Ikus-entzunezkoak

ETB2n, 86 film; ETB1en, bakarra

Abenduko eta urtarrileko zinema eskaintza hartuz gero, ETBk 86 pelikula eman ditu gaztelaniaz, eta soilik bat euskaraz. ETB1en fikziozko azken filma iazko abenduaren 8an eman zuten. Kezka azaldu dute Euskalgintzaren Kontseiluak eta Hitzartu EITB taldeak.

'Black is Beltza 2: Ainhoa' filma. BERRIA
urtzi urkizu
2024ko otsailaren 5a
09:50
Entzun

ETBk gaztelaniaz egiten du zinema eskaintza. Gaztelaniaz nagusiki, datuak aintzat hartuz gero: abenduko eta urtarrileko eskaintza batuz gero, ETB2k 86 fikziozko film luze eman ditu —guztiak gaztelaniaz—, eta ETB1ek, bakarra. Euskal Telebistan euskaraz ikusi ahal izan zen azkeneko pelikula Black is Beltza 2: Ainhoa izan zen. Baina pasatu dira aste batzuk ordutik, abenduaren 8an eman baitzuten Fermin Muguruzaren animaziozko lana. Azkeneko hamarkadetan maiz gertatu dira halako egoerak; 2022ko maiatzetik irailaren hasiera arte, adibidez, ETB2k 130 film eman zituen, eta bakar bat ere ez ETB1ek.

Orduko hartan kezka azaldu zuten hainbat talde euskaltzalek. Kezkatuta daude orain ere. EITB Hitzartu taldeko ordezkari Fermin Zabaltzak adierazi du ETBn soilik Euskal Herriko filmak ematen dituztela euskaraz. «Hau da, euskaraz filmatuak, Euskal Herrian erdaraz filmatuak eta gero euskarara bikoiztuak edo Euskal Herriko zuzendaria izateagatik euskal kontsideratzen dituztenak». Gogoratu du ETBko zuzendari Unai Iparragirrek esan izan duela nazioarteko filmak ez dituztela ETBn ematen ikusle datu txikiak dituztelako. «Seguru hala dela: euskara hizkuntza gutxitua da. Hain zuzen ere, Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politika Sailaren eta ETBren betebeharra da elkarlan estuan aritzea gaia aztertzeko, eta egoera iraultzeko». Agintariei mintzatu zaie Zabaltza: «Ez dute beren soldata kobratzen euskaldunoi errieta egiteko, noizean behin euskarazko film bat eman eta audientzia txikia izan duela esateko. Ekimen iraunkorrak behar dira, eta sustapen handia eta etengabea».

«Primeran plataformaren estrategia du EITBk, baina hori hala izanda ere, normalizazioaren ikuspegitik hori ez da kontrajartzen ETB1en ere fikzioa ematearekin».

 IDURRE ESKISABELEuskalgintzaren Kontseiluko idazkari nagusia

Idurre Eskisabel Euskalgintzaren Kontseiluko idazkari nagusiak esan du 86-1 datu hori «kezkagarria» eta «adierazgarria» dela. «ETBko zuzendariak esan izan du ikerketak egin dituztela, eta datuek erakusten dutela ETB1en zinemak emateak ez duela arrakastarik izaten». Iparragirrek azaldu izan du fikzioa Primeran plataforman emango dutela, eta ez ETB1en. Baina horren aldean, Eskisabelek uste du egoerak bestelakoa behar lukeela: «Primeran plataformaren estrategia dago, baina hori hala izanda ere, normalizazioaren ikuspegitik hori ez da kontrajartzen ETB1en ere fikzioa ematearekin». Izan ere, Kontseiluko ordezkariaren arabera, hizkuntza bat normalizatuko bada eremu guztietan jasoa egon behar du, ispilu eta erakusleiho izan behar du ezinbestean,. «Eta euskarazko telebista jeneralistan zinema ezabatzen bada, fabore txikia egiten zaio prestigioa emate horri eta normalizaziorako behar duen presentzia eta bultzada horri».

TVGn eta TV3en ez da hala

Galizian PPk urteak daramatza Xuntan, eta TVG telebista katean galegoz ematen dituzte pelikula guztiak. TV3 katean katalanez da zinema eskaintza guztia. Valentziako A Punt katean ere, katalanez. ETBn, berriz, gaztelaniaz. Zabaltzak gogoratu du hori ez dela beti horrela izan: «1983-1986ko aldian, ETBn film guztiak euskaraz ziren. ETB2 sortu zuten, eta, pixkanaka, euskarazko film kopurua txikituz joan zen ETBn, eta gaztelaniazkoak handitzen». Buelta eman du egoerak. «Pixkanaka berotzen den uretan bezala, igela egosi egin da, eta euskarazko filmak desagertu egin dira oharkabean».

EITB Hitzartu taldeko ordezkariaren iritziz, Primeran plataforma «abiapuntu ona» da. «Hala ere, hori ez da aitzakia ETBn euskarazko filmei jarria zaien betoari eusteko. Galiziako, Kataluniako eta Valentziako telebista publikoak ispilu ditugu, eta bueltatzen diguten irudia penagarria da».

Eskisabelek, bestalde, ohartarazi du ez dela kasualitatez iritsi egungo eskaintza desorekatua. «Egoerara ez gara iritsi ausaz. Zinema euskaraz ez emateak ekartzen du jendearen ohitura falta eta desafekzioa. Hori etengabe gertatzen da, eta ez zaio erremediorik jartzen. Txirikordatu egiten da guztia». Bidenabar, gogoratu du bikoiztaileen sektorean galera gertatu dela. «Giza baliabideetan arazoak sortu dira, sektorea bertan behera erortzen utzi delako».

2023ko maiatzaren 20an, EITBren egoitzaren aurrean elkarretaratzea egin zuten, Stop betoari! Nazioarteko filmak euskaraz! lelopean —hainbat eragileren babesa jaso zuen—. «Orduan bezala, eskatzen dugu jarritako betoa kentzeko, eta ETBn filmen erdiak euskaraz izan daitezela, eta pixkanaka igotzen joan daitezela».

Iazko udazkenean, ETB1ek Zinea Zetaz saioa eman zuen. Hamabi aste iraun zuen, baina abenduan kendu egin zuten programaziotik. Gaizka Izagirrek galdera hau egin zuen BERRIAn abenduaren 27ko zutabean: «Benetako apustua izan da ala, ia gehienetan gertatzen den moduan, kuota betetzeko eta denboraldi batez atakatik ateratzeko egin dena?».

ETB2 kateko La noche de... zinema saioak 29 urte daramatza programazioan, etenik gabe. Bertan sekula ez dute film bat euskaraz eman.

'20.000 especies de abejas'

Primeran plataformak, beste alde batetik, Estibaliz Urresola zuzendariaren 20.000 especies de abejas filma jarri du bere katalogoan, doan. EITBk joan den astean iragarri zuen esklusiban euskaraz estreinatuko zuela filma. Zer bertsio ikus daiteke bada plataforman? Bertsio originala (elkarrizketen %70 baino gehiago gaztelaniaz dira), eta euskarazko azpidatziak gaineratu dizkiote. BERRIAk jakin duenez, ez dute osorik euskarara bikoiztu oraindik. Aldiz, euskarazko elkarrizketak gaztelaniara bikoiztuak daude Espainiako TVE telebistarentzat, bertan estreinatzen dutenerako. Edonola ere, bertsio originala esklusiban Primeran-en dagoela ez da egia, Movistar Plus plataforman bertsio original hori ikusteko aukera dago eta. Beste plataforma batzuetan, berriz, ordaindu egin behar da filma ikusteagatik.

Urresolaren pelikulak, bitartean, sariak pilatzen jarraitzen du. Atzo gauean katalanezkoa ez den film onenaren Gaudi saria eraman zuen. Naizen elkarteak ere filma saritu du berriki. Datorren larunbatean, berriz, Goya sariak banatuko dituzte, eta Urresolaren pelikulak hamabost hautagaitza ditu.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.