Youn Man Kang: «Euskal Herria ezin hobea da nazioarteko websail bat filmatzeko»

Seulgo websailen jaialdia sortu zuen 2015ean. Los Angelesen (AEB) lanean zen ordurako, eta egun LA Web Fest-eko zuzendaria da. Bilbon izan da, Seriesland jaialdian parte hartzen.

Young Man Kang Los Angelesko websailen jaialdiko zuzendaria, azaroaren 7an, Bilbon. MARISOL RAMIREZ / FOKU
Young Man Kang Los Angelesko websailen jaialdiko zuzendaria, azaroaren 7an, Bilbon. MARISOL RAMIREZ / FOKU
urtzi urkizu
Bilbo
2025eko azaroaren 15a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Arte Ederrak ikasi zituen Young Man Kanek (Chuncheong, Hego Korea, 1966). Makina bat film, dokumental eta websail idatzi, ekoitzi eta zuzendu ditu. Sari ugari ere irabazi ditu.

Seoul Web Fest jaialdia duela hamar urte sortu zenuen. Nolakoa izan zen sorrera?

2015. urtean sortu nuen, eta garai hartan K-Web Fest zuen izena, K hizkiak Korea ordezkatzen baitu. Bi urte lehenago, 2013an, lehen aldiz joan nintzen LA Web Festera [AEB]. Han ikusi eta ikasi nuen nola kudeatu daitekeen websailen jaialdi bat. Asian garai hartan ez zegoen websailen jaialdirik. Hortaz, K-Web Fest 2015ean izan zen halako lehen jaialdia Korean eta Asian.

Handik urte batzuetara, utzi egin zenuen jaialdi horren ardura, baina beste batena hartu zenuen AEBetan.

Bai, LA Web Fest jaialdiko zuzendaria hil egin zen, eta jaialdi horren zuzendari bihurtu nintzen. Ordurako baziren urte batzuk Los Angelesen bizi nintzela eta bertan lan egiten nuela. Seulgo jaialdian beste talde bat ari da orain lanean. Websailen jaialdiak kudeatzeko modua antzekoa da toki guztietan, eta Michael Okwudili Ajakwerengandik ikasi nuen hori. Antzeko estiloa dute Seulgo jaialdiak eta Los Angeleskoak, nahiz eta geografikoki oso urrun dauden. Kontua da Los Angelesen dagoela Hollywoodeko erdigunea. Beraz, oso erakargarria da sektoreko profesional askorentzat.

LA Web Fest eredu izan da beste herrialde batzuetako jaialdientzat, ezta?

Bai, lehen Web Fest jaialdia izan baitzen. LA Web Festen bidez, beste herrialde batzuetan websailen jaialdiak sortzeari ekin diote. Gaur egun, 50 Web Fest inguru daude munduan.

Rose of Dollsek eta Oliver Mendek egindako euskarazko websail batzuek Seulgo eta Los Angelesko jaialdietan parte hartu dute. Jada ondo ezagutuko dituzu.

Bai, bai, ni lau alditan etorri naiz Bilboko Seriesland jaialdira. Gero, Euskal Herrian ekoitzitako websail batzuk aukeratu eta Koreako jaialdian eman izan ditugu.

Zer iruditzen zaizu Seriesland?

Txundigarria. Koreako K-Web Fest jaialdira gonbidatu nituen Bilboko antolatzaileak. Eta gero, Koreako jaialdia amaitu ondoren, Bilbora gonbidatu ninduten. Lehenengo aldiz Bilbo bisitatu nuenean, txundituta gelditu nintzen: Guggenheim museoa, kultura, janaria, jendea... Hiri ederra da Bilbo.

Young Man Kang Los Angelesko websailen jaialdiko zuzendaria
Young Man Kang Los Angelesko websailen jaialdiko zuzendaria, azaroaren 7an, Bilboko Azkuna zentroan. MARISOL RAMIREZ / FOKU
Mota askotako filmak eta ikus-entzunezkoak idatzi eta zuzendu dituzu. Zer estilotako lanekin sentitzen zara erosoago?

2000ko hamarkadaren hasieran film luze batzuk egin nituen, eta film tradizionalak zirela esan daiteke. Gero, filmaketa tradizionaletik websailetara pasatu nintzen. Izan ere, 2015ean Los Angelesera joan nintzenean, websailek harrapatu ninduten, eta orain, batez ere, websailak sortzen ditut.

Azken urteotan asko hitz egin da Koreako fikzioaz. Kasurako, Netflixen Squid game telesaila oso ospetsua da mundu osoan. Baina Koreako ikus-entzunezkoen industria Squid game baino askoz gehiago da, ezta?

Oraintxe bertan, K-pop musikak eta korear kantariek arrakasta handia dute munduan, Squid game telesailak baino handiagoa. Edonola ere, bitxikeria bat kontatuko dizut: duela hamalau urte Kimchi Warrior animaziozko lana estreinatu nuen. Animazio korearra zen, janariaz hitz egiten zen, eta nire lehen websaila izan zen. Garai hartan batzuek esan zuten ikuspegi globala zuen animazio korear original bat zela hura. Aurten, berriz, AEBetan KPop Demon Hunters filma estreinatu dute, korear animazioan oinarrituta, eta arrakasta handia izan du.

Seriesland jaialdian koprodukzioez mintzatu zara. Herrialdeen arteko koprodukzioetan zer hartu behar da aintzat?

Koprodukzioetan garrantzitsuena elkarrenganako konfiantza da.

Bazabiltza zerbaitetan egunotan, ezta?

Nazioarteko serie berezi bat egiten ari naiz. Orain arte 27 atal egin ditut, guztiak desberdinak. Bilboko Guggenheim museoaren aurrean ere egin ditut filmaketa batzuk.

Korearen eta Euskal Herriaren arteko koprodukzioren bat egin nahiko zenuke?

Jakina. Asko gustatuko litzaidake hori egitea. Datorren urtean, Donostian eta Gasteizen filmatzea gustatuko litzaidake, baita Gernika-Lumon ere. Euskal Herria ezin hobea da nazioarteko wesbsail bat filmatzeko.

Websailen etorkizunaz zer esango zenuke?

Websailen etorkizuna oso ona izango dela uste dut. Une honetan, formatu bertikaleko websailak ere zabaltzen ari dira telefonoetan eta sare sozialetan ikusteko. Iruditzen zait websailak gero eta ezagunagoak egiten ari direla. Une bikaina da. Eta etorkizuna ere halakoa izango da.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.