ETB1ek 'Zure bizitzako kontzertua' estreinatuko du bihar

Hertzainak taldeak 2022ko abenduan Barakaldon eman zuen kontzertua ikusi ahalko da euskarazko katean. Hurrengo asteetan, beste 11 kontzertu emango dituzte.

Joseina Etxeberriak aurkeztuko du ETB1eko 'Zure bizitzako kontzertua' saioa. ETB
Joseina Etxeberriak aurkeztuko du ETB1eko 'Zure bizitzako kontzertua' saioa. ETB
urtzi urkizu
2026ko uztailaren 11
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

ETB1 kateak berrikuntza gutxi izango ditu udako programazioan. Berritasun bakanetako bat da, beraz, Zure bizitzako kontzertua musika saioa. Joseina Etxeberria Euskadi Irratiko esatariak —Kantu kontari irratsaioa gidatzen du— aurkeztuko du programa hori, eta igandero euskal musika talde esanguratsuen kontzertuak izango dira ikusgai.

Bihar, lehen atalean, Hertzainak musika taldeak 2022ko abenduan Barakaldoko BECen (Bizkaia) emandako kontzertua ikusteko aukera izango dute ikus-entzuleek. 1981. urtean Gasteizen sortu eta 1993ra arte egin zuen bidea Hertzainak taldeak —sei disko argitaratu zituzten—. 2022. urtean elkartu zen banda berriz, bi kontzertu berezi emateko. 22:15ean hasiko da emanaldia ETB1en.

Datozen igandeetan, bestalde, honako taldeen eta musikarien kontzertuak emango dituzte ETB1 kateko saio berrian: Huntza, En Tol Sarmiento, Doctor Deseo, Fermin Muguruza, Gorka Urbizu, Izaro Andres, Esne Beltza, Errobi, Gatibu, Bulego eta Zetak. Azken talde horren Mitoaroa hiru ikuskizunak Primeran plataforman daude ikusgai.

Zure bizitzako kontzertua musika saioa ETB1 katean ez ezik, ETB On doako plataforma digitalean ere emango dute.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA