Izaro Arruti hizkuntzalariak Dylan Inglis eskoziar euskaldun berriari lehen atalean azaldu dio aspaldian ikusi gabeko lagun edo ezagun euskaldun batekin topo egitean, nola jokatu behar duen, eta zer aitzakia jarri joan behar duenean. Halako eguneroko gaiei buruz euskara errazean hitz egingo dute Hitzerraz bideopodcast berrian. EITBren Guau audio plataforman ikusgai dago lehen atala, eta beste plataforma batzuetan ere zabaldu dute. Atal laburrak dira, sei eta zortzi minutu artekoak, eta A2 eta B1 mailetara egokituta daude. 50 atal sareratuko dituzte, astean bat.
Elkarrizketa labur eta arinen bidez, euskara entzuteko, esamolde berriak ezagutzeko eta hizkuntzan konfiantza hartzeko aukera eman nahi diete euskara ikasten ari direnei edo jakin bai baina hobetu egin nahi dutenei.
Arruti bera da Hitzerraz-eko zuzendaria. Gidoiak, berriz, Aitzol Barandiaranenak dira —hainbat podcastetan aritu izan da gidoilari—. Iñaki Beraetxe arduratzen da soinuaz, eta Oier Markutegi muntaiaz. Ekoizlea Joxe Felipe Auzmendi da; haren On Time ekoiztetxearen bidez egin dute. Arteaz eta irudiaz Lander Ayllon eta Mara Narro arduratu dira. Proiektuak HABEren lankidetza izan du.
Bilbon aurkeztu dute gaur bideopodcast berria. Bertan izan dira Ibone Bengoetxea Eusko Jaurlaritzako lehendakariorde eta Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburua, Jokin Azkue HABE Helduen Alfabetatze eta Berreuskalduntzerako Erakundeko zuzendaria eta Maite Goñi EITBren Irrati eta Audio zuzendaria.
Inglis euskaldun berria, naturaltasunez
Hitzerraz bideopodcastaren helburu nagusia euskararen ahozko ulermena indartzea da, «hizkuntzarekin ohitura eta konfiantza handiagoa hartzen lagunduz». Hala azaldu du gaurko agerraldian Goñik. Horretarako, atal bakoitzean eguneroko bizitzarekin lotutako gai bat jorratuko dute, elkarrizketa baten bidez. Hiztegia, hizkuntza egiturak eta esamolde erabilgarriak modu errazean eta testuinguru jakin batean landuko dituzte bertan.
Arruti ETB1 kateko ikus-entzuleek ezagutzen dute, Tribuaren berbak saioko azken bi denboraldietan aritu baita aurkezle, Kike Amonarrizekin batera. Inglis, berriz, eskoziarra eta euskaldun berria da. Euskara ikasteko prozesua bertatik bertara ezagutzen du. Gertutasuna, naturaltasuna eta umorea baliatuko dute bien arteko solasaldietan. Eguneroko egoerak eta bizipenak partekatuko dituzte, ikus-entzuleek euskararekin harreman errazagoa eta atseginagoa izan dezaten.
Egitasmoaren sustatzaileek ohartarazi dute Hitzerraz ez dela euskara eskola bat, euskaraz gozatzeko eta hizkuntza praktikatzeko beste modu bat baizik. Elkarrizketak entzunez, hizkuntzaren erritmoarekin, ohiko esamoldeekin eta eguneroko erabilerarekin ohitzeko aukera eskainiko du.
Guau plataforman ez ezik, Youtuben, Spotifyn, Apple Podcats plataforman eta Ivooxen zabalduko dituzte atalak.