Euskal Irratien 'Pentsaketan' bihar itzuliko da

Denboraldi honetan, solaskide finkoak Aitzpea Leizazola EHUko irakaslea eta Peio Jorajuria Seaskako lehendakari ohia izango dira.

Aitzpea Leizazola, Jose Luis Aizpuru eta Peio Jorajuria 'Pentsaketan' saioan. EUSKAL IRRATIAK
Aitzpea Leizazola, Jose Luis Aizpuru eta Peio Jorajuria, 'Pentsaketan' saioan. EUSKAL IRRATIAK
urtzi urkizu
2025eko urriaren 9a
11:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Hilean behin aktualitatetik kanpo den gai baten inguruan modu pausatuan lantzeko solas tarte berezia da Pentsaketan. Joan den ikasturtean jarri zuten martxan Iparraldeko Euskal Irratiek, eta bigarren denboraldia bihar abiaraziko dute. Jose Luis Aizpururen eskutik, bi solaskide gai baten inguruan arituko dira hilean behin. Denboraldi honetan, solaskide finkoak Aitzpea Leiazola EHUko Antropologia Saileko irakaslea eta Peio Jorajuria Seaskako lehendakari ohia izango dira. Jorajuria elkartegintzan ari da egun, eta ondo ezagutzen du Ipar Euskal Herriko gizartea. Leizaola, berriz, makina bat ikerketa egindakoa da.

Euskal Irratiek bihar 08:00etan emango dute denboraldiko lehen atala. Ondotik, euskalirratiak.eus webgune berrituan bideopodcasta ikusteko modua izango da. Sasoiko lehen atalaren izenburua Plaza eta Erdigunea har dezagun izango da. Komunitatearentzat plazaren garrantzia nolakoa den aztertuko dute solasaldian. Hurrengo hilabetean, berriz, heriotzaren errituaz mintzatuko dira.

Podcasta BERRIAren webgunean ere entzun ahalko da hilabeteko azkeneko ostegunean.

Solasaldi gehiago

Euskal Irratietako ostiraleko solasaldietan, bestalde, Ekhi Erremundegi, Maite Ubiria eta Allande Boutin kazetariak gonbidatuko dituzte —aktualitatearen analisia egingo dute hilabeteko lehen ostiralean—. Politikatik politikara tartean, bestalde, Peio Etxeleku, Nicolas Blain eta Iker Etxepare ariko dira.

Nazioarteko gaien analisia egiteko, berriz, honako lau kazetari hauek izango dituzte Goiz Berri saioan: Mikel Aramendi, David Lannes, Olatz Arrieta eta Mikel Reparaz.

Kulturaren inguruko aktualitatea Itxaro Borda, Katixa Dolare eta Julen Axiarirekin landuko dute astero.

Ondaizuela magazina, berriz, estudiotik kanpo egingo dute bi astean behin: bihar eguerdian Saran (Lapurdi) egingo dute, Ikusi Makusi gaztetxoen literatur azokan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.