EITBk eta Espainiako Asobal eskubaloi ligak hitzarmen bat sinatu dute, eta, horren bitartez, datozen hilabeteetan Bidasoa taldearen partida batzuk emango dituzte ETBn. Hitzarmenak denboraldi honetarako eta 2027-2028ko denboraldirako balio du, baina, oraingoz, soilik Bidasoa taldearen lau partida iragarri dituzte. Horietako lehenengoa etzi emango dute Irungo Artaleku kiroldegitik (Gipuzkoa): Bartzelonaren kontrakoa. Asobal ligako hamargarren jardunaldiko lehia izango da hori. 20:00etan hasiko da. Lehen bederatzi partidak irabazi egin dituzte bi taldeek, eta sailkapenaren lehen tokian dira.
ETBk emango dituen Asobal ligako hurrengo partidak honako hauek izango dira: Bidasoa-Granollers, abenduaren 12an (13. jardunaldia); Bidasoa-Torrelavega, maiatzaren 1ean (26. jardunaldia); eta Bidasoa-Dicorpebal Logroño La Rioja, maiatzaren 22an (27. jardunaldia).
Telebista konbentzionalean ez ezik, ETBren plataforma digitaletan ere ikusi ahalko dira saskibaloi partida horiek.
Bera Bera, Europan
Emakumezkoen eskubaloi partidak ere eman ohi ditu ETBk. Donostiako Bera Bera taldea, kasurako, Europako Ligako multzoen faserako sailkatu da, eta partidetako batzuk ETBn ikusteko aukera izango da.
Urteak dira, halaber, Bidasoaren Europako partidak ETBk ematen dituela.