Igandean herriko bozak dituzte Lapurdin, Nafarroa Beherean eta Zuberoan. Bi itzuliko hauteskundeak izaki, lehen itzulia izango da hilaren 15ekoa; eta bigarren itzulian, herritarrek hilaren 22an eman ahalko dute boza —herri batzuetan ez da halakorik beharko—. Egunotan bozen gaineko askotariko artikulu, erreportaje, elkarrizketa eta iritzi zutabeak ari da argitaratzen BERRIA. Igande honetan, berriz, gaualdi berezia egingo dute elkarrekin BERRIAk, Iparraldeko Hitza-k, Kanaldudek, Euskal Irratiek —Antxeta Irratiak, Gure Irratiak, Irulegiko Irratiak eta Xiberoko Botzak—, Kazeta.eus hedabide digitalak eta Herria aldizkariak.
Emankizun hori 19:00etan hasiko da. Telebistaz Kanalduden ikusi ahalko da, Euskal Irratien uhinetan entzuteko modua ere egongo da, eta Internet bidez BERRIAren eta beste komunikabide horien webguneetan zuzenean jarraitu ahalko da. Lantalde zabala ariko da emankizun hori ekoizten. «Lehia beroa izanen den herrietan, kazetariak eta kamerariak izanen dira, erreakzioak ere biltzeko», azaldu du Jose Luis Aizpuru Euskal Irratietako erredaktore buruak. Kazetariak eta kamerariak hogei herriko etxetan izanen dira iluntze horretan, berehalako informazioa emateko.
Emankizunaren aurkezleak Battitte Crouspeyre eta Arantxa Idieder kazetariak izango dira. Emaitzen azterketa eta analisia egiten ariko dira, bestalde, Eguzki Urteaga soziologoa, Ekhi Erremundegi BERRIAko Baionako egoitzako kazetaria, Kriztof Arotzarena Euskal Irratietako esataria, Goizeder Taberna Kazeta.eus hedabideko kazetaria eta Maite Ubiria kazetari eta analista.
Grafikoak eta bideoak
Emankizun horren aurretik, Euskal Irratiek bozen gaineko lehen datuak emango dituzte 18:00etan hasita; BERRIA Taldeak antolatu duen taula sistema bat erabiliko dute. Ipar Euskal Herrian auzapezak nortzuk izanen diren lehen itzulitik jakin ahalko da horrela, edo zer herritan beharko den bigarren itzulia. Grafikoak, mapak, bideoak eta erreakzioak Iparraldeko euskal hedabideen webguneetan izanen dira ikusgai eta entzungai. Interneteko sare sozialetan ere emango dute bozen berri.
BERRIA emankizun bateratuaren platoan izango da. Baina, horrez gain, webgunean tokian tokiko emaitzen berri emango du luze eta zabal. Ipar Euskal Herriko emaitzez gain, Frantziakoak ere emango ditu euskarazko egunkariak. Hautagaien lehen erreakzioak ere jasoko dituzte.
EITBk albistegietan emango du bozen berri igande gauean, baina ez du saio berezirik egingo. Astelehenean, ETB1eko Egun on saioan Baionatik ariko da Irati Errandonea, eta emaitzak aztertuko dituzte goiz osoan.