Audiogintzaren aldeko apustua egin zuen duela urte batzuk Oier Aranzabal Etxebarriak (Bilbo, 1988), eta, beste lagun batzuekin batera, Ulu Media ekoiztetxea sortu. Askotariko lanak egiten ari dira hartan: podcastak, soinuzko fikzio lanak, publizitatea, postprodukzioa eta bikoizketa. Beste herrialde batzuetako sortzaile eta ekoizleekin ere hasiak dira lanean.
Kolonbiako La No Ficcion ekoiztetxearekin elkarlanean egin duzue Tucan Air. Joan den asteburuan Madrilen aurkeztu ostean, Podcast Geltokia ekitaldian aurkeztuko duzue gaur, Tabakaleran. Fikziozko audio ekoizpen bat da. Nolakoa da?
Guretzat garrantzi handia du.
Zergatik?
Geure buruari helburutzat jarri geniolako soinuzko fikzio lan bat egitea distopiatik kanpo. Egia da Artxipelagoa, Holobiontea eta Test zientzia fikziozkoak izan direla, baina umorera salto egin nahi genuen. Friends ez dago audioan...
Bada beste arrazoirik?
Hasieran, RTVEk erosi zigun proiektua. Castinga ere haiekin egin genuen. Baina, RTVEko komitera iritsi zenean, dituzten tirabirak tarteko, atzera bota zuten. Macarena Gomez eta Gorka Otxoa aktoreak lotuta geneuzkan, eta erabaki bat hartu behar genuen. Aurrera egin genuen azkenean. Eta erabaki kontziente bat izan zen, zeren Ulu Mediaren epe luzerako estrategian zentzua du: besteentzat ekoizteaz gainera, gure sorkuntza propioak ekoizteko espazio bat topatzea.
Pauso batzuk eman dituzue horretan azkenaldian.
Bai. Horren emaitza dira Ulua hedabidea eta Lapurdiko Gure Irratiarekin elkarlanean sortutako haurrentzako fikzio lana, Lula otsoa. Baita gaztelaniazko Tucan Air ere. Azken horretan, gure bokazioa zen Kolonbiarekin harremana egitea.
Eta nola joan da harreman hori?
Madrilen, Estacion Pocast ekitaldian,feeling-a sortu zen Kolonbiako Juan Serrano ekoizlearekin, eta elkarrekin hasi ginen lanean: koprodukzio bat sinatu genuen. Tucan Air-eko Kolonbiako aktoreak punta-puntakoak dira, herrialde hartan oso ezagunak. Eta Euskal Herrikoak Gorka Otxoa eta Asier Hormaza dira. Erronka handia zen finantzaketa eskuratzea, eta Espainiako Kultura Ministerioaren laguntza bat lortu genuen. Horrekin eta gure fondo propioekin, lortu genuen proiektua gauzatzea.
Kolonbian noiz aurkeztuko duzue?
Udazkenean, eta gu han izatea espero dugu. Esango nuke proiektua kolonbiarra dela, Euskal Herrikoa edo Espainiakoa baino gehiago.
Soinuzko fikzio lanetan, zer gako ditu umoreak?
Umorea oso genero zaila da fikzioan. Kultur erreferenteek garrantzi handia dute. Euskal erreferente bat sartu dugu guk: Anjel Alkainek jarriko dio ahotsa euskal sukaldari ezagun bati. Askotan ez da erraza komunitate desberdinen artean umorea egitea, baina, zailtasunak zailtasun, lortu dugu Atlantikoa zeharkatzen duen proiektu bat egitea. Eta, horrez gain, euskarazko gure proiektuak beste hizkuntza batzuetara eraman behar izaten ditugu, eta gustatuko litzaiguke bidaiatzea.
Horrekin lotuta, baduzue albisteren bat emateko, ezta?
Bai, Artxipelagoa komikia AEBetan argitaratuko dute ekainean, ingelesez. Sekulako lorpena da. Gainera, Artxipelagoa animaziozko saio ere bihurtuko da, eta, horretarako, Kanaria uharteetako ekoiztetxe handi batekin hasi gara lanean. 2027aren bukaeran amaitzea espero dugu.

Podcast Geltokian Tres lágrimas ere aurkeztu zenuten atzo.
Guau plataformarentzat euskaraz ekoitzi dugun Ainguratuak soinuzko fikzio lanaren gaztelaniazko moldaketa da. EITBk berak erabaki zuen gazteleraz ere ekoiztea.
Lan horretan, Angela Lopez Irabazi arte telesaileko aktoreak jartzen du ahotsa, besteak beste. ETBko gazteen telesailetako aktoreengana jotzen ari zarete.
Bai, ETB aktoreen eskola bat da eta. Garai batean Goenkale-rekin izan zuen bezala, azkeneko urteetan ere badu aktore harrobi bat, Go!azen eta Irabazi arte telesailekin lotua. Eta guretzat oso interesgarria da proiekzio handia duten aktore berriekin lan egitea.
«Netflix plataformak adierazi digu borondatea duela euskaraz ekoizteko bolumena handitzeko»
Podcast Geltokia ekitaldian aktiboki parte hartzen ari zarete. Podcasten zaleentzat goxoki bat da halako ekitaldi bat Donostian egitea?
Luxu bat da, bai. Ulu sortu genuenean, helburutzat jarri genuen Euskal Herrian erreferentziazko jaialdi bat edukitzea, betiere euskaraz egindako podcastgintza oinarri hartuta. Guk ez genuen lortu antolatzea. Baina, orain, Estacion Podcast jaialdia hona ekartzea lortu da. Eta gu laguntzaile eta orientatzaile gisa ari gara horretan. Lehen saiakera da hau. Nahiko genuke, ahal baldin bada eta ekitaldia egiten bada, datorren urtean eragile gehiagok parte hartzea. Geroz eta hedabide gehiago baitaude Euskal Herrian audioa ekoizten dutenak.

Netflixen irizpideen arabera homologatutako estudio bat jarri duzue Oriako egoitzan.
Duela hiru urte jarri geunen lehen estudioa. Lekua handituz joan da, eta orain sei estudio ditugu: 400 metro karratu. Gure ekoizpenak grabatzeaz gain, publizitate lanak eta ikus-entzunezkoen postprodukzioa ere egiten ditugu. Bikoizketa estrategikoa da guretzat.
Zergatik diozu estrategikoa dela?
Sinesten dugulako euskaraz ere kalitatezko bikoizketa behar dela. Horren alde egingo dugu. Eta bide horretan, lortu dugu Netflixen estudio kidea izatea bikoizketarako. Netflixek adierazi digu borondatea duela euskaraz bikoizteko bolumena handitzeko. Eta euskaldun guztiei esango nieke oso garrantzitsua dela telesailak euskaraz ikustea. Netflixen badaude halakoak, gehiago ere egongo dira, eta garrantzitsua da euskaldunok ikustea, batez ere Netflixek ikus dezan egindako lanak baduela erantzuna.
Zer ari zarete bikoizten?
Avatar-en bigarren denboraldia amaitzen ari gara. Irailean Lego One Piece bikoiztuko da gure estudioan. Eta beste batzuk ere etorriko dira.
Zuen ekoizpenei dagokienez, zein da bide estrategikoa?
Asmoa da Euskal Herritik eta euskaraz sortutako lanak garatzea eta beste merkatu batzuetara eramatea. Eredu jasangarri bat sor dezakegu, oinarrian euskarazko sorkuntza duena, eta mundura begira ere pentsatzen duena. Artxipelagoa, adibidez, unibertsala da. Istorioek beste hizkuntza batzuetan bidaiatu dezakete. Lula otsoa euskaraz, frantsesez, gaztelaniaz eta okzitanieraz atera da, eta ingelesez ere egin nahiko genuke.
Denera 92 etxetan sartu zara Barruan gaude elkarrizketa podcastean. Gehiagotan sartuko zara?
Udazkenean egingo dut azkeneko denboraldia. Erabaki dut ehungarren etxearekin amaituko dudala. Pozik nago podcastak egin duen bidearekin, baina zenbaki borobilarekin emango diot amaiera.