ETBk Gasteizko Plaza Berritik emango ditu gaur kanpaiak

Gauerdiak jo ostean, Aiora Renteriak eta Francisek 'Corazón de tango' abestia kantatuko dute elkarrekin Santa Maria katedralean. Hamaikan, berriz, Urdiaindik egingo diote ongietorria urte berriari.

Francis Doctor Deseoko kantaria ETBn ariko da gauerdian. ARITZ LOIOLA / FOKU
Francis Doctor Deseoko kantaria ETBn ariko da gauerdian. ARITZ LOIOLA / FOKU
urtzi urkizu
2025eko abenduaren 31
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

ETB1 eta ETB2 kateek zuzenean emango dituzte gaur Urtezahar gaueko kanpaiak, biek toki berean: Gasteizko Plaza Berrian. Musika, suak eta hainbat ezusteko izango dituzte, 2026. urteari ongietorria egiteko. Euskarazko katean, Ilaski Serranok eta Xabier Usabiagak aurkeztuko dituzte kanpaiak. Gaztelaniazkoan, berriz, Sara Gandarak eta Africa Baetak. 

Gauerdiko kanpaien ondoren, ezusteko handietako bat iritsiko da: Zea Mayseko Aiora Renteriak eta Doctor Deseoko Francisek Corazón de tango abestia kantatuko dute Gasteizko Santa Maria katedralean.

EITBk deia egin die herritarrei, 23:00etatik aurrera Urtezahar gaua Arabako hiriburuan ospatu dezaten.

Era berean, ETB1ek Biba 2026 gala berezia emango du gaur: lehen partea 22:25ean hasiko da. Kanpaien emankizunaren ostean ekingo diote berriro, 00:10ean. Besteak beste, Nogen, Gatibu, Mirua, Korrontzi, Puro Relajo, Neomak, Gozategi, Joselu Anaiak, Sukena, Bengo, Xiberoots, Xsakara, Aimarz eta Maruxak ariko dira kantuan.

Hamaikan, Urdiaindik

Hamaika telebistari dagokionez, 2026. urteari ongietorria egiteko saioa Urdiainen (Nafarroa) egingo dute. Hamaikak iragarri duenez, ur goiena, ur barrena izeneko antzinako errituarekin hasten dute urte berria herri horretan. Hainbat belaunalditako herritarrek kontatuko dute Hamaikaren kameren aurrean erritua zertan datzan eta nola transmititu den. Horiek horrela, ur fresko eta berriarekin topa eginez eta koplak kantatuz hasiko dute urtea Hamaika telebistan, Urdiaingo herritarrekin batera.

Urdiainen urteko azken saioa Hamaikan
Hamaika telebistakoek Urdiainen egingo dute 2026ari ongietorria egiteko saioa. HAMAIKA
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.