Nerea Alias: «Iragar dezaket laugarren denboraldia ere egingo dugula»

Primeran plataformak 'Intimitatean' elkarrizketa saioaren hirugarren denboraldia estreinatuko du bihar. Alias «pozez zoratzen» dago saioa egiten ari den bidea ikusita.

Nerea Alias 'Intimitatean' saioko aurkezlea. PRIMERAN
Nerea Alias 'Intimitatean' saioko aurkezlea. PRIMERAN
urtzi urkizu
2026ko urtarrilaren 14a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Nerea Aliasek (Anoeta, Gipuzkoa, 1984) sortu zuen Intimitatean saioa, eta bera da aurkezle eta zuzendari. Denboraldi berriaren estreinaldia ospatzeko, «emakumeen festa» bat egingo dute Bilbon.

Programaren hirugarren denboraldia dagoeneko. Seinale ona, ezta?

Bai, nire ametsik onenetan ere ez nuen imajinatuko hirugarren denboraldia emititzera iritsiko ginenik. Oso lantalde polita dugu, eta hasieratik buruan nuen kontzeptua ulertzen jakin zuten lankideek. Arrakasta izatea ez da erraza. Eta zoratzen nago saioa ikus-entzuleengana iritsi delako.

Zer garapen izan du saioak hasi zenetik gaur arte?

Ez da hainbeste denbora pasatu lehen atala eman zenetik [2024ko irailean hasi zen]. Hortaz, saioaren formatuak ez du bilakaera handirik izan. Baina esango nuke saioa helduz joan dela. Hirugarren denboraldi honetan elkarrizketak mamitsuagoak dira, eta aitortza batzuk, oso indartsuak. Alde horretatik, saioa biribilagoa da. Gainera, gonbidatuek saioa ikusi dutenez, oso prest etortzen dira. Horrenbestez, formatua ez dugu askorik landu behar izan. 

Zein izango dira denboraldi honetako gonbidatuak?

Ane Rot, Zuriñe Hidalgo, Ainhoa Etxebarria, Onintza Enbeita, Nerea Mazo, Ane Gabarain, Edurne Pena, Anabel Arraiza, Iratxe Aguilera Kai Nakai eta Sara Cozar. Adibidez, Ane Gabarain elkarrizketatzea fantasia hutsa izan da, zentzu guztietan. Hiru denboraldietako elkarrizketa onenetakoa izan da Gabarainena. Beste batzuen lekukotzek ere asko harritu naute. Denak irekitzen dira gure sofan.

Zu erosoago al zaude orain sofa horretan?

Bai, hasieratik sentitu naiz eroso. Proiektua martxan jartzean, nire erosotasunean pentsatu nuen: horregatik sofan, horregatik eserita eta lasai, horregatik gozo eta nire etxean egongo banintz moduan. Nire intimitatea ere kontatzen dut batzuetan, nahiz eta protagonista ez izan. Baina egia da gero eta gusturago nagoela. Formatua oso nire egin dut, eta leku seguru batean sentitzen naiz programan.

Ezezko asko jaso al dituzu?

Jaso ditut batzuk, eta normala eta ulergarria da. Pertsona batzuek etorri nahiko lukete, baina ez dira atrebitzen. Ezezko batzuk agenda kontuengatik ere izan dira.

Nerea Alias Intimitatean saioan
Nerea Alias 'Intimitatean' saioko aurkezleak hamar emakume elkarrizketatuko ditu hirugarren denboraldian. PRIMERAN
ETB On plataformaren aurkezpenean zinela, ETBko zuzendaritzako baten batek nabarmendu zuen saioa. ETBn pozik daude Intimitatean-ekin?

Oso pozik. Programa batek harrera ona duenean eta gustukoa denean, baloratu egiten da. Formatua bera ikusteko erraza da. Emakumeoi bozgorailu gutxiago eskaintzen zaizkigu. Eta ETBk horrelako formatu bat baloratzen du, ez baitago euskaraz beste halakorik. Formatua oso mimatua da; harro nago horretaz. Iragar dezaket laugarren denboraldia ere egingo dugula.

Zer da zuretzat zailena saioan?

Zailena izaten da elkarrizketak moztea eta editatzea. Edizioaren prozesuan parte hartzen dut, eta pena eman ohi dit material asko kendu behar izateak. Elkarrizketa askotan ordubete inguru egoten naiz gonbidatuarekin hizketan, baina atalek 20-25 minutukoak izan behar dute. Dena ezin da utzi.

ETB1en prime time-aren ostean eman zituzten atal batzuk. Emango al dituzte gehiago?

Gustatuko litzaidake, Primeran-eko publikoa eta ETB1ekoa ez baita berdina. Zenbat eta jende gehiagorengana iritsi, niretzat askoz hobeto. ETBko aukera hori baliatu daiteke.

ETB2ko arratsaldeetan zer moduz zabiltza?

Bosgarren urtea dut Esto no es normal lehiaketa aurkezten, eta oso-oso gustura nabil. Egoitz Txurrukarekin ezin hobeki konpontzen naiz, eta ikusle datuak onak dira oraingoz. Gabarainek Intimitatean-eko elkarrizketan esan zuen «lasaitasun mentala» eskatzen duela, eta niri arratsaldetako programak hori ematen dit nire bizitza laboralean. Hor erretiratu nahiko nuke. Gainera, beste proiektu batzuekin uztartzeko aukera ematen dit ETB2ko lehiaketak.

Zer falta zaizu telebistan egiteko?

Gauza asko falta zaizkit egiteko. Baina neure buruari ez dizkiot sekula hegoak moztuko. Telebistan aritzea ikaragarri gustatzen zait, batez ere jendea entretenitzea. Horixe da nire lanbidea, eta maite dut.

Irratian ere arituko al zinateke?

Ez diot ezeri ezetz esaten, eta hori ere egingo nuke. Baina ez dut uste ahots oso polita dudanik irratian aritzeko. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.