Datorren ikasturterako programa berriak prestatzen hasia da Euskal Telebista. Berrikuntza berezienetako bat irailean izango da: Euskal Herria hegan saioa. Bederatzi ataleko sorta bat izango da, bakoitza 50 minutukoa, eta ETB1en zein ETB2n emango dute.
Programaren egileek ikus-entzunezko bide berezi bat proposatu nahi dute saio berriaren bidez: «Gure lurra airez zeharkatuko dugu, eta bere esentzia inoiz ikusi ez den bezala erakutsi. Zentzumenentzako bidaia ikusgarria izango da».
«Naturagunerik ederrenak eta arkitekturarik ikusgarriena» zeharkatzen dituen ikusizko esperientzia bat da Euskal Herria hegan, saioaren ekoizleen arabera, eta bat egiten du historiarekin, bertako biztanleen tradizioekin eta Euskal Herriko txoko bakoitzeko mito eta kondairekin. Musikarien konpainian hori guztia.
Hain zuzen ere, iragarri dute Fernando Velazquezen musika izango dela dokumental sortaren funtsezko osagaia: «Narrazioarekin batera, musikak funtsezko garrantzia du atal bakoitzean». Velazquezek konposatutako jatorrizko soinu banda izango da saioaren atal bakoitzean. «Emozioak eragingo ditu eta giro paregabea sortuko du gure lurreko lekurik ikusgarrienak bisitatzen ditugun bitartean», azaldu du saioko zuzendari Lore Perez de Albenizek.
Paisaia, herri eta hiri tradizional eta ikonikoez gain, Euskal Herria herrialde garaikidea egiten duten eraikin eta egiturak ere bisitatuko dituzte ikus-entzuleek programan.

Atal bakoitzak euskal kantari ezagunen bi emanaldi izango ditu. «Euskal Herriko kulturaren abesti enblematiko eta adierazgarrienak interpretatuko dituzte, talentu emergenteekin eta dantzariekin batera. Ikusgarria izango da, eta audientziaren emozioekin bat egingo du».
Euskal Herriko hainbat eremutan
Gipuzkoan kostaldean ibiliko dira; Bizkaian, burdina eta itsasoa izango dituzte jomuga; Iparraldean, kortsarioak, jauregiak eta mendiak; Araban, mendiak; Nafarroan, Pirinioen eta Bardearen artean ibiliko dira atal batean, eta haran misteriotsuak bisitatuko dituzte beste batean; eta Araba eta Bizkaia artean ere ibiliko dira ardoaren eta arrainaren bidea egiten. Lurraldeetako hiriburuetan ere murgilduko dira.
Musikariei dagokienez, artista hauek ariko dira kantak toki ederretan grabatzen: Kalakan taldea, Anne Etxegoien, Olatz Salvador, Tomas Lizarazu (Bulego), Izaro eta Mikel Urdangarin elkarrekin, Josune Arakistain, Amak, Neomak, Janus Lester, Xabi Solano eta Maren. Celtas Cortos musika taldeak ere parte hartuko du —Euskal Herritik kanpokoa da—.

Programaren istorioen aholkularia Toti Martinez de Lezea da. Juan Manuel Gonzalez Cembellin historialaria ere aholkulari dute. Santi Yaniz, berriz, natur aholkularia da. Gidoilarien artean Maite Esparza dago, eta produkzio burua Michele Fernandez da. Prime time ordutegian emitituko dute ETBko bi kate nagusietan.