ETB1eko 'Ur handitan' saioak ez du jarraituko irailean

Otsailaren 26an estreinatu zuten Jaime Otamendiren erreportaje programa, eta ikusle datu txukunak izan ditu denboraldi bakarrean

urtzi urkizu
2015eko uztailaren 22a
00:00
Entzun
ETBko zuzendaritzak Ur handitan erreportaje saioa programaziotik kentzea erabaki du. Otsailaren 26an hasi zen ETB1 erreportaje saio hori ematen, Jaime Otamendi kazetaria (Elduain, Gipuzkoa, 1966) gidari zela. Ikusle datu txukunak lortu ditu, baita kritika onak ere. Askotariko gizarte gaiak landu ditu Otamendik, kalean ahots ugari jasoz. Uztailean amaitu da denboraldia, eta saioa ez da datorren ikasturteko programazioan itzuliko. Oraingoz, Otamendik EITBn lanean jarraitzen du.

Udal hauteskundeen ostean, Donostiako udal gobernuak Donostia Kulturako zuzendari kudeatzaile kargurako lehiaketa publikoa antolatu zuen —hala egin behar du legez—. Otamendi lehiaketara aurkeztu da. Eta, Donostiako EH Bilduko zinegotzi Asier Jakak atzo adierazi zuenez, EAJ eta PSE-EE «mugimenduak» egiten aritu dira Otamendi Donostia Kulturako zuzendari kudeatzaile postuan jartzeko. Koalizio abertzaleak nabarmendu du ez duela ezer Otamendiren izendapenaren aurka. «Baina lehiaketa publikoko baldintzak aldatu dituzte; hizkuntza eskakizunak egokitu dituzte Otamendi ekartzeko», salatu zuen Jakak. «C2tik C1era jaitsi dute eskakizuna». EH Bilduk ez du bakarrik kargu horren aipamena egin; udaleko beste zuzendari izendapen batzuetarako baldintzak aldatu dituztela nabarmendu du. Koalizioak salatu du hiru zuzendarik ez dutela zertan euskara jakin.

PSE-EEren betoa 2013an

Duela bi urte, Alberto Surio EITBko zuzendari nagusiaren ordezkoa aukeratzeko negoziazioetan, lehen hautagaia Mikel Agirre izan zen. Hark hautagaitzari uko eginda, EAJk Jaime Otamendi proposatu zuen. Baina haren hautagaitzarako proposamena atzera bota behar izan zuten jeltzaleek, PSE-EEk ezezkoa eman zuelako. Sozialistek ez zuten begi onez ikusi proposamena, 2009an Otamendik Patxi Lopezi egindako elkarrizketa batean «erasokor» aritu zela iritzita. Lopez lehendakari izendatu eta egun gutxira elkarrizketatu zuen Otamendik, eta elkarrizketa ez zen sozialisten gustukoa izan. PSE-EEren betoaren ostean, Maite Iturbe izendatu zuten zuzendari nagusi.

Euskadi Irratian 17 urte baino ez zituela hasi zen Otamendi. Irrati horretan, sona handia hartu zuen Arantxa Iturberekin aurkeztu zuen Goizean behin saioak (1990-1999). Ameriketako Estatu Batuetan bolada bat egin eta gero, ETBko albistegietako zuzendari izendatu zuten; 1999tik 2009ra aritu zen kargu horretan. 2009tik 2013ra, Euskadi Irratiko Mezularia saioa gidatu zuen. 2013-2014ko denboraldian, ETB1eko Airean magazina aurkeztu zuen, arratsaldez.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.