Euskal musikari eskainitako podcast bat sortu dute: 'Sona'

Guau plataforman entzun daiteke jada lehen atala: J Martina taldeko Ane eta Kattalin Barcena elkarrizketatu dituzte.

'Sona' podcasta. EITB
'Sona' podcasta. EITB
urtzi urkizu
2026ko maiatzaren 6a
09:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

«Helburua da Euskal Herriko mapa musikala osatzea». Hala iragarri du Jokin Bereziartua musikazale eta Sona podcast berriko aurkezleak. EITBren Guau audio plataforma digitalak aste honetan estreinatu du euskal musikari eskainitako podcast hori, eta, lehen atalean, J Martina taldeko Ane eta Kattalin Barcena gonbidatu dituzte.

Hamar atal izango ditu Sona-ren lehen denboraldiak. Bereziartuak, besteak beste, talde eta musikari hauek gonbidatuko ditu podcastera: Kaparrak, Julen Goldarazena Flako Fonki, Silitia, Mirotz, Maruxak eta Odei Barroso. Asteazkenero atal bat sareratuko du Guauk.

Saio bakoitzaren ardatza elkarrizketa izango da. Baina solasaldiak hainbat ertz izango ditu. Batetik, gonbidatuen jatorri pertsonal eta artistikoan murgilduko dira; haurtzaroko erreferenteak aztertuko dituzte, eta gaur egun musikari gisa dituzten erronkak, tentsioak eta ikuspegiak plazaratuko dituzte. Era berean, musikarekin, generoarekin, hizkuntzarekin eta lurraldearekin dituzten harremanak azalduko dituzte.

Kontzertu baten prestaketa giroan, artistek beren zuzenekoaren atzealdea erakutsiko dute. Musikariek bi abesti interpretatuko dituzte: beren errepertorioko abesti bat, eta euskal artista baten kantaren baten bertsio bat. Horrez gain, «jolas eta dinamika arinek» ere izango dute lekua podcastean, hala nola galdera azkarrek. Horrez gain, euren bost kantu gustukoenen zerrenda ere osatuko dute.

Abao komunikazio agentziak ekoitzi du Sona, EITBrentzat. Zuzendariak Miren Arregi eta Nekane Muñoz dira, eta gidoilarien artean Amets Aranguren eta Arkaitz Biain daude. Arrasateko (Gipuzkoa) taberna batean egin dituzte grabaketak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA