ETB1ek 'Spoiler maitea' emango du astelehenetik aurrera

Primeran plataformak otsailean estreinatu zuen hitzordu laburren saioa. Orduko atalak telebista konbentzionalera iritsiko dira orain.

'Spoiler maitea' saioaren artxiboko irudi bat. EITB
'Spoiler maitea' saioaren artxiboko irudi bat. EITB
urtzi urkizu
2026ko irailaren 3a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Ez da gertatzen den lehen aldia. EITB taldearen Primeran plataformarako egindako saio bat eremu digitalean zabaldu dute lehenbizi, eta, handik bolada batera, ETB1 telebista kate konbentzionalean ematen hasi dira. Spoiler maitea izeneko speed dating programa otsailean estreinatu zuen Primeran doako zerbitzu digitalak, eta datorren astelehenetik aurrera ETB1 katean ematen hasiko dira: astelehenetik ostegunera, 21:15ean.

Speed dating formatua zer da, bada? Hitzordu laburren genero bat, gazteentzat. Hitzordu labur batean, plato batean, bi gazte elkar ezagutzen hasiko dira. Spoiler bakoitza agertzen denean, lehiakide batek bestearen sekretutxoa irakurri eta komentatu egingo du. Lehiakide horrek, era berean, aukera izango du botoi gorria sakatu, hitzordua eten, eta beste pertsona bat ezagutzera joateko. Halako spoiler edo sekretuek aukera emango diete parte hartzaileei askotariko elkarrizketak izateko. Gustuak eta zaletasunak, iraganeko harremanak, sexua, datu bitxiak, familiaren ingurukoak, fobiak eta red flag deiturikoak (seinale gorriak) —pertsona bat ezagutzeko garaian uxagarri suerta daitezkeen jarrerak—. 

Parte hartzaileak 18 eta 35 urte artekoak dira. Protagonistak aurrez aurre jartzen dituzte, aldiro bi lagun, aulki banatan eserita. Hitzordu labur horretan, parez pare duten lagunaren egia deseroso bat edo spoiler bat jakingo dute. Lehen hitzorduan aitortuko ez luketen zerbait izango da gehienetan. Horretarako, spoiler pantailak izango dituzte saioko platoan. Formatuaren oinarrizko galdera hau da: «Zer gertatuko litzateke lehen zitan gure aitortu gabeko egiak agertuko balira?».

Lehiakide batek hiru hitzordu jarraian eteteko erabakia hartzen baldin badu, lehiakide hori bera kaleratuko dute. Parte hartzaileek hainbat spoiler pasatzen baldin badituzte eta bidean ez badiete botoi gorria sakatzen, azkeneko galderaren txanda iritsiko da. Bi lagun hitzorduaren amaierara iristen baldin badira, galdera hauxe izango da: «Jarraitu nahi al duzu pertsona hori ezagutzen?». Bi lagun horiek erabaki beharko dute handik elkarrekin joango diren ala bakoitzak bere bidetik jarraituko duen. Edonola ere, saioan beste hitzordu baten kontakizuna hasiko da.

'Intimitatean' eta 'Lau hankan' ETB1en

Primeran plataformako beste saio batzuk ere ari dira ematen azkeneko asteetan. Kasurako, Nerea Aliasek aurkezten duen Intimitatean elkarrizketa saioa —astearte gauetan aritu dira ematen euskarazko kate konbentzionalean—. Aste honetan, Maria Cruickshanck, Twin Melody bikotea eta Edurne Azkarate izan ditu gonbidatu Aliasek, bere sofa erosoan.

Aurreko ikasturtean, udaberri partean, ETB1 Linbo saioaren atalak ematen aritu zen. Denboraldia, berez, Primeran plataformarako prestatua zegoen, eta aste batzuk geroago ekin zion kate konbentzionalak Aitziber Gradosek gidatzen duen late night show-a emateari.

Uda honetan, halaber, Lau hankan saioa eman du ETB1ek. Eta programa hori ere aurretik Primeran-en jarri zuten.

Aukeratu BERRIA gogoko iturri gisa Googlen. Aktibatu hemen

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA