Hegoi Belategi: «Feedback oso ona ari naiz jasotzen kubatar euskaldunen aldetik»

'Kuba, bizi iraultza' bost ataleko podcasta egin du Belategik Naiz irratiarentzat. Kubako egungo egoera aztertu du, eta atzera begira ere jarri da.

Hegoi Belategi. NAIZ IRRATIA
Hegoi Belategi. NAIZ IRRATIA
urtzi urkizu
Pasaia
2026ko urriaren 30a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

EHUn egin zituen kazetaritza ikasketak Hegoi Belategik (Pasaia, Gipuzkoa, 1992). Master bat ere egin zuen nazioarteko kazetaritzan. Eskertuta dago Naiz irratiarekin, denbora utzi diotelako Kuba, bizi iraultza podcasta mimoz lantzeko.

Kubako oraina eta iragana landu dituzu. Lanketa berezia eskatu al dizu horrek?

Bada, uste nuen baino gutxiago. Batetik, arlo historikoaren lanketan, garaiko dokumentuak eta ahotsak hartu ditugu. Bestetik, uste nuen baino errazago topatu nituen kubatar euskaldunak: Tony Merlan, Alexei Sanchez eta Dana Moya [euskaraz mintzo dira podcastean]. Kubatarrak izan ez arren, Kubarekin atxikimendua duten eta herrialdea ondo ezagutzen duten batzuk elkarrizketatu nituen: Askapenako Jashna Artola eta Euskadi-Kuba elkarteko Endika Guarrotxena. Bestetik, Kubako beste lagun batzuk elkarrizketatu genituen, profil desberdinetakoak, eta Kubako hainbat lorpenetara gerturatzen gaituzte haien lekukotzak.

Podcasta zer harrera izaten ari da?

Badira aste pare bat atal guztiak sareratu zirela, eta entzule kopuruak ez ditut aipatuko. Baina parte hartu duten kubatarrek esan didate pozik geratu direla. Lankideek ere hala esan didate, baita gertuko pertsona batzuek ere. 

Hegoi Belategi Kuban
Hegoi Belategi Kuban. BELATEGIK UTZITAKOA

Une batzuetan, podcastean, Kubaren inguruko gerra mediatikoaz hitz egiten da. Kubako kazetari baten lekukotza gogorra ere entzuten da.

Azkeneko atalean Marxlenin Perez kazetari kubatarrak parte hartzen du. Kazetaria ez ezik, irakaslea eta filosofoa ere bada. Iaz ezagutu nuen, Euskadi-Kuba elkartearen bidez Euskal Herrira etorri zen bisita batean. Gerra mediatikoa dago Kubaren aurka? Bai, erabat. Kuba herrialde deabrutu bat da, baina gure aldetik badaude bi joera: alde batetik, badaude Kubako errealitatea ezagutu gabe zeharo deabrutzen dutenak. Eta beste aldean, badago baita ere ikuspegi ideologizatu batetik topikoei gehiegi jarraitzen diotenak, Kuban bakarrik arlo positiboak ikusi nahi dituztenak: Iraultzaren lorpenetan geratzen direnak. 

Euskal Herritik zer da Kubari buruz nabarmendu beharko genukeena?

Kuba hondamendi humanitario bat jasaten ari da. Eta batez ere blokeoaz hitz egin behar da. Arazoaren jatorrira jo behar dugu, eta podcastean askotan errepikatzen dute hori elkarrizketatuek. Kuba huts egindako estatu bat baldin bada, zergatik jasanarazi haren herriari halako zigor bat, teorian estatu horrek lehertu egin beharko lukeenean?

Podcastaren musika aukeraketa nola egin duzu?

Kantak aukeratzeko arrazoiak bi izan ziren: batetik, freskotasuna ematea eta kronologikoki gaiak ondo kokatzea musikarekin. Eta horrekin batera, belaunaldi jakin batzuk, helduak direnak, identifikatuta sentitzea musikarekin. Baina entzule gazteagoak direnak musikaren bitartez Kubara gerturatzea ere bai. Estilo klasikoak sartu ditugu, baina saiatu gara bestelako doinu ideologizatuago batzuk ere sartzen: Carlos Puebla, Silvo Rodriguez eta abar. 

Hegoi Belategi Kuban
Hegoi Belategi Kuban, iaz. BELATEGIK UTZITAKOA
Gaur egun nola definituko zenuke Kubako herritarren egunerokoa?

Euskal Herrian egonda, oso zaila da definitzea. Ulertu behar da zer dakarren leku batzuetan 48 orduz argirik gabe egoteak: elikagaiak nola gorde, tramankulu asko martxan nola jarri, ura nola ponpatu... Zenbaitetan amorrua eta inpotentzia sentitu izan ditut kubatarrekin hitz egiten. Egoera zein den jakiteko, zeure larruan sentitu behar duzu. Eta akaso klixe bat da, baina kubatarra ez den herri batek zailtasunez jasango luke horrelako zerbait. Irtenbide errazik ez dago, eta, are gutxiago, mundua nola dagoen ikusita. Nahi ala ez, Kuba kanpoko faktoreen menpe dago. Oraintxe bertan erregaia da blokeoaren gako nagusia, eta, erregairik gabe, nola mugiarazi gizarte oso bat?

Aurrera begira, kazetari gisa, Kubaren egoeraren jarraipena egiteko asmoa duzu?

Bai, badaukat. Neure buruari agindu diot konpromiso hori sendotu behar dudala. Baina beste arazoetako bat da beti nabilela herri zapaldu batetik bestera, eta batzuetan zaila izaten da fokua batean behar bezala jartzea. 

Egingo zenuke Kubari buruzko ikus-entzunezko dokumental bat?

Norbaitek laguntzen baldin banau, bai, zalantzarik gabe. Ni prest nago indarrak batzeko, eta norbaitek halako proposamenik egiten baldin badit, aurrera. Noski.

 

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA