Iazko irailean, Donostiako Zinemaldian, Sail Ofizialean lehiaz kanpo eta zinemazaleak adi-adi zirela, Asier Altuna zinemagilearen Karmele filma estreinatu zuten. Euskarazko lan hori zinema areto komertzialetan zabaldu zuten gero, urrian; eta, ondotik, munduko hainbat herrialdetan eman dute. EITBren Primeran plataforma digitalean, otsailaren 11n jarri zuten. Igande honetan, berriz, telebista konbentzionaleko estreinaldia izango du ETB1 katean.
Kirmen Uribe idazlearen Elkarrekin esnatzeko ordua eleberria du oinarritzat Altunaren pelikulak. Memoria historikoari oso lotua da filma. 1936ko gerra, euskaldunen erbestea, Eresoinka taldea, erresistentzia, Venezuelako diaspora eta euskal espioien lana ageri dira filmean. Karmele Urresti pertsonaia protagonistaren rola Jone Laspiur aktoreak jokatzen du. Txomin Letamendi haren senarrarena, berriz, Eneko Sagardoik egiten du. Nagore Aranburu eta Javier Barandiaran dira beste aktoreetako batzuk: bi protagonisten gurasoena egiten dute.
Txintxua Films, Esnatzeko Ordua Films eta Gastibeltza Filmak ekoiztetxeen lan bat da. Argazkia Javier Agirrerena da. Eta musika, Aitor Etxebarriarena.
Mundu zabalean egindako emanaldiei esker, euskal diasporako hainbat lagunek ikusi ahal izan dute azkeneko hilabeteetan Karmele. Orain, berriz, telebista konbentzionalera iritsiko da aurrenekoz. Igande gauean emango dute, ETB1 katean.