiektua goitik behera moztu zuten. Pertsonalki, torturak, kartzela... eta horrek dakarren guztia.

Egunkaria itxi eta hurrengo egunean Egunero kioskoetan izatea zeren erakusle izan zen?

Bost egun pasatu ostean jakin nuen, kartzelan sartu nindutenean. Sekulako poza eta harrotasuna sentitu nuen. Banekien jende prestatua eta prestua zegoela, eta aurretik Egin-en itxieran ere erreakzionatu zen. Egunkaria itxi zutenean, erreakzioa ez zen kalean soilik gelditu, eta lortu zen berriz ere egunkari bat martxan jartzea. Herri bezala erantzun hori oso garrantzitsua da. Meritu handia izan zuten horretan aritu zirenek, izan zezaketen beldur guztiarekin. Eta gertatutakoak erakusten du aurretik egindakoa ona izan zela.

Kartzelan egindako hemezortzi hilabeteetan zein izan zen unerik gogorrena?

Aranjuezko [Espainia] kartzelan nintzen, eta 2004ko martxoaren 11ko jihadisten atentatuak bizitzea egokitu zitzaidan. Euskal presoak itxi egin gintuzten ziegetan, eta hasieran ez genuen ulertzen zer gertatzen ari zen. Jakin genuen modulu batzuetan euskal preso batzuei eraso egin zietela. Ez zen izan bi eguneko kontua: luzatu egin zen. Beste momentu txar batzuk ere izan nituen: kartzelan hil zirenak, beren burua hil zutenak, zainak moztu zituztenak... Kartzelak oso ondo erakusten du gizarteak nola funtzionatzen duen.

Egunkari bat sortzen laguntzeagatik pasatu zenuen kartzelaldi hori.

Bai, baina ez da egunkari bat bakarrik. Hizkuntza, herria, lan horretan ari zara. Izan ere, hemen politikoki aurreratzen da hizkuntzarekin aurrera egiten den neurrian. 

BERRIA sortu aurretik, artikulu batzuetan ahots batzuek auzitan jarri zuten egunkariaren izaera edo ideologia.

Hori beti egon da. Eusko Jaurlaritzak esaten zuen Egunkaria ez zela gehiago saltzen egunkari «txarra» zelako, eta txarra zen «politikoki ez-zuzena» zelako. Egunkaria itxi zutenean, EAJko agintari horietako batzuek aukera ikusi zuten egunkari instituzional bat egiteko.

Baina ez zuten egin, eta BERRIA jaio zen 2003ko ekainean. Lehen hilabeteetan harpidedun asko zeuden, baina kopurua apalduz joan zen.

Naturala da hori. Berotasunean, normalagoa da atxikimendu moduan harpidedun egitea. Hasieran asko egin ziren harpidedun. Baina gero errealitateak eta bizimoduak bere tokira eramaten zaitu.

Nola murgildu zinen tokiko euskarazko telebisten lizentzien kontuan?

Kartzelatik nentorren ideia horrekin. Egunkaria egin ostean, beste pauso bat eman behar zela ikusten nuen. Kointziditu zuen Jaurlaritzak telebista lizentziak ateratzeko aukera zuela; beste multiplex autonomiko bat, eta tokiko telebistak lehiaketara ateratzeko aukera zuten, eta tokikoak atera zituzten. Prestatuz joan nintzen horietan sartzeko. Hasierako ideia zen gero Hitza-k izan diren horiekin batera sortzea tokiko telebistak, sinergiak baliatuz. Eragile batzuk ere beharko zirela ikusi genuen berehala.

Zeinekin aritu zineten horretan?

Hainbat ekoiztetxe tentatu genituen. Azkenean, komunikabideak sartu ziren tartean: hiru egunkari, BERRIA, Gara eta Noticias taldea. Haiekin batera, Hamaika sortzeko Elkar argitaletxea, Euskaltel eta Bainet ekoiztetxea batu ziren egitasmora. Horren aurretik ate asko jo genituen; prozesua ez zen erraza izan.

«Jaurlaritzak ez zuen lehiaketara atera multiplex autonomikoa. Denborarekin, uko egin zion horri, eta Madrilera itzuli zuen. Ez dute konpetentziarik nahi izan ETBrentzat. Ondo zaindu dute hori»

Hamaikak hainbat lizentzia lortu zituen, baina telebista egitea garestia da.

Hasierako kapitala milioi bat eurokoa izan zen. Ondotik, kapital anpliazioak izan dira. Aipatutako enpresa horiek dirua jarri dute.

Zer neurritakoak izan dira Hamaikari erakunde publikoek eman dizkioten diru laguntzak?

Oso eskasak. Indarrean dagoen diru-laguntza eredua prentsa idatzian dago oinarrituta. Telebistarena oso txikia izan da beti. Tokiko telebisten lizentziak lortzera joan ginen gu, lehiaketara horiek atera zirelako. Askoz interesgarriagoa izango zen kate autonomiko bat egitea, baina Jaurlaritzak ez zuen lehiaketara atera multiplex autonomikoa. Denborarekin, uko egin zion horri, eta Madrilera itzuli zuen.

Zergatik egin zuten hori?

Ez zutelako konpetentziarik nahi ETBrentzat. Hori asko zaindu dute. Tokiko telebista mespretxatu egin dute. ETB1 %2ko kuotaren bueltan dabil, baina tokiko telebistak %1 lortzen baldin badu, beldur izan dira %1 hori ETBri kenduko ote dion. Prentsarekin alderatuta, proportzioan laguntzak beti izan dira txikiak, eta telebista batek behar duenerako oso eskasak. ETBrekin alderatuta, ezereza. Hiltzea ere ez dute nahi, baina ez da politika egokia.

Estrategiarik ba al dago herri honek behar dituen hedabideei begira?

Ez. Ez dago estrategiarik herri bezala zer egin behar den. EITB mantentzeko erabakia dago, eta alderdi bezala [EAJri] ekartzen dizkien onurak baliatzekoa. Lehen, euskal komunikazio esparruaz hitz egiten zen, baina azkeneko hamar urteetan gauzak asko aldatu dira. Internetekoa itsaso bilakatu da, eta galduta gaude. Hizkuntza bezala eta herri bezala lan egiten ez gara asmatzen ari, eta ez dago argi zer egin behar den. 1980ko hamarkadan, argi ikusten genuen egunkaria egin behar genuela. Baina, gaur egun, zer egin behar da?

Euskarazko prentsaren kurbak gorantz egin dezan, zer egin beharko litzateke?

Ez dakit; inork ez du asmatzen. Inguruko herrialdeetako egunkariek ere ez dute asmatzen. Denak ari dira Interneten. Baina sarrerak paperean gutxi dira, eta Interneten are gutxiago dira. Euskarazko prentsan lan asko eta ona egiten da. Baina beste kontu bat da ea zer baldintza sor daitezkeen jendea mantentzeko, edukiak produzitu ahal izateko.

Euskalgintzaren erronketako bat da hori, ezta?

Bai, baina ez bakarra. Euskararen ikuspegitik, lan munduan euskara beharrezkoa bihurtzea garrantzitsua da; immigrazioaren alorrean asmatzea ere bai, eta ez gara asmatzen ari; gaztetxoek badakite influencer izateko erdaraz aritu behar dutela, eta ez euskaraz. Badaude euskaldunak erdaraz aritzen direnak eta hartzaile asko dituztenak. Baina euskaraz? Ez da sortzen gazteen hizkerarik eremu horietan. Ikus-entzunezkoetan edukiak sortzea ere hil edo bizikoa da.

Datorren urteari begira, jubilazioaren osterako, zer asmo dituzu?

Atseden hartu, ganbara freskatu eta pilak kargatu. Gauzak ikasi nahi ditut, birziklatu. Baina zerbait egingo dugu. Edo behintzat lagundu zerbait egin nahi duenari.

Etxean paretari begira ez zara geldituko.

Ez, hori ez, zerbait egingo dugu.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.