Igande honetan egon beharreko tokia Iruñeko Udaletxe plaza da, han jaurtiko baitute iruindarren festa handiari hasiera ematen dion suziria. Han egon ezingo direnek, ordea, ia-ia han egongo balira bezala sentitzeko aukera izango dute baldin eta telebistan ETB1 jartzen badute. Izan ere, euskarazko kate publikoak Iruñeko sanferminetako txupinazoa kontatuko du aurten ere, zuzen-zuzenean, Ilaski Serranok eta Martxelo Sotesek gidatuta.
Euskarazko kontakizuna eitb.eus atarian ikustea ere egongo da. Bi aurkezleez gain, Egoitz Txurruka, Iñigo Ziganda eta Joseba Olagarai erreportariak arduratuko dira ikus-entzuleei txupinazoko nondik norakoen berri emateaz. Saio berezia 10:45ean hasiko da; hala jakinarazi dute gaur EITBko arduradunek, Iruñeko sanferminetan izango duten programazioa aurkezteko ekitaldian.
Zazpi eguneko etengabeko festa dira sanferminak. Egun horietako protagonista nagusietako bat entzierroa da, eta hura ikusteko aukera ere izango da, goizero-goizero, ETB1en. 07:40an hasita, Nerea Reparaz kazetaria izango da entzierroen kontalaria, eta hiru erreportari izango ditu bidelagun: Anabel Arraiza, Joseba Olagarai eta Iñaki Ainziburu. Entzierroak kontatzeaz gain, gonbidatuak izango dituzte egunero, eta kaleko giroa ere erakutsiko dute, batetik bestera ibilita.
Hamaika ere izango da txupinazoan
Hamaika telebistak ere saio berezia egingo du igandean Iruñeko Udaletxe plazatik, sanferminetako txupinazoa kontatzeko. Iruñeko udaletxeko balkoitik suziria nola jaurtitzen duten eta plazan zer-nolako giroa egongo den ikusi ahalko da Hamaikan, 11:30etik 12:30era.
Udaletxe plazatik harago joango dira, eta Iruñeko kaleko giroa eta herritarren bizipenak jasotzen arituko dira saio berezi horretan.
Gainera, Hamaika telebistak egunez egun ere emango du Iruñeko sanferminen berri, eta hiriko askotariko txokoetako ospakizunak, ekitaldiak eta kaleko giroa erakutsi eta kontatuko diete ikus-entzuleei.
Telebistan ez ezik, Internet bidez ere ikusi ahalko dira saio horiek guztiak.
Bestalde, Biba zuek! saioa Iruñetik egingo dute uztailaren 7an, San Fermin egunean, eta sanferminetako pilota partidak ere emango dituzte ETB1en eta eitb.eus webgunean: bai eskuzkoak, bai erremontekoa. Uztailaren 12an Puro Relajo taldeak Iruñean emango duen kontzertua ere ikusi ahalko da telebistan, eta baita Gaixoa ni ekitaldia ere, uztailaren 14an.
Telebistak bezala, irratiak ere emango du Iruñeko sanferminen berri. Euskadi Irratian Eli Eraso eta Olatz Balda kazetariak arduratuko dira txupinazoa kontatzeaz, eta Iñaki Berastegi eta Andoni Amadoz entzierroen berri emateaz. Sanferminetako kirol ekitaldi guztiak irrati bidez entzuteko aukera ere egongo da.
Uda ETB1en
Gaur Iruñean egin duten ekitaldian ez dute soilik sanferminez hitz egin: EITBren udako programazioaren berri ere eman dute. Astelehenetik martxan da ETB1en Uda-pasa saioa. Astelehenetik ostegunera izango da udan, 21:20an hasita. Nerea Alias da aurkezlea, eta Donostiako Aquariumaren gainetik egiten dute.
Bestalde, igande honetan itzuliko da pantailara Erromerian programaren bigarren aldia, Anabel Arraizak eta Agus Barandiaranek aurkeztuta.
Abuztuan, berriz, Gasteizko, Donostiako eta Bilboko jaietan ere izango dira ETBkoak. Zuzenean emango dituzte Gasteizko Zeledonen jaitsiera, Donostiako kanoikada eta Bilboko Marijaiaren etorrera. Donostiako eta Bilboko su festak ere ikusi ahalko dira telebistan, eta, horien harira, saio bereziak egingo dituzte, Ilaski Serranok eta Klaudio Landak aurkeztuta. Txirrindularitza, arrauna eta pilota ere ez dira faltako ETBn uda honetan.