ETB1ek 'Enarak' dokumentala emango du gaur gauean

1960ko hamarkadako Enarak musika taldearen ingurukoa da lana. Beñat Iturrioz da zuzendaria.

'Enarak' dokumentala. BIRA
'Enarak' dokumentala. BIRA
urtzi urkizu
2026ko maiatzaren 13a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Euskal musika modernoaren aitzindarietako bat izan zen Enarak taldea. Haren historia biltzen duen dokumentala estreinatuko du Euskal Telebistak bere lehen katean gaur, 22:15ean. Boskote hartako kide baten semeak zuzendu du filma, Beñat Iturrioz zinemagile eta musikariak. Bira Produkzioak kooperatibak ekoiztu du, eta Bilboko Zinebi jaialdian aurkeztu zuten, 2024ko udazkenean. Ondotik, hainbat herritan egin dituzte emanaldiak.

1967an, diktadura frankista betean, askatasun egarri ziren seminarista batzuek Enarak taldea sortu zuten. Orduko euskal gizartean oraindik arrotzak ziren estilo batzuk jotzen zituzten, popa, rocka eta psikodelia, euskara hutsean. Ehunka kontzertu eman ondoren, 1971. urtean misteriotsuki desagertu ziren, betiko. Larraitzen (Abaltzisketa, Gipuzkoa) jaialdi jendetsu bat egin zuten 1971n; eta, toki berean, hainbat musikarik kameren aurrean kanta batzuk grabatu dituzte dokumentalerako. 

Jose Iñurritak, Antton Lopezek, Meltxor Maritxalarrek, Jesus Calvetek eta Juanjo Iturriozek osatu zuten musika taldea. Bada, azken horren semea, Beñat, 50 urteren ondoren, taldearen aztarnen bila abiatuko da; ornitologia, collagea eta bilaketa eszentriko bat nahasten dituen labirinto filmiko batean murgilduko da.

Bihartik aurrera, ETB On plataforman noiznahi ikusi ahalko da filma.

'Enarak' dokumentalaren trailerra.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA