Ikus-entzunezkoak

ETB1ek 'Oihaletxea' lana estreinatuko du gaur, 23:45ean

Azterketak Euskaraz kolektiboa zer den, zergatik sortu zuten eta zer dinamika duen kontatzen du dokumentalak. Bihartik aurrera Youtuben izango da ikusgai.

'Oihaletxea' dokumentala.
'Oihaletxea' dokumentala. LANDER GARRO
urtzi urkizu
2024ko otsailaren 08a
05:00
Entzun

Oihaletxea metafora bat da: euskara irudikatzen duen metafora, alegia. «Gu oihaletxe edo oihal etxolaren barnean gaude, eta euskarak babesten gaitu. Gure babeslekua da euskara/oihaletxea, baina kanpoko elementuen —haizea, hotza, ekaitza— mende gaude. Guk oihaletxeari tinko eusten diogu, desager ez dadin. Era berean, ez dugu oihaletxea indartzeko denborarik; izan ere, etengabe kanpoko elementu horien kontra ari garenez, eskuartean duguna atxikitzen dugu». Lander Garro idazle eta dokumental egilearen azalpenak dira. Hark zuzendu du Oihaletxea dokumentala, AEKrentzat eta Korrikarentzat. Azterketak Euskaraz kolektiboaren berri ematen du filmak, eta aipatutako metafora da abiapuntua. Lan horretan, Seaskako ikasleak, gurasoak eta ikasle ohiak azaltzen dira hizketan. Haiekin dago osatua oihaletxea. ETB1 kateak gaur estreinatuko du dokumentala, 23:45ean. Bihartik aurrera, berriz, AEK-k Youtuben jarriko du, doan ikusteko moduan. Primeran plataforman ere bihartik aurrera izango da ikusgai.

Korrikaren omenaldi ekitaldian ikusi ahal izan zen lehen aldiz dokumentala, urtarrilaren 25ean. «Korrikak eta Azterketak Euskaraz taldeak gauza komun bat dute, guztiontzat begi bistakoa denaz aparte: biak jaio ziren desagertzeko bokazioarekin. Bi egitasmoak maite ditugu, baina ez dute irauteko bokaziorik, biak sortu direlako anomalia baten ondorioz; zerbait injustua aldatzeko», dio Garrok.

Nahiz eta baxoa eta brebeta frantsesez egitera behartuak izan, euskaraz idatzi zuen lehen belaunalditik gaur egungora heltzen da dokumentala. Hiru hamarkada baino gehiagoko borrokaren printzak ageri dira filmean. Garroren arabera, borroka horretan ikasleak hain estuki lotuak ikustea «hunkigarria» da. Ikasketa prozesu osoa euskaraz egin ondotik, azterketak frantsesez egitera behartuak diren ikasleengan ezarri du fokua dokumentalak.

'Itsasoak pizten gaitu', Primeran-en

Gaurtik aurrera, Primeran plataforman Beñat Gerekaren Itsasoak pizten gaitu dokumentala ikusi ahalko da. Getariak (Gipuzkoa) itsasoarekin duen lotura aztertzen du egileak, ertz askotatik. Arrantzaleen egoera da dokumental horretan lantzen diren gai nagusietako bat. Itsasoarekin lotuta bizi izan dira historian Euskal Herriko herritar ugari. Baina transmisioaren soka ez dago batere sendo gaur egun: hausteko zorian dago. Eta egoera horren gaineko hausnarketa plazaratzen du Gerekak. Dantzak ere presentzia berezia du filmean.

Itsasoak pizten gaitu dokumentalaren trailerra.

Primeran-ek, halaber, Estibaliz Urresola zinemagilearen Cuerdas film laburra jarriko du bere katalogoan —astelehenetik ikusgai dago zuzendari beraren 20.000 especies de abejas film luzea—.

Gainera, Toure detektibea telesailaren laugarren atala estreinatuko dute gaur —euskarara bikoiztuta—. Malcolm Treviño-Sitte aktoreak antzezten du rol protagonista. Datorren astean estreinatuko dute bosgarren atala, eta bi aste barru azkenekoa.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.