Une zailak dira telebista konbentzionala egiten dutenentzat. Lehendik ere jakina da telebistan porrot egiten dutela estreinatzen diren lau saiotik hiruk —gutxi gorabehera—. Udazken honetan ETBri gertatu zaiona da horren erakusle: estreinatu dituzten saio gehienek ikusle datu eskasak izan dituzte. Horietako batzuk espero baino lehenago kendu dituzte programaziotik. Beste batzuk mantendu egin dituzte, baina pentsatzekoa da ez dutela jarraipenik izango 2024. urtean.
Udazkeneko porrot handienetako bat Esta casa es una mina lehiaketa izan da. Julian Iantzik aurkeztu du, eta ikusle datu oso txikiak izan zituen. Aste batzuetan %2tik behera ibili zen, eta, azkenerako, kendu egin zuten programaziotik. ETB2 katean porrot egin duen beste programa bat Akelarre-ren bersio berria izan da: aurkezleak aldatu zituzten, eta denboraldi berrian Nerea Garmendia, Ana Goitia eta Tania Llasera jarri zituzten aurkezle. Valeria Rosek saioa aurkeztu zuenean ere saioak ez zituen ikusle datu onak, baina oraingoan telebistak pazientzia gutxiago izan du, eta berehala kendu du.
ETB2 kateko beste apustu batzuk ere ez dira ondo atera. Datu oso eskasak izan ditu, adibidez, Helena Resanok aurkeztutako 12 líderes programak. La Caza izeneko reality-a apur bat hobeto ibili da, eta finalera iritsi da, bederen, baina ez du aparteko oihartzunik izan. Esanguratsua da finalaren datua: %3ko ikusle kuota —azaroan, ETB2k %7,6ko kuota izan zuen—. Zaila izango da programa horiek guztiek denboraldi berririk izatea.
ETB1 kateko apustuei dagokienez, deigarria izan zen Lotsagabeak saioarekin gertatu zena: lehen bi atalak ETB1en eman zituzten, baina ikusle datu oso txikiak izan zituzten, eta Primeran plataformara eraman zuten. Bikote bionikoa saioa ere ez da datu onik lortzen ari. Ztanda musika lehiaketari dagokionez, estreinaldia txukun joan zen: %2,8ko ikusle kuota; 13-24 urte arteko gazteen artean, %5,3koa. Ondotik ez du aparteko daturik bereganatu, baina ETB pozik dago lortzen ari den emaitzekin. Joan den igandean %1,8ko ikusle kuota izan zuen. Finala urtarrilaren 14an egingo dute. Hurrengo asteetan datu onak lortuz gero, baliteke datorren urtean jarraipena izatea.
ETB1en, ikusle datuak txikiak izan ohi dira, pilota partidetan izan ezik, eta, hortaz, zailagoa da estreinaldien porrotaz hitz egitea. Azaroan, ETB1ek %1,8ko ikusle kuota izan zuen; astegun batzuetan, %1etik behera ibili zen katea.
Ziurtzat jo daiteke, bestalde, Zinea Zetaz programak ez duela jarraituko urtarrilean. Eman dituzte eman beharreko saioak, eta datorren urtean ez da zinemari eskainitako saiorik izango euskarazko katean. Hamabi atal izan ditu saioak, eta filmek, lehen bi hilabeteetan, %1,1eko batez besteko ikusle kuota izan zuten; aurkezpenen tarteak, %0,7koa. Euskaldun askoren haserrea piztu zuen saio horren lehen emanaldiak, erdaraz emititu baitzuten aurreneko filma, euskarazko azpidatziekin.
Urtarriletik aurrera, ETB1ek Gora bihotzak saioa emango du ostegun gauetan, Zinea Zetaz-ek utzitako hutsunea betetzeko. Igande gauetan, Ztanda-ren tokian, lehenbizi Gure Zirkuari eskainitako saioa iritsiko da, eta ondotik, otsailean, Herri txiki, infernu handi.
Espainiako kateak
Aurten, Espainiako telebista kate nagusiek egin dituzten prime time-ko estreinaldiek porrot egin dute. Horren erakusgarri, hona saio batzuen estreinaldien datuak: Brigada Tech-ek %2,8ko ikusle kuota (La1); Adictos a la pantalla-k, %3,3koa (La Sexta); Vamos a llevarnos bien saioak, %4,8koa (La1); Nada del otro mundo-k, % 5,7koa (La1); %100 Únicos-ek, %7,7koa (Tele5); eta La última noche-k, %8koa (Tele5). Porrot esanguratsua izan zen, bestalde, Tele5ren Cuentos chinos saioarena —Jorge Javier Vazquezek aurkeztu zuen, eta hamar atal baino ez zuen iraun—. Beste saio batzuek datu duina lortu zuten estreinaldiko egunean, baina bigarrenetik aurrera beherantz egin dute.
Salbuespentzat jo daiteke Ramon Garciaren Gran Prix saioa. Hemezortzi urteko etenaren ostean itzuli da uda honetan La1 katearen programaziora, eta oso datu onak lortu ditu. TVEk ziurtatu du datorren urtean berriro egingo dutela programa. Gaur egun, telebista konbentzionalean, saio gutxirekin esan daiteke hori.