EITBren kontsumo datuak: Irratiak (II)

Euskadi Irratia Radio Euskaditik oso hurbil dago entzule kopuruan

2025ean, Euskadi Irratiak 151.000 entzule izan zituen. Radio Euskadik 19.000 gehiago ditu: 170.000. Gazteak, berriz, 117.000 entzule ditu.

EITB taldearen irratiak. EITB
EITB taldearen irratiak. EITB
urtzi urkizu
2026ko otsailaren 11
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

EITBk, bere audientzia datuak emateko orduan, CIESen neurketakoak hartu ditu aintzat irratietako entzule kopuruei dagokienez. Horiek begiratuta, nabarmendu daiteke taldeko euskarazko irratiek oso datu txukunak dituztela. Datu onak dira, gizartearen euskararen ezagutza parez pare jarriz gero.

Urteak dira aipatzen dena gazteek ez dutela irratirik entzuten, irratiaren etorkizuna zaila izango dela... Baina Euskal Herrian, bederen, irrati kontsumoa handia da oso. Prisa komunikazio taldeko SER irratia da Hego Euskal Herrian gehien entzuten dena. EAEn %32,5ko entzule kuota du gaztelaniazko kate pribatu horrek. Radio Euskadik %21,5eko kuota du. Eta Euskadi Irratiak, %19,5ekoa. Hortaz, soilik bi puntu ateratzen dizkio EITBko gaztelaniazko irratiak euskarazkoari. Zenbat da hori entzule kopuruan? Radio Euskadik 170.000 entzule izan zituen 2025ean CIESen arabera, eta Euskadi Irratiak, 151.000. Bien artean 19.000 entzuleren aldea baino ez dago.

Gaztea irratiari dagokionez, 117.000 entzule ditu Hego Euskal Herrian. Mila entzule irabazi ditu aurreko urtearekin alderatuta. Eta irrati formulen artean, EAEn Los40 da gehien entzuten dena: %22,5eko entzule kuota du. Gaztea da bigarrena, %19,5eko kuotarekin. Cadena 100 da hirugarrena, %15eko kuotarekin.

EITB taldeko beste irratiei dagokienez, EITB Musika irratiak 32.000 entzule ditu. Eta Radio Vitoriak, 23.000.

Nafarroan apalagoak dira EITBko irratiek dituzten entzule kuotak: Gazteak %8ko kuota du; Radio Euskadik, %7,5ekoa; eta Euskadi Irratiak, %6koa. Nabarmentzekoa da Gazteak datu hobea duela Euskadi Irratiak eta Radio Euskadik baino. Gorantz doa, gainera, euskarazko irrati formula: puntu eta erdi hazi da 2024tik 2025era. EITB Musika irratiak %1,5eko kuota du Nafarroan.

Irratiak Interneten

Euskal Herrian herritar askok jarraitzen dute irratia modu tradizionalean entzuten. Baina agerikoa da belaunaldi gazteenek gero eta gehiago entzuten dutela Internet bidez. Interneteko sare sozialetan ere jauzi handia egin dute EITBko irratiek azkeneko urteetan, datuei erreparatuz gero.

Instagram da gehien erabiltzen dena EITBko irratien edukiak jasotzeko. Sare sozialen artean, hura da jarraitzaile gehien dituena: EITBko irratiek 119.600 jarraitzaile dituzte Instagramen; X-n, 86.300; Facebooken, 45.100; eta Tiktoken, 31.700.

Gazteak, bestalde, lortu du eremu digitalean hartzaile askorengana iristea. EITBren datuen arabera, Gaztearen populazio digitala 192.000 lagunekoa da. Webgunean 161.000 erabiltzaile ditu, eta Interneteko sare sozialetan, berriz, 113.000 jarraitzaile baino gehiago. Sare sozialetako interakzioak, kasurako, 139.000 baino gehiago izan ziren 2025eko urrian.

Datuen irakurketa horretan ezin da albo batera utzi EITBren Guau audio plataformaren sorrera. EITBko irratiak zuzenean plataforma horretan entzun daitezke; bestetik, irratietako saioak eta programetako atal batzuk noiznahi entzun daitezke bertan; eta askotariko podcastak eta audio liburuak daude entzungai doako zerbitzu horretan. Hain zuzen ere, orotara 1.142 lan entzun daitezke Guau plataforman (atalak 31.000 baino gehiago dira). Euskarazkoak zein gaztelaniazkoak dira plataforma horretako audio lanak.

EITBk 2025eko otsailean jarri zuen abian Guau. Orduz geroztik, milaka herritar erregistratu dira plataforman: abenduan, 34.000 baino gehiago ziren. Kontsumitzaileak, berriz, 106.000 inguru ziren urtearen amaieran. Erreprodukzio orduei begiratuz gero, Ganbara negra gaztelaniazko saioa dago lehen tokian. Bigarrenean, Gaztearen Dida saioa ageri da; eta hirugarrenean, Radio Euskadiko La mecanica del caracol. Euskadi Irratiko saioen artean Baipasa da daturik onenak dituena, eta EITBko guztien artean laugarrena da. Guau plataformak Interneteko sare sozialetan duen sarbideari dagokionez, Instagram gailentzen da alde handiz.  

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.