«Espero dugu dokumental hau aitortza nazional baten lehen urratsa izatea». Hala esan zuen Inge Mendioroz Ibañezek, Lurdes Iriondo, ez gara alferrik pasako dokumentalaren zuzendariak iazko irailaren 19an, filma Donostiako Zinemaldian estreinatu zutenean. Lurdes Iriondo Mujika abeslari eta idazlea ezagutu eta haren lana erakustea du xede dokumentalak. Hainbat gai lantzeko bidea ere eman zion Mendioroz egileari: emakumeek Euskal Herriko historian izandako rola, norberaren identitatea sortzeko erreferenteen beharra... Maluta Films ekoiztetxearen film hori Euskal Herriko herri eta hiri ugaritan eman dute azkeneko hilabeteetan. Zazpi lurraldeetan, gainera. Eta bihar gauean telebista konbentzionalean ikusi ahalko da aurrenekoz: ETB1ek estreinatuko du, 22:15ean.
Joan Baez euskalduna eta Ez Dok Amairuren musa deitu izan dute Iriondo. Baina Iriondok bazuen bere nortasuna. «Nabil, eta nabilelako nago hain neke/ ikusirikan denok hain urrun/ gauzak hain ilun, begiak hain lauso/ eskuak hain hutsik/ nabil, eta nabilelako nago hain zikin». Hala ere kantatzen zuen Iriondok. Eta hau bere «lurra» zuela. Euskaraz kantatu zuen Iriondok. Eta euskaraz idatzi, bereziki haur literatura. Bestalde, Buruntza antzerki taldea antolatu zuen Urnietan (Gipuzkoa). Euskal kulturaren transmisioan ezinbesteko erreferentea da Iriondo, eta dokumentalak horretan ere sakontzen du.

Mendiorozek makina bat elkarrizketa egin zituen Iriondoren erretratua osatzeko. Filmean entzungo dira Maite Idirin Solatxi, Koro Berasategi Iriondo, Mariasun Landa Etxebeste, Patxika Erramuzpe Alfaro, Agurtzane Intxaurraga, Jule Goikoetxea Mentxaka eta Ana Guadalupe Fernandez Bilbaoren ahotsak. Baita BERRIAko zuzendari Amagoia Mujika Tolaretxipirena ere —hark egin zien azken elkarrizketa Iriondori eta Xabier Leteri, etxean zirela—.
Dokumentalaren gidoilaria Idoia Garzes Aldazabal da. Haritz Arrizabalaga Garmendia aritu zen argazki zuzendari, eta Koldo Corella Ugalde arduratu zen soinu diseinuaz. Doinuak Maite Arroitajauregi Mursego-renak dira. Baina Iriondoren kantek zipriztintzen dute film osoa. Eider Eibarrek eta Iskander Sagarminagak egindako animazioak ere baditu dokumentalak.
Aurretik, 'Estitxu'
Ostiral gauerako, ETB1ek euskal kantarien eskaintza programatu du; hain zuzen ere, Lurdes Iriondoren inguruko dokumentalaren aurretik, Estitxu dokumentala (2018) emango dute, 21:10ean. Franck Dolosor kazetariak egindako lan hori Estibaliz Robles-Arangiz Bernaola musikariari buruzkoa da. Estitxu izenez zen ezaguna Euskal Herriko oholtza eta plazetan. Beskoitzeko urretxindorra ere deitzen zuten. Dokumentala aurretik ere eman izan dute ETBn, eta Primeran doako plataforman ikus daiteke.
Iriondori buruzko dokumentala amaitzen denean, bestalde, Maite Idirin musikariaren inguruko saio berezi bat emango dute ETB1en.