Euskal Herrian lanean ari diren erakunde eta eragile batzuen ordezkariekin euskararen gaur egungo egoeraz hitz egingo dute bihar gauean ETB1eko Tribuaren berbak saioan.Â
Kike Amonarriz Gorria Tolosakoa da (Gipuzkoa), eta herri hartako udaleko euskara teknikaria elkarrizketatuko du: Garikoitz Goikoetxea. Azken urteetan euskarak zertan egin duen aurrera eta zertan atzera aztertuko du Goikoetxeak. Iñaki Iurrebasorekin Esnatu ala hil. Euskararen oraina eta geroa, diagnostiko baten argitan liburua idatzi zuen iaz tolosarrak. Amonarrizekin batera, aurrera begira euskarak dituen erronkak azalduko ditu Goikoetxeak.
Ibone Bengoetxea Eusko Jaurlaritzako lehen lehendakariorde eta Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuarekin, Jauzia gara Jaurlaritzaren estrategiaz mintzatuko dira saioan. Euskararen erabilera areagotzeaz eta eragileekin batera egin beharreko «jauziaz» mintzatuko da sailburua.
Euskal Hirigune Elkargoaren lehendakariorde eta Hizkuntza Politiken arduradun Antton Kurutxarri elkarrizketatuko du Izaro Arruti Agirreurretak. Elkarrizketa horretan, Ipar Euskal Herrian euskarak duen egoeraz hitz egingo dute. Pirinio Atlantikoetako prefetak zenbait udalen ebazpenak auzibidean jarri izana ere aztertuko dute.
Juan Kruz Lakasta Euskalerria Irratiko koordinatzailea izango da beste elkarrizketatuetako bat. Nafarroako zonifikazioa eta euskararen aurka dauden diskurtsoak izango dituzte hizpide. Euskararen inguruan garatu diren azpiegiturak eta ekinaldiak ere ahotan hartuko dituzte. Euskaraz egiten duten hedabideen ekosistemaz ere ariko dira.

Kaleko herritarren ikuspuntua ere jasoko dute biharko programan, inkesten bitartez. Atalak Non gaude? du izenburu.
Solasaldi bat herri eragileekin
Administrazioko hizkuntza eskakizunek eta horien inguruan azkenaldian izan diren eztabaidek lekua izango dute saioan. Horretarako, bi ikuspegi kontrajarriko dituzte: Serafin Zubiri Euskara Denontzat elkarteko ordezkariarena eta Pello Igeregi ELA sindikatuko Euskara arduradunarena.
Saioa osatzeko, euskararen inguruan lanean ari diren herri mugimendu eta gizarte eragileen ordezkari batzuen iritziak jasoko dituzte. Solasaldi batean elkartuko dituzte Jasone Mendizabal Taupa mugimenduko koordinatzaile nagusia, Manex Mantxola Euskalgintzaren Kontseiluko koordinatzailea eta Gorka Torre Euskal Herrian Euskaraz mugimenduko kidea. Gaur egungo egoeraren diagnostikoa egiteaz gain, euskara XXII. mendera eramateko egin behar den ahaleginaz solastatuko dira. Erakunde bakoitza zertan ari den azalduko dute, bidenabar. Agintarientzako eta herritarrentzako eskaera zuzen eta zehatzak egingo dituzte Mendizabalek, Mantxolak eta Torrek.