Aner Ansorena: «Euskarazko komunikabideekin lan egiteko gogotsu nago»

Asteazkenetik aurrera, Ansorenak 'Anerlisiak' bideo bertikal laburrak egingo ditu BERRIAren sare sozialetarako.

Aner Ansorena, iazko abuztuan, Lekunberrin. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
Aner Ansorena, iazko abuztuan, Lekunberrin. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
urtzi urkizu
2025eko azaroaren 10a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Komunikazio politikoan ari da lanean Aner Ansorena (Lekunberri, Nafarroa, 1995). Gaztelaniazko bideoekin jarraitzaile asko bildu ditu, eta ideologia askotako bezeroak ditu. Aste honetatik aurrera, BERRIAn ere ariko da euskarazko bideo laburrak zabaltzen, batez ere Tiktoken eta Instagramen.

Zer izango dira Anerlisiak?

Aktualitatea ulertzeko bideo laburrak izango dira, sare sozialetan zabalduko ditugunak. Euskaraz ere komunikazio politikoari buruzko edukia egiten hasteko espazio bat izango da. Ez bakarrik politikaz hitz egiteko, baizik eta aztertzeko zer estrategia dauden politika batzuen atzean. Nolabait, zailak egiten zaizkigun edukiak sinplifikatzeko eremu bat sortuko dugu.

Albiste faltsuak, politika, desinformazioa, adimen artifiziala... hori guztia loturik al dago gaur egun?

Bai. Gazteen %63k lehentasuna ematen diote sare sozialetan ikusten duten informazioari. Badakigu, toki guztietan bezala, hor jende ona eta jende gaiztoa dagoela. Estrategiak daude bakoitzak bere helburuak lortu ahal izateko, batzuk zintzoak eta beste batzuk ez hain zintzoak. Albiste faltsuak presente daude egunerokoan, eta dena dago erlazionatuta. Adimen artifiziala, ongi erabiliz gero, oso ondo dago; baina gaizki erabilita, kaltegarria da oso, eta hori guztia landuko dugu Anerlisiak bideoetan. Jendeak ikus dezan zerbait egia ala gezurra den ere.

Esaten da iraganean ere bazirela albiste faltsuak. Baina egun sare sozialekin oso bizkor zabaltzen dira. 

Kontua da galdu egin dugula erakundeetan, hedabideetan... genuen konfiantza, eta nolabait ez dugu sinesten esaten diguten guztia, iturri ofizialetatik datorrenean. Baina, gero, morboa ematen duen zerbait zabaltzen duen norbanako bat ikusten dugu, eta horri ematen diogu egia den lizentzia. Lehen kanal gutxiago zeuden, baina egun edonork zabaldu dezake albiste faltsu bat. Bestalde, terraplanistak existitu egiten dira eta arlo guztietan daude.

Lehendik ere egiten dituzu antzeko bideoak, gaztelaniaz. Uste duzu BERRIAko bideoen bitartez bestelako publiko bat bilduko duzula?

Euskarazko komunikabideekin lan egiteko gogotsu nago. Lekunberrin hala hasi nintzen, euskal hedabideetan: irratia eta telebista euskaraz egiten. Baina egia da Espainian eta Latinoamerikan lan egiten dudan aldetik edukiak gaztelaniaz egiteko hautua egin nuela. Izan ere, bezero asko dauzkat hemendik kanpo. Baina ETBn eta euskal irratietan euskaraz aritzen naiz, eta BERRIAko aukera hau modu bat da edukia euskaraz sortzeko. Ez dakit publiko bestelako publikoetara iritsiko naizen, baina euskal komunitateari nire ikuspegia edo laguntza emango diot; eztabaidarako tarte bat, alegia. Pozik nago horrekin.

Aner Ansorena BERRIAko kolaboratzailea
Aner Ansorena BERRIAko kolaboratzailea, iazko abuztuan, Lekunberrin (Nafarroa). JAGOBA MANTEROLA / FOKU
Komunikazioak zer ezaugarri izan behar ditu halako bideoetan?

Jendea harrapatzeko zerbait izan behar du, erabiltzaileek hiru segundoan aukeratzen baitute bideo hori ikusiko duten ala ez. Gaiak ondo landua egon behar du hasieratik, interesa piztu behar du jendearengan. Egitura bat izan behar du, jarraitzeko erraza. Eta zerbait esan beharra dago. Hasiera-hasieran promes bat egiten baldin bada, gero xehatuz joan behar da, eta ikusleak ikusi behar du zerbait ematen zaiola. Bideoak erabilgarria izan behar du. Niri ez zait gustatzen lezioak ematen ibiltzea, baina mezu indartsuak ematea garrantzitsua da, hartzaileari pentsarazteko. Iruditzen zait ikuspegi kritikoa galtzen ari dela gure herrian, eta horri buelta bat eman behar zaio. 

Halako bideo laburrek arrakasta handiagoa dute luzeek baino. Zergatik?

Oso erraz ikusten ditugulako. Eta adikzio puntu bat sortzen digutelako. Azkartasunaren munduan ari gara, oso bizkor kontsumitu nahi dugu dena. Bideo laburrak erraz ikusten dira, erritmo bizia dutelako, mezu sinpleekin jolasten direlako, eta unibertso horretan gaudelako. 

Napolitan Victory Awards-etan gazte lidergoaren saria eman zizuten iaz. Aurten beste bat eman dizute. Pozik egongo zara, ezta?

Bai, aholkulari hasiberriaren saria eman didate, eta oso pozik nago. Etxean egindako lana nazioartean aitortu didate, eta bide onetik noalako mezua jaso dut horrela. Izan ere, aholkulari politikoaren lana oso bakartia da berez.

Komunikazio politikoa egun nola saltzen dela esango zenuke?

Ikusten da bideo laburrak egin behar direla. Espainiako Gobernuko ministro batzuek kontuak zabaldu dituzte Tiktoken. Duela urte batzuk, irudipena zen sareetan soilik gazteak zeudela, baina hori ez da egia. Jende helduak ere eduki motzak ikusi nahi ditu. Aldaketa dator: bideo laburrak eta mezu motzak.

Komunikazioan zer ez da egin behar sekula?

Gezurra esan. Hori garrantzitsua da. Carlos Mazon Valentziako Generalitateko presidentearen kasuan ikusi dugu, adibidez. Gezur txikia bada ere, hobe da ez esatea.  

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.