Hego Euskal Herriko herritarrak bozetara deituak daude hilaren 29rako, Espainiako Gorteetarako ordezkariak aukeratzeko. Arabako, Bizkaiko, Gipuzkoako eta Nafarroako ordezkariak hautatuko dituzte egun horretan. Hasi berri da hauteskunde kanpaina, eta telebista eta irrati kateetan askotariko elkarrizketak, eztabaidak eta hauteskunde batzordeak ezarritako tarteak izango dira egunotan, hilaren 27ra arte.
ETB1eko eta Euskadi Irratiko euskarazko hauteskunde eztabaida hilaren 19an egingo dute. Xabier Usabiaga Gaur egun albistegiko aurkezleak egingo ditu moderatzaile lanak. PSE-EEko, EAJko, EH Bilduko, PPko eta Fronte Zabaleko hautagaiek parte hartuko dute eztabaidan.
ETB2ko gaztelaniazko eztabaida, berriz, Dani Alvarez Teleberri-ko aurkezleak gidatuko du, hilaren 24an —Radio Euskadi eta Radio Vitoria irratiek ere emango dute—.

Horrez gain, hautagaiei elkarrizketak egingo dizkiete ETB1 katean hilaren 17tik 26ra, 09:30ean, Egun on saioaren barne. Irati Errandonea kazetaria arduratuko da elkarrizketa horiek egiteaz. PSE-EEko hautagaiei bina elkarrizketa egingo dizkie, hilaren 17an eta 26an; EAJkoei beste bi, hilaren 18an eta 25ean; EH Bildu koaliziokoei, hilaren 19an eta 24an; Fronte Zabala koalizioko hautagai bat elkarrizketatuko du hilaren 20an, eta PPko beste bat 23an. Euskadi Irratian, Albiste Faktoria saioaren barne, Iñaki Guridik egingo dizkie elkarrizketak hautagaiei.
ETB2 katean, Africa Baetak egingo ditu elkarrizketak; Radio Euskadin, Eider Hurtadok; eta, Radio Vitorian, Aratz Goikoetxeak.
Hauteskunde gauean, Nerea Reparazek eta Xabier Usabiagak aurkeztuko dute ETB1eko saio berezia; eta Euskadi Irratian, Maite Artolak eta Iñigo Alustizak. EITBk iragarri du hilaren 29an «inoizko datu hedapenik zabalena eta aurreratuena» eskainiko duela. Orain informazio atarian mapa interaktiboak eskainiko dituzte, eta gobernu itun posibleen simulazioak egingo dituzte. ETB1 On eta ETB2 On kateetan, berriz, «L interaktibo berria» aktibatuko dutela iragarri dute; bertan, datuak zuzenean eguneratuko dituzte, lurralde eta udalerrien mapekin.
Espainiako kateetan, gaurtik
Espainiako telebista kateetan, bestalde, hainbat eztabaida eta elkarrizketa egingo dituzte egunotan. Gaur bertan, La Sexta kateak eztabaida bat emango du 21:30ean, honako lau hautagaiekin: Carlos Cuerpo (PSOE), Juan Bravo (PP), Jose M. Figaredo (Vox) eta Fronte Zabala (Pablo Bustinduy).
TVEk eztabaida bat antolatu du hilaren 23rako, honako zortzi ordezkari hauekin: Ester Muñoz (PP), Patxi Lopez (PSOE), Pepa Millan (Vox), Emilio Delgado (Fronte Zabala), Gabriel Rufian (ERC), Miriam Nogueras (Junts), Oskar Matute (EH Bildu) eta Maribel Vaquero (EAJ). La1 eta Canal 24 Horas kateetan emango dute, baita RNE irratian eta RTVE Play plataforman ere.
TVEn, hautagaien elkarrizketak Silvia Intxaurrondo kazetariak egingo ditu. Honako lau elkarrizketa hauen datak zabaldu dituzte: hilaren 24an, Santiago Abascalekin —Vox alderdiak, hain justu, salaketa bat jarri du kazetari bizkaitarraren aurka—; hilaren 25ean, Pedro Sanchez PSOEren hautagaiarekin; eta hilaren 27an, Alberto Nuñez Feijoo PPren hautagaiarekin.
Espainiako Telebista Akademiaren esku gelditu da Sanchezen eta Feijooren arteko aurrez aurreko eztabaidaren antolakuntza. Baina ez dute datarik jarri, oraingoz.