Ez dago dena asmatua

Hakka herriaren sukaldaritza deskubritzeko, entretenimendua erabili du Taiwango telebistak, eta irakurketa sakelako telefonoetara eraman dute Herbehereetan. Input konferentzia gaur amaituko da Bilbon.

Yang Lee Taiwango PTS telebistako ordezkaria, gaur, Inputen, Bilbon. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
Yang Lee Taiwango PTS telebistako ordezkaria, gaur, Inputen, Bilbon. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
urtzi urkizu
Bilbo
2025eko maiatzaren 7a
17:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Bada lelo bat esaten duena dena asmatua dagoela. Baina egunotan Bilboko Euskalduna jauregian ikusi ahal izan da ikus-entzunezkoetan oraindik ez dagoela dena asmatua. Irudimenez betetako saio ugari ikusi ahal izan dira Input telebista publikoen konferentzian. Taiwanen, adibidez, sukaldaritza saioei bira bat eman diote: Chef's Unexpected Landing: Hakka Kitchen saioan, askotariko osagaiak erabili dituzte hakka herriaren gastronomia ikus-entzuleei gerturatzeko.

Lee Won-il Hego Koreako sukaldariak bidaia bat hasiko du Taiwanen, hakka herriaren jakiak dastatzeko asmoz. Hainbat bidaide aurkituko ditu saioan zehar: K-pop musikako kantari bat, mahai teniseko txapeldun bat, youtuber bat eta Netflixen oihartzun handia lortu duen aktore bat. Azken hori suhiltzailez jantzita azaldu da lehenbizi, laguntza eskaintzen.

Yang Lee Taiwango PTS telebista publikoko ordezkariak egin ditu aurkezle lanak. Baina gero oholtzara igo dira saioko ekoizle Lo I-Li eta O Chia Ying Chu. «Saioa entretenimendu ikuskizun bat da», adierazi du I-Lik. Ez da kasualitatea izan saioko protagonista Hego Koreakoa izatea. «Izan ere, Taiwanen gaur egun indar handia hartu du Koreako kulturak. Modu horretan, ikusleak erakartzeko saiakera egin dugu». Sukaldari protagonistari erronka jarriko diote: hakka sukaldaritzako jatetxea kudeatzea, eta bidean topatu dituen pertsonak izango ditu lagun lan horretan. Saioan umorezko ukituak tartekatzen dira. Badira sakelako telefonoetako elementuak ere: sticker-ak, efektu digitalak... «Saioak ikusle gazte asko erakarri ditu. Sare sozialetako osagaiak sartu ditugu, eta harritu egin gaitu zeinen harrera beroa izan duen», gaineratu du Ying Chuk.

Taiwango telebistako bi ekoizle Inputen
Taiwango telebistako O Chia Ying Chu eta Lo I-Li ekoizleak, gaur, Bilbon. URTZI URKIZU

Oso bestelako proposamenaz mintzatu dira Herbehereetako VPRO konpainiako Annelies Termeer eta Anne Linde Munsterman: The Bookmarker Club. Liburuen irakurketa sakelako telefonoan eta modu partekatuan egiteko proposamen berezia sortu dute Herbehereetan; bereziki, nerabe eta gazteak irakurketara gerturatu daitezen. «Erabiltzaileek talde txikiak sor ditzakete, vlog erako bideoak daude, liburuen gaiekin lotutako bideo luzeagoak, Interneteko sare sozialetako edukiak...», azaldu du Munstermanek. Funtsean, liburuekin interakzioa sortu nahi dute. Aplikazioak 25.000 deskarga baino gehiago izan ditu. Instagramen, berriz, 19.000 jarraitzaile baino gehiago dituzte.

Animazio bertikala

Alemaniako Alain Bieber ekoizleak Tiktok sare sozialerako sortu duen animaziozko egitasmo baten berri eman du: Untitled 3000. Egunotan Bilbon ikusi diren saio gehienak formatu horizontalekoak izan dira, baina bertikala da Alemaniako saio horren formatua. 

Bi dimentsiotako animazioa eta hezur-haragizko aktoreen eszenak uztartzen ditu, bestalde, Israelgo Flashback Studio saioak. Shirley Oran ekoizleak aurkeztu duen atala Houdini magoaren ingurukoa izan da. Azaldu duenez, neska-mutikoengana istorio unibertsalak zabaltzen saiatzen ari dira programa horren bitartez. Ataletako beste gai batzuk txokolatea, komunaren sorrera eta saskibaloia dira. Lehen denboraldiak hogei atal izan ditu.

Israelgo telebista publikoak beste hiru saio eraman ditu Bilbora: Picture This, Remnants eta Water Tower Murder. Azken horrek adimen artifizialarekin egindako animazioa du ardatz, historia dokumental bat izan arren.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.